NAIZ.INFO
Eibar

Iñaki Alegriak hartu du UEUren zuzendaritza kargua

Batzar Nagusia egin du Udako Euskal Unibertsitateak Eibarren eta zuzendari berria hautatu dute bertan, Iñaki Alegria informatikari donostiarra. Finantzazio arazo larrienak «gainditu direnaren esperantzaz» ekingo dio UEUk hurrengo urteetako bideari, Euskal Unibertsitatearen proiekturantz eta hezkuntzaren ildoan eta argitalpen eta datu-baseen jardunean sakonduz.

UEUren batzar nagusia Eibarren (UEU.org)
UEUren batzar nagusia Eibarren (UEU.org)

Iñaki Alegria, informatikan doktorea eta 1984tik UEUko kide den donostiarrak hartu du gaur Udako Euskal Unibertsitatearen zuzendari kargua Eibarren egin duten Batzar Nagusian. Hurrengo urteei begira UEUk garatuko duen bidea azaldu du Alegriak gaurko batzarrean.

Euskal Unibertsitatea du helburu estrategiko gisa UEUk, «euskalduna, nazionala eta herrikoia» izango den euskal unibertsitatea. Bide horretan, euskaraz eta online gradu tituluak eskainik lituzkeen proiektu bat lantzen ari direla adierazi du Alegriak eta maiatzean barne-mintegi bat antolatu dutela horren berri emateko.

Finantzabideei dagokionez, «arazo larrienak gainditu direnaren esperantzaz» daudela adierazi du, Lakuako Gobernuaren diru babesa berreskuratu dutelako aurten, eta beraz, «anbizio gehiagorekin» lan egin nahi dutela adierazi du. Teknologia berrien erabilpena, ikerlari gazteen ildoa sendotzea, udaberrirako ikerlari gazteen bilkura egiteko proiektua ere aipatu du eta euskalgintza eta hezkuntza eremuko eragileekin harremana sendotzeko asmoa dutela adierazi du.

Iñaki Alegriari elkarrizketa argitaratu du UEUk berak: