NAIZ

Asier Ormazabal hernaniarra, aske 23 urte bi Estatuko espetxeetan eman ondoren

Asier Ormazabal Lizeaga hernaniarrak espetxe zigorrak amaitu ditu gaur eta etxera bidean da. 1997an Bretañan atxilotua, Estatu espanoleko kartzeletan eman ditu azkeneko 18 urteak.

Asier Ormazabal, aske igande honetan. (Etxerat)
Asier Ormazabal, aske igande honetan. (Etxerat)

Bretañan ETAko kidea izateagatik atxilotu eta kartzelaratu zutenetik 23 urte eta hiru egun pasa dira zehazki. Geroztik bi estatuetan preso egon da Asier Ormazabal Lizeaga eta igande honetan amaitu zaio zigor luze hau, Teruelen hain zuzen ere. Hor senide eta lagunekin elkartu eta etxerako bideari ekin dio.

Lehenengo bost urteak Estatu frantsesean eman zituen eta Espainiaratua izan ostean hamazortzi egin ditu bertako espetxeetan, azkeneko bederatziak Teruelen.

2017. urtean azken urteotako istripu gogorrenetakoa jasan zuten bere ondokoek, bisita batean, Zaragozako Longares herrian hain zuzen ere. Autoa errepidetik atera eta irauli zen, barruan zihoazenak irten ezinik geldituz. Horren ondorioz, Ormazabalen bi lagun ospitaleratu behar izan zituzten.

Azken hilabeteotan kondena amaiturik kartzeletik irten diren preso gehienen kasuan, urruntzeak eragindako istripu bat edo beste jasan dutela senide edota lagunek antzeman daiteke.

Teruelen zen azken euskal presoa

Teruelera eraman aurretik, besteak beste Pontevedrako A Laman eta Asturiaseko Villabonan izan zuten Asier Ormazabal Lizeaga.

Une honetan Terueleko espetxean euskal preso politiko bakarra zen hernaniar hau. Euskal Herritik urrun den beste espetxe bat gutxiago, beraz, Etxerat-en mapan gaurtik.