Xabier Bañuelos

Baleen arrastoak: Zetazeoak euskal kostaldean

Natura maite duen edonork goza dezakeen ikuskizun ederrenetako bat eskaintzen digu itsasoak: berezko ingurunean dauden izurde arrunt jostalaria edota balea arrunt izugarria ikustea, besteak beste. Eta hori bizitzeko, gure kostaldea toki pribilegiatua da.

Zetazeoak aise ikus daitezke esuskal kostaldean.
Zetazeoak aise ikus daitezke esuskal kostaldean.

Ontziaren brankan eta gabian jarrita, begi pareak itsasoari zorrotz begira daude. Antzinako baleazaleek egiten zuten bezala, arnas ufaden, isatsen, hegalen edota hegazti multzoen bila dabiltza, zetazeorik badela adierazten duen edozein seinaleren zain. Ez dute arpoirik, ostera; prismatikoak eta teleobjektiboak dira beren arma bakarra.

Duela 27 bat urte entzun nuen lehen aldiz horren inguruan. Garai hartan ingurumenari buruzko aldizkari bat zuzentzen nuen eta erredakzio batzordeko kide batek aipatu zuen bilera batean, itsasoari buruzko zenbait erreportaje argitaratzekotan ginenean. «Bada, Matxitxakotik baleak ikustera joaten den jende multzo bat bada», esan zuen. Eszeptiko samar begiratu nion.

Euskal Herriko zetazeo handiei buruz nituen erreferentziek historian atzera eramaten ninduten, gure kostaldeko herrien armarri heraldikoetan islatutako historiara eta azken balea Orioko barraren ondoan ehizatu zutela kontatzen duen Benito Lertxundiren kantara. Valdes eta Kalifornia Behereko penintsulak, Islandia, Norvegia, Zeelanda Berria... han bai, geratzen zen balearik, baina Kantauri itsasoan, gure Kantaurin? Eta Bermeo parean?: «Bai –baieztatu zigun–. Itsasargi azpian prismatikoekin jarri eta nola pasatzen diren ikusten aritzen dira». Ez, ezin zen egia izan, txantxetan ari zen, edo horrela uste nuen, konbentzituta bainengoen 1901az geroztik ez zitzaiola horrelako ugaztun bati bere hegalak hemengo uretan bustitzea bururatu. Baina oker nengoen, zorionez.

Urte batzuk geroago, orain dela hogei, itsasoa maite zuen jende hark eta herriko biztanleek antolatzea erabaki eta Ambar izeneko elkartea sortu zuten, Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkartea. Dibulgazioa izan da elkartearen helburuetako bat betidanik; alegia, herritarrei gure kostak duen aberastasuna ezagutaraztea eta gizakiaren eta Lurraren bizitzarako itsasoak zer-nolako garrantzia duen ulertaraztea.

Hori dela eta, 2009an beren helburuek Ekoetxea Urdaibairekin bat egin zuten eta batzuek eta besteek egitasmo berari heldu zioten: itsasotik bertatik olatuen artean borborka dagoen bizitza erakustea. Horrela sortu zen ‘Zetazeoak 10etan’ itsasontzi-irtenaldien programa, apiriletik azarora bitartean ezezaguna bezain hurbila den biodibertsitate oparo batekin txunditzeko aukera ematen duena.

Ehizatzetik mirestera

Itxura denez, euskaldunak XI. mendean hasi ziren baleen ehizan. Mendeak igaro heinean, animaliok gutxitzen hasi eta horien inguruko industria hazten ari zenean, Atlantikora jauzi egin eta Ternuaraino iritsi ziren, non asentamentuak eta lantegiak ezarri zituzten. Ustiapen oparoa izan zen eta XVI. eta XVII. mendeetan garatu zen. Ameriketako Estatu Batuetako hirugarren presidente Thomas Jeffersonek berak esan zuen «euskaldunak izan zirela aitzindari» balearen ehizan kontinente hartan, bai eta jarduera hori industria moderno bihurtzen.

Beste herrialde batzuek erreleboa hartu eta euskaldunak irabazi- zurrunbilo horretatik kanporatu zituzten. Jarduera erabat utzi zuten, kostaldean zetazeoak bazirela ahazteraino. Egun gauzak aldatu egin dira, eta zetazeoak hiltzeko, zatitzeko eta saltzeko harrapatzen jardutetik horiek aske ikusiz gozatzeko nabigatzera pasatu gara, beren jokamolde adimentsuarekin txunditzeko, gure ontzietako gilarekin jolasten diren izurde saltokariek gure begiradekin duten interakzioaz ohartzeko, guk bezala oxigenoa hartzeko ur sakonetatik itsas azalera irteten diren baleen eta zeren arnas hots sakona entzuteko.

