ANDONI ARABAOLAZA

Oihana Kortazar nagusitasun osoarekin gailendu da Ultra Sanabria lasterketan

Korrikalari gipuzkoarrak jokatu diren hiru etapak irabazi ditu. Batutako denbora 11 ordu eta 44 minutukoa izan da. Bigarren sailkatuari, Aroa Siori, 45 minutuko aldea atera dio.

Oihana Kortazarrek maila ederra eskaini du Ultra Sanabria lasterketan (Rico RODRIGUEZ / ULTRA SANABRIA)
Oihana Kortazarrek maila ederra eskaini du Ultra Sanabria lasterketan (Rico RODRIGUEZ / ULTRA SANABRIA)

Mendiko korrikalari guztiak bezala, Oihana Kortazar ere denboraldi laburra izaten ari da. Alabaina, korritu dituen lasterketa apurretan maila handia eman eta emaitza bikainak erdietsi ditu. Azkena, joan diren 16, 17 eta 18an Zamoran jokatutako Ultra Sanabria lasterketan. Euskal lasterkariak irabazi egin zuen.

Hitzordu horretara joan aurretik elgetarrak aurreratu zuen proba hori “entrenamendu” gisara hartuko zuela; izan ere, bi aste barru Trail Azores izeneko lehian hartuko du parte. Sanabriakoak ez bezala, Azore uharteetan jokatuko denak lau etapa izango ditu. Proba hori, gainera, Golden Trail Championship-erako baliagarria da. Hots, munduko lasterkari sasoikoenetarikoak han izango dira.

Sanabriako hitzorduari dagokionez, aurreratu behar dugu parte hartu zuten lehiakidek 110 kilometroko ibilbideari egin behar izan ziotela aurre. Baina, esan dugunez, hiru etapatan banatuta. Kortazarren dortsalak 22. zenbakia zeraman, eta lasai asko baieata dezakegu emakumezko korrikalari guztiak zenbaki horren atzetik ibili zirela. Baita gizonezko asko ere; izan ere, sailkapen orokorrean hamaikagarren postuarekin egin zen.

Lehen etapa gogorra izan zen oso; batez ere, klimari dagokionez. Hotz handia egin zien, eta 2.000 metroko kotatatik goiti izotza topatu zuten. Alabaina, elgetarrak beroa nahiago badu ere, ondo moldatu zen: ibilbidearen errekor berria ezarri zuen. 35 kilometroko ibilbidean Kortazarrek lau ordu eta minutu bateko denbora markatu zuen. Bigarren sailkatuari, Aroa Siori, 9 minutuko aldea atera zion.

«Eskarmentu ederra»

Gidoia ez zen batere aldatu bigarren egunean. 43 kilometroko eta 2.220 metroko goranzko desnibela zituen ibilbidean euskal lasterkari aise gailendu zen. 4 ordu eta 21 minutuko denborarekin, Siori 25 minutu atera zizkion.

Bigarren garaipen hau lortu eta gero, argi eta garbi zegoen Kortazarrek sailkapen nagusia esku-eskura zuela. Hirugarrena etapa “erregina” izan zen: 32 kilometro eta 1.640 metroko desnibel positiboa. Euskal ordezkarika tripletea egin zuen, hots, hirugarren etapa irabazi zuen ere. Eginiko denbora honakoa izan zen: 3 ordu eta 22 minutu. Siori berriro ere 20 minutuko aldea atera zion. Gogoratu behar dugu lasterkari galiziarrak hiru eguneko hitzordu hau ondo baino hobeto ezagutzen duela. Iaz, adibidez, nagusi izan zen.

Kortazarrek sailkapen nagusia lortzeaz gain, jaitsierako zein mendiko maillotak eskuratu zituen. Hiru egun horietako denborak batuta, Kortazarrek 11 ordu eta 44 minutuko denbora egin du. Bigarren sailkatuak, berriz, 45 minutu gehiago.

Lehia hauek amaitu eta gero, gipuzkoarrak adierazi zuen eskarmentu ederra bizi izan duela: «Ingurumari hau ez nuen ezagutzen, eta ibilbideek denetarik dute. Asko gustatu zaizkit, batez ere ibilbide teknikoak direlako. Eguraldiari dagokionez, hotz handia egin digu. Nik tenperatura epelagoak nahiago ditut, eta horregatik hasieratik markatutako erritmoa ezberdina izan da. Lehia hirukoitza hau hasi aurretik zalantza batzuk banituen; izan ere, hainbat etapa dituen lasterketekin ez dut eskarmentu handirik. Pozarren nago irabazteagatik, eta bide batez hilaren amaieran Azoreetan jokatuko den hitzordu nagusi horretarako entrenamendu bezala baliagarria izan delako».