NAIZ

Pentsio sistema propioaren alde, kalera ateratzeko deia egin du LABek

LAB sindikatuak deia egin du Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak azaroaren 30ean Nafarroan eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan abenduaren 5ean egingo dituen mobilizazioetan parte hartzera, «Euskal Herriarentzat gizarte segurantzarako lege propioa» sortzeko.

Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren artxiboko irudia. (Raul BOGAJO/FOKU)
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduaren artxiboko irudia. (Raul BOGAJO/FOKU)

Datozen hilabeteetan pentsioen erreforma berri bat aurreikusten dela-eta, LABek berritsi du ostiral honetan «pentsioen erreformak ez duela bermatuko pentsio sistema publikoaren nahikotasuna ezta iraunkortasuna ere» eta Hego Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak antolatutako mobilizazioetan parte hartzera deitu du.

Zehazki, pentsionistak kaleetara irtengo dira azaroaren 30ean Nafarroan eta abenduaren 5ean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. LABek bat egin du mobilizazio horiekin eta langileak joatera animatu ditu.

Sindikatuaren ustez, pentsioen erreforma berriarekin ez dira 2011 eta 2013. urteetako erreformak lehengoratzen. Gogora ekarri duenez, «erreforma hauek jubilazio prestazioak eskuratzeko baldintzak gogortu zituzten, besteak beste, pentsioen kalkulurako kotizazio urteak handituz eta jubilazio adina atzeratuz».

Gainera, LABek kritikatu du «ez dela 1.080 euroko gutxieneko pentsioa bermatuko eta ez da neurri bakar bat ere aurreikusten gizon eta emakumeen arteko pentsio arrakala murriztu edo ezabatzeko». Gizarte segurantzari dagokionez, langileen ordezkariek uste dute «iraunkortasun finantzieroa ez dela bermatuko». Beraz, «Madrilera begira egon» beharrean, sindikatuak proposatu du «pentsio sistema propioa eta Euskal Herriarentzat gizarte segurantzarako lege propioa» sortzea.

Horregatik, «pentsio sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioa eskuratzeko mobilizazioa ezinbestekoa da» LAB sindikatuarentzat. Hala, antolatu diren mobilizazioetan parte hartuko du.