Bai, Kantaurin bada zetazeorik, munduan dauden 80 espezie baino gehiagotik hogei bat. Eta batzuetan errazago besteetan zailago, sarriago edo gutxiagotan, guztiak ikus daitezke noizbait ontzi baten kareletik. Hala, ‘Hegaluze Barria’ Bermeotik abiatzen da, adin guztietako pertsona multzoarekin. Gehienak euskaldunak dira, baina gero eta gehiago dira Estatuko beste toki batzuetatik etortzen direnak, baita Ingalaterratik, Alemaniatik, Frantziatik edota Belgikatik etorriak. Lau eta sei ordu artean izango dira itsasoan, bai bidaiariak bai Ambar elkarteko boluntarioak, bista zorroztuz zetazeoren bat noiz agertuko zain.

Bizi bila

Sarrera-hitzaldia entzun ostean, itsasora abiatu gara. Hegaztiak ikusi ditugu lehenik; egunaren arabera desfileak ez du amaierarik: beren burua zuzenean uretara jaurtitzen duten zangak, moko koloretsuko lanperna-musuak, ubarroiak, pottorroak, mota ugaritako kaioak, belatzak, kaio beltzak, marikoiak, gabaiak, ekaitz-txoriak, araoak, atun-txoriak, txenada arruntak... Zaila da guztiak bereiztea, baina zalantzak argitzeko prest daude beti Ambar-eko kideak.

Capbreton-eko fosarantz goaz, portutik hamabost bat miliara. Hemen, itsas hondoa 2.000 metroko sakoneran dago, eta urpeko arroila izugarria sortzen du. Elikagaiz betetako ur hotzek talka egiten dute horren paretekin eta gora eginez miraria sortzen dute. Elikagai honek guztiak kate trofiko oso bat elikatzen du, eta horrek mantentzen edota erakartzen ditu ozeanoko biztanle handiak, bai bertan bizi direnak bai handik igarotzen direnak.

Gure itsasbidean aurrera goazela, hauek guztiak dakuskigu: hegaluze eta atun saldoak –berdel eta antxoak janez–, ilargi-arrainak, ezpata-arrainak, marmokak, marrazoak, arrain hegalariak... eta, azkenik, irrikaz espero ditugun zetazeoak. Ez dugu ahaztu behar beren ingurunean daudela eta itsasoa neurrigabea dela, gurea bezalako bisitek arau zorrotzak dituztela animaliei ahalik eta enbarazu gutxien egiteko, eta zorteak ere bere garrantzia duela. Batzuetan ez dira erraz agertzen, baina normalean agertu agertzen dira. Lehenik hemen bizi diren hiru izurde espezieetako bat agertu ohi da, edo guztiak batera: izurde handi ederrak, arrunt jostalariak eta marradun akrobatikoak. Pilotu-izurde hegaluzeak datoz atzetik beren buru borobilak ageriz, jakin-minez, nor hurbiltzen ari den jakin nahian.

Jada ur sakonetan, baliteke Couvier moko-baleen bizkar zabal eta moko itxurako muturrak ikustea. Zortzi metrotik gorako zetazeo hauek zailak dira ikusten duten jarrera iheskorragatik, baina urotan badira bertan bizi diren taldeak eta erraz ikusi ohi dira. Hain zuzen, euskal kostaldea da horiek ikusteko toki onenetako bat. Eta latitude honetan agertu ohi da gehien ikusi nahi izaten dena, balea arrunta. 22 metro luze dituen hau da Lurreko bigarren animaliarik handiena. Ababorretik edo istriborretik berau igerian ikustea, emeki eta arinki, benetan hunkigarri eta zirraragarria da, antzinara garamatzan ikuskizuna.

Tamalez, ez dugu euskaldunen balea ikusiko, gure arbasoek izendatu zuten hori eta ‘Bizkaiko balea’ eta «iparraldeko balea franko» esaten diotena. Desagertzeko arrisku bizian dago eta aspaldi joan zen Kantauri itsasotik. Baina beharbada ikusi ahalko dugu zere txikiren bat, eta zailagoa izan arren, baita orka, kaxalote, kalderoi gris, xibarta eta, are, balea urdinen bat ere.

Batek daki noizbait itzuliko ote den balea frankoa. Ordura arte, itsasoa zaintzea, ezagutzea eta goxo tratatzea da gure lana, bertan bizi direnak gustura izan daitezen; hegazti, zetazeo, arrainek... hegan eta igerian jarrai dezaten lur honetatik hurbil, zeina behinola berauen ehizarako talaia izan zen baina gaur egun begirunez tratatzen dituen. Horrela lortuko dugu itsas fauna honetaz gozatzeko milaka milia egin behar ez izatea, eta horrela bidaia luzeen partez bustitzen gaituzten olatuen kresalak zipriztinduko gaituen bidaia ederrak egin ahal izango ditugu gurean.