Beñat Zaldua
Edukien erredakzio burua / jefe de redacción de contenidos

Desberdintasun handiagoak mundu txikiago batean

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? (V)

(Iker MORENO)
(Iker MORENO)

Birusa berdina da denontzat, baina gu ez gara igualak birusaren aurrean. EAEko bosten pobreenaren koronabirus tasak bosten aberatsenarena bikoizten du.

Liu Jianlun mediku txinatarra 2003ko otsailaren 21ean iritsi zen Hong Kongeko Metropole hotelera