Testua: Joseba Salbador

Gernika-lumo, Iparreko Donejakue bidean atseden leku

Euskal Herria ekialdetik mendebaldera zeharkatzen duen Iparreko Donejakue bideak Gernika-Lumon du geldialdietako bat. Mende luzeetan baztertua egon ondoren, iparraldeko bidea berriro indarra hartzen hasi da eta Bilbora doazen erromesek herrian hartzen dute atseden.

Herriko plaza.
Herriko plaza.

Lapurdi eta Gipuzkoako kostaldea zeharkatu ondoren, Donejakue bideak barrualdera egiten du Bizkaian. Lehen geldialdia Markina-Xemeingoa da: lehenik Bolibarko herri ikusgarria eta gero, Bizkaian bakarra den monumentu erlijiosoa: Ziortzako Kolegiata zaharra, bederatzi mende baino gehiago daramatzana Santiagorantz doazen ibiltarien pausoen lekuko izaten.

Mendebaldera jarraituta, Gerrikaitz auzoak dorretxeen adibide interesgarriak ditu, baita Donejakue ermita ere, bidearen ondoan, Aldaka auzo ederrean.

XVI. mendean garrantzi handiko pasabidea izan zen Arbatzegi eta Gerrikaitz lotzen dituen zubi errenazentista zeharkatu ondoren, Euskal Herriko naturagune interesgarrienetako batean sartuko gara: Urdaibaiko Biosferaren Erreserban, Matxitxako lurmuturraren eta Arbolitz puntaren artean, paisaia-balio handia duen eremuan, bai eta garrantzi handiko zenbait ekosistematan ere.

Gernika-Lumora iritsi baino lehen, geldialdi bat egingo dugu Gautegiz-Arteagako gotiko estiloko gaztelu berezia eta Kortezubiko Santimamiñeko historiaurreko haitzulo ospetsuak bisitatzeko bidean. Bertan, labar-pinturen lagin miresgarri bat aurkituko dugu.

Gernika ezagutuz

Gernika-Lumoko udalerriak garrantzi berezia du Donejakue bidearen kostaldeko ibilbidean. Oka ibaiaren haranaren erdialdean kokatuta eta Sollube mendiak mugatuta, bideak Gernikako leku interesgarrienak ikusteko aukera ematen du, tartean Batzarretxea eta Arbola, Euskal Herriaren historiaren ikur biziak baitira.

Mendeetan zehar Gernika izan da Bizkaiko herriak batzartzeko tokia. XIV. mendean dokumentatu dira lehendabizikoz, egun guztiz entzutetsua den arbolapeko batzarrak. Legeak eta arauak sortu eta herritarren ordezkaritza sistema bultzatzea zuten helburu batzar haiek.

Baina badira Gernikan bisitatu beharreko toki gehiago: Bakearen Museoa eta Euskal Herria Museoa. Lehenbizikoak, 1937ko apirilaren 26ra eramango gaitu, bonbek eta suak Gernika-Lumoko herria suntsitu zuteneko egunera. Tragedia hartatik bizirik atera zirenen testigantzak entzun eta ikus daitezke, argazki erakusketa zirraragarri eta audiobisualen bitartez.

Bigarrenak –jauregi barroko eder batean kokatua–, Euskal Herriaren historia ezagutzeko aukera emango digu Gernikako Arbola bezain errotuta dauden kultura, tradizio, folklore eta kirolaren bitartez.

Kirolaz ari garela, Jai Alai frontoia ere ezagutu beharreko beste toki bat da, munduan zabalik jarraitzen duen frontoirik handienetarikoa. Eta horrekin batera, Gernikako merkatua, Busturialde osoko nekazaritza-produktuen saltzaile eta erosleen arteko topaleku.

Santa Maria parrokia-eliza gotikoa bisitatu ondoren, Bilborako bideari jarraituko diogu, Juradera ibilbideari jarraituz. Muxikako San Bizente eliza atzean utzita, erromatar galtzadatik Morgako gainera iritsiko gara, handik Larrabetzu aldera abiatzeko, Bilbo Handia izenez ezagutzen den eskualdean.