Jon Ormazabal
Kirol-erredaktorea, pilotan espezializatua / redactor deportivo, especialista de pelota
Interview
Iker Irribarria
Pelotari ohia
gara-2023-03-15-Entrevista
Argazkia: Gorka RUBIO | FOKU

«Espezialista guztiek gauza bera esaten dizutenean, erabakia ez da zaila, asimilatzea da zaila»

Debutatu eta hilabete gutxira, esku pilota profesionala hankaz gora jarri zuen Iker Irribarriak, 19 urte eskasekin, Buruz Buruko txapela jantzi zuen pilotaririk gazteena bihurtuta. Orain, txapeldun baten agurrik goiztiarrena.

Iker Irribarriaren pilotakadek, bereziki Labriten Aimar Olaizolaren aurkako partidan jotako sotamano ikaragarri hark, sekulako zirrara eragin zuten pilotazaleen artean; eta ez da txikiagoa izan, 26 urterekin, osatu ezinik duen eskuin belaunak hala behartua, kantxak utziko dituela aditzera ematean sortutako lurrikara. Abiadura, dena joan baita oso azkar aramarraren kirol ibilbidean, horixe litzateke haren ibilbidea hitz batean laburtu beharko bagenu aukeratuko genukeen hitza. Elkarrizketa honetan, ordea, patxada apur batekin hitz egin nahi izan dugu berarekin, belaunaz, baina baita kirol profesionalean arlo fisikoa bezain garrantzitsua den osasun mentalaz, presioa kudeatzeaz, «espektatibak ez betetzearen garratzaz». Goierritarrak asko ikasi omen du, eta bere esperientziatik prest legoke bere laguntza behar lukeen edonori emateko.

Azken partidak ikusita, zenbat jendek esan dizu ea ondo pentsatu duzun pilota uztea?

Bueno, askotan. Baina ez dakit nire erabakia bakarrik den. Azkenean, ba, espezialista guztiek gauza bera esaten dizutenean, erabakia ez da zaila, asimilatzea da zaila. Ez dut nik erabaki.

Halako erabaki bat hartzerako, hamaika buelta emango zenizkion gainera.

Bai, dudarik gabe, momentu on batean uztea ere gauza ederra da. Eta esaten dizut, hau boladaka izaten da; izan zitekeen bolada txarra harrapatuta, eta izan ditut, duela ez asko. Baina azkenean niretzat ere ederra da txapelketako azken hiru partidak irabazita bukatzea, aho zapore on batekin.

Ona eta txarra behar du izan era berean, ze berriz ondo zaudela utzi beharra ere...

Bai, lehiakor sentitzen zara, baina egunerokotasunean entrenatzerik ez duzunean, badakizu azkenean ispilatze bat bezalakoa dela. Ezin da urte askotan horrela jarraitu. Azkenean, momentu puntual batean bai eman dezakezula maila ona. Baina egunerokotasunean, ez baduzu entrenatzen eta beste guztiek bai, ba, pixkanaka-pixkanaka atzean geratzen zara azkenean.

Dagoen mailarekin, entrenatuta zaila bada, entrenatu gabe...

Bai, egundoko maila dago. Atzelari ikaragarriak daude; eta aurrelariak, zer esanik ez. Dagoen lehiakortasunarekin zaila da dena ondo egin eta hor goran egotea. Eta muga handiak dituzunean, zer esanik ez.

Noiz hartu zenuen erabakia, aspaldi?

Ba, azkenean ez da erraza momentu bat zehaztea, ez da egun bateko kontua. Saiatzen zara, albiste txarrak ematen dizkizutenean, beste mediku batengana joaten, saiatzen zara beste hiru, lau edo bostengana joaten, baina denek oso antzeko gauzak esaten dizkizutenean, orduan hasten zara pentsatzen. Ez da denbora asko azken espezialistarengana joan naizena. Baina Eguberriak pasatu eta kontratuaren kontua etorri zen; kontu garrantzitsuez hitz egiten ari zara, eta ikusita ze mugak ditudan, ba, uste dut beste aukerarik ez dela geratzen.

29-05-2016. Con 19 años se convierte en el pelotari más joven en ganar la txapela del Manomanista. Monika del Valle | FOKU

Zein izan da tarte honetan unerik gogorrena.

Nik uste, norbera asimilatzen hasten denean. Aurreneko medikuak itxaropen berezirik ematen ez dizunean, bigarrenarengana joaten zara, eta beti daukazu esperantza hori; baina pixkanaka-pixkanaka, bik edo hiruk entzun nahi ez duzun hori esaten dizutenean... Norbera joaten da pixkanaka-pixkanaka, bakarrik dagoenean eta iluntzetan momentu gogorrak pasatzen. Uste dut une gogor asko pasatu ditudala; baina, beste alde batetik, egindakoa hor geratu da. Horrela bukatzearekin, lortutako palmaresarekin eta egindakoarekin, ni behintzat gustura.

Etxekoentzat eta ere ez zen samurra izango. Hainbeste pilotalekutara lagundu zaituen aitonak sufrituko zuen gehien?

Bai, gehientsuenetakoa ziur, nirekin batera. Azkenean emozio zailak izaten dira, digeritu beharreko gauzak; eta hainbeste urtetan hainbeste gozatu dugu, ba orain ikusten da hutsune bat geratzen dela hor, gogorra etxeko guztientzat, dudarik gabe.

Dena joan da azkar zure ibilbidean, oso azkar. Gozatzeko astirik eman dizu?

Bai, bai, ikaragarri gozatu dut. Oso betea izan da nire kirol ibilbidea, zortzi urte profesionaletan oso-oso intentsoak, gorabehera handiekin. Eta zoritxarrez hementxe bukatzen da. Baina intentsitate horrek ere berea ematen du, orain pixka bat gozatzeko ere. Ez dut esan nahi ez dudanik gozatu, baina orain pausa pixka bat izango dut.

Uda izaten da pilotarientzat gozatzeko garaia, eta ez dakit aukerarik izan duzun horretarako?

Bai, nire arazorik handienetakoa izan da partida bakoitza nahiko larri amaitzen dudala eta hurrengo egunetan asko sufritzen dudala. Eta udan hori pasatzen da, ez daukazula atseden hartzeko astirik. Ez da neguan bezala, astero partida bat duzula, edo bi astean behin. Udan tokatzen da sei egunetan lau partida jokatu beharra; eta aurrenekoa nahiko lanekin amaitzen baduzu, hurrengoetan gozatzea asko kostatzen da, eta niri hori gertatu izan zait.

Agurreko prentsaurreko horretan burua ere aipatu zenuen, mentalki ere sufritu duzula. Txapelketako azken partidetan liberatuta jokatu duzula iruditzen zait, eta aurreko askotan, aldiz, presaka bezala, norbaiti zerbait erakutsi beharrarekin ariko bazina bezala.

Beti egon da norberak bere buruari jartzen dion presioa presente. Eta azkenean, halako albiste bat buruan duzunean, nola eman nahi duzun prestatzen duzu; eta hori azaleratuta, ba, norberaren buruak ere lan asko egiten du, eta motxila hori gabe jokatzea ederra izan da. Azkenean ume batek bezala gozatu dut. Nik uste dut sormen talentu guztia hor ateratzen dela, burua lasai duzunean eta ez daukazunean motxilarik bizkar gainean.

Arlo psikologikoak baldintzatu du zure ibilbidea?

Bai. Eta, gainera, oso harro nago arlo horretan lanketa garrantzitsu bat egiteko hartu nuen erabakiarekin. Eta horretan nabil, ez baita hor bukatu. Azkenean, nire ustez, denok pasatu beharko genukeen zerbait bat da; eta ez lotsarekin, harrotasunez baizik. Horretan lanean jarraitu nahi dut. Oraindik bizi luzea dut aurretik, eta ez dago kirol ibilbidera bakarrik enfokatuta. Eta beste norbaiti laguntzeko prest ere banago; aukera sortuz gero, gustura lagunduko diot.

Normaltasunez joan zara psikologoarengana?

Bai. Beste laguntza era bat da. Pilotan agian oraindik ez dago sartu-sartuta, baina beste kirol guztietan coach edo psikologo batek duen garrantzia handia da, bai futbolean, bai txirrindularitzan... Kirol denetan lantzen den arlo bat da, eta edozein lanbidetan ere bai. Pilotan aipatzeak agian dakar arraro samar begiratzen dizutela, baina nik uste dut gauza normal bat dela eta gauza guztiak landu behar direla.

El pasado 4 de marzo, Iker Irribarria jugando su último partido en el frontón Atano III de Donostia, haciendo pareja con Zabaleta y enfrentándose a Altuna III y Martija. Gorka Rubio | FOKU

Tradizioaren pisua handia da oraindik, orduan? Belarritako eta guzti oso moderno ikusten zaituztegu hala ere.

[Barrez] Bai, bueno, azkenean bada kirol berezi bat, oso tradizionala; eta alde batetik hori oso ona da, baina beste alde batetik kosta izan dena aldaketak onartzea. Pixkanaka-pixkanaka badatoz, onartuko dira. Uste dut pilota bera ere garatu dela, ez agian beste kirol batzuk bezainbeste, baina garapen bat izan du.

19 urterekin txapelik handiena lortu eta ondorengoa kudeatzeak ez du erraza izan behar. Gainera, errazegi bezala irabazi zenuen sentipenarekin, luzera kalterako izan ez ote zitzaizun...

Bai, kosta egiten da. Espektatibak ez betetzearen garratza asimilatzea zaila da. Baina lortutakoa hor dago. Nire ustez, ordukoak baino meritu gehiago izan zuen beste txapel bat lortu nuela gero, ia lanketa psikologiko eta fisiko handi bat eginda nuenean. Iruditzen zait hor dagoela demostrazioa, lanketa batekin berriro lortu daitezkeela gauzak. Handik aurrera, belauna dela medio, ez dut eduki aukerarik txapelketetan goi mailan aritzeko. Ez nizuke esango kalterako, baina bai eraman ninduela hausnartzera eta beste arlo batzuk ere landu behar izatera.

Bigarren txapel horri orduan balore handiagoa ematen diozu?

Bai, arlo pertsonalean agian bai. Aurrenekoa agian gozatu gabe, asimilatu gabe daukazu, hain azkar etorri zen. Eta bigarrenarekin kontziente zara zenbat kostatzen den irabaztea. Beraz, aurrenekoari balorea, nik ere, agian, bigarrenarekin eman izan diot.

Lehenbiziko hartan galtzeko ezer gabe jokatu zenuen, libre.

Bai, hori da, bestelako presio batekin. Eta nik uste hori dela lanketa psikologikoaren gauzarik garrantzitsuena, zure talentu horri guztiari ateratzen uztea, kanpotik presioa sentitzen duzunean. Hor dago koxka.

Lanketa hori etorkizunerako ere ondo etorriko zaizu seguru asko.

Dudarik gabe. Eta iruditzen zait lantzen jarraitu behar dudala. Azkenean, gorabeherak bizi guztian izaten ditugu, eta horiek kudeatzeko erremintak izatea beti ondo etortzen da, erreminta horiek erabiltzen jakitea. Lanketa horretan jarraitu behar nuke, dudarik gabe; eta lehen esan dizudan bezala, ez nik bakarrik, ingurukoek edo laguntza behar duen edozeinek lasai asko etortzea dauka.

Lamentándose en uno de sus partidos cuando aún le quedaban años en activo. Jaizki Fontaneda | FOKU

Ze erreminta dira horiek?

Psikologia lantzea, eta beste espezialista batzuekin harremanetan egotea, eta pixkanaka-pixkanaka arnasketak egitea, norberaren gorputza eta burua ezagutzea... Gauza interesgarri asko daude alde horretatik.

Zu izan zinen lehenengoetako bat halako lanketa bat egiten. Gero eta gehiago zarete horretan lan egiten duzuen pilotariak, ala?

Ez dakit ni lehenengoetakoa izan naizen. Pilota kirol tradizionala den neurrian, nik uste gauza batzuk pasatu direla, baina gehiago kostatu dela onartzea edo zaintza hori normalizatzea. Nik, hasi nintzenetik, normaltasunarekin hitz egin nuen horretaz, eta eskertzen da jendeak ere normaltzat hartzea hori.

Prentsa ere aipatu zenuen agur horretan. Hain gaizki portatu gara zurekin? Esango nuke nahiko onberak garela orokorrean.

Ni gehiago prentsak edo jendeak jarritako espektatibez ari nintzen, ez nenbilen inorengatik zehazki, orokorrean gizarteak jartzen dituenez. Zu kontziente zara zer egin duzun, baina beste batzuk esaten dute «hamar urtetarako txapelduna daukagu»; titularrak ere errazegi jartzen dira. Hori da, pixka bat, adierazi nahi nuena. Askotan espektatibak ez dituzu zerorrek jartzen, eta garraztasun hori hortik sortzen da. Ez da prentsa edo kazetari bati zehazki egin diodan aipamena. Gero, gainera, norberari buruz hitz egiten dutenean ere, hori asimilatzea ez da erraza. Oso desberdina da idazten duenak edo jasotzen duenak ematen dion interpretazioa.

Zure anaia ere pilota munduan dabil. Afizionatuetan puntan dabil. Zein aholku eman diozu?

Beti esan izan diot lasai-lasai hartu eta gozatzeko. Zaila da-eta profesionala izatea. Mila buelta ematen ditu mundu honek. Eta maila ematen baldin badu afizionatuetan, ba, aukera helduko zaio. Nik beti esan diot kirola gogorra ere badela, eta profesionala zarenean gauza asko aldatzen direla. Berak erabaki dezala. Ni laguntzeko nago, eta behar dituen gomendioak ematen saiatzen naiz.

Zure esperientzia gertutik biziko zuen. Horrek ere erakutsiko zion zerbait, bigarren plan bat ere izan behar dela.

Bai, nik beti esan izan diot, eta etxean beti hori jaso izan dugu, kirola oso garrantzitsua dela, oso ondo dagoela, baina kirolarekin batera uztartu daitezkeela ikasketak. Eta eskerrak. Azkenean, zuk plan estrategiko bat egiten duzunean, debutatzerakoan pentsatzen duzu ez dakit zenbat urtez izango naiz profesionala. Baina inork ez du halakorik jakiten. Lesioak ere hor daude, eta, gorputza mugara eramaten duzunean, lesionatzea askoz errazagoa izan daiteke.

Pilota kirol tradizionala dela esan dugu, baina hor ere eman da aldaketa: gaur egun gehienak zaudete etorkizunerako prestatuta.

Bai. Iruditzen zait garai batean ere urte askoz gehiago ematen zituztela pilotariek, batez ere bigarren mailakoek; egoten ziren 15 urte. Eta gaur egun askoz zailagoa da hori gertatzea. Horrek esan nahi du beste gauzetarako ere prest egon behar dela. Zuk ikusten baldin baduzu bi urteko kontratuarekin zaudela, lau edo bost urte eginda maila ematen ez baduzu etxera zoazela, nik uste azkenean behartuta zaudela ikasketa batzuk egiten. Alde horretatik denok jarri ditugu pilak, edo gehienek behintzat.

Despidiéndose de la afición, el de Arama rodeado de compañeros tan emocionados como él tras rendirle un homenaje. Gorka Rubio | FOKU

Eta hemendik aurrera?

Aurrenekoa, atsedena hartu. Profesionala naizenetik egur handia eman diot gorputzari. Azken bi urteetan operazioarekin eta gero belaunari batez ere eman diodan trotearekin, hartu nahi nituzke egun batzuk lasai, gozatu familiaz eta gorputzari lasaitasun pixka bat eman, arnas pixka bat. Denbora pixka bat hartu bizia birplanteatzeko.

Orain arte, mendia izan duzu askotan ihesbidea; izaten jarraitzeko aukerarik izango du?

Zaila dago. Ez dut uste belaunak nik nahiko nukeen guztia egiten utziko didanik. Baina saiatuko naiz ahalik eta ondoen belauna suspertzen, pistoia jaisten eta, iristen naizen lekuraino iritsita, horrekin gozatzen. Nik uste hori dela bizia orokorrean. Eta ezin baldin badut mendi puntaraino igo, ba, beheko iturrian edo merenderoan hamaiketakoa egin eta etxera etorriko naiz.

Pilotan gauzak ondo irteten ez zitzaizkizunean egin zenituen zenbait bidaia Pirineoetara eta.

Bai, ihesbide ederra izan da. Eta oraindik gustatzen zait. Ez dut aukerarik izan nahi beste joateko, eta ea orain, denboraz eta konpromisoz pixka bat ase naizenean, belaunak uzten didan. Lehen uzten ez zidatenek orain uzten didate, eta lehen uzten zidanak orain utziko ez didan beldur horrekin.

Egunero egin beharreko ariketa horien artean bizikleta deskubritu duzu, ala?

Bai, gustura nabil, asko gustatzen zait eta ohitura polita hartu dut bizikletan ibiltzeko. Horrez gainera, pisuan mantentzeko ere balio dit. Eta gero gimnasioko lana era egin behar dut. Azken batean, belauna eta hanka indartuta izateak nik uste beti egingo didala mesede. Kontziente naiz ezin dudala despistatu alde horretatik.

Juan Martinez de Irujorekin edo pilota horrela utzi behar izan zuenetako bakarren batekin hitz egin al duzu?

Ba, sakon ez; baina, bai, hitz egin izan dut. Eta denek esan didate, ez dauka pilota azkar utzitakoa izan beharrik, euren ibilbide guztia ondo eginda erretiratu direnek ere berdin esan didate, azkenean kolpea hor dagoela: utzi behar hori denei kostatzen zaigu. Noski, ez da gauza bera 65 urterekin uztea, jubilatu behar duzulako. Pilotari historikoa izanda ere, azkenean 38 urterekin uzten duzu. Hala ere, iruditzen zait bizi berrira denak jarri direla, eta espero dut ni ere, denbora pixka batekin, ipintzea.

Etxean non entretenitu behintzat baduzu.

Bai, horixe badudala. Esandakoa: denbora ere behar dut orain lasai egoteko; eta gero bizia berriro birplanteatuta, geldi-geldi ez naiz egongo.