NAIZ

‘Goenkale’ telesailaren azken atala eskainiko dute gaur

3.707 atal eta gero amaiera jarriko diote gaur ‘Goenkale’ telesailari ETB1en. 21 urte egin ditu etxeetako egongeletan sartuz. 700 aktorek baino gehiagok hartu dute parte.

21 urte egin ditu Goenkalek, gaur, azken atala. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)
21 urte egin ditu Goenkalek, gaur, azken atala. (Juan Carlos RUIZ/ARGAZKI PRESS)

‘Goenkale’ telesailaren azken atala eskainiko du ETB1ek gaur, gaueko 22:00ean. Modu honetan, 21 urte emisioan egon ostean, amaierara iritsi da. 3.707 atal eta 1.854 emisio ordu eman ditu urte hauetan guztietan eta milaka istorio eta pertsonaia ezagutu dituzte ikus-entzuleek, hasi Jose Mari Lasa eta Maria Luisa Galardi bikotetik, eta gaur egungo Arantxa Etxegarai eta Jagoba Ugarterengana iritsi arte.

Azken atalean, Bogaren etorkizuna zein izango den jakingo da. Arralden giroa gori gori dago hasiera-hasieratik, telesaileko pertsonaien topaleku eta hamaika bizipenen lekuko izan den taberna mitikoaren eraikina segurtasun kontuengatik botatzera doazelako, eta bertako jabe eta langileak taberna salbatzeko edozertarako prest daude.

Gainera, azken denboraldi honetan ezagutu den Etxegarai familian zer gertatuko den ere jakiteko dago: Jagobak dibortzioa eskuratuko ote duen, Hodeik eta Taniak maitasun harremana eduki ahal izango duten. Alizia eta Kandidorekin, Itxaso eta Ibonekin edota Lupe eta Sabinekin ere zer gertatuko den jakingo da datorren astelehenean.

Euskal Telebistak eta Pausokak ekoitzitako telesailak nazioarteko produkzio batzuen mailan kokatzea lortu du. «1994ko urriaren 3an bideari ekin zionean, inork gutxik uste izango zuen halako ibilbidea osatuko zuenik. Eguneroko fikziozko telesaila egiteko erronka aise gainditu dute, ezbairik gabe, urte hauetan guztietan Miramongo platoetatik pasa diren aktore, gidoilari, hizkuntza teknikari, ekoizle, dekoratzaile, kameralari, argiztatzaile, errejidore eta bestelako langileek», adierazi dute arduradunek.

«Fikzioa sortzeko faktoria erraldoi honek ekarpen izugarria» egin die Euskal Telebistari, euskal ikus-entzunezko esparruari eta euskarari berari. «Eta esperientzia eta jakinduria hori guztia baliagarria izango da hemendik aurrera gauzatuko diren proiektuetarako. Euskal aktore harrobi emankorra izan da ‘Goenkale’ telesaila», gaineratu dute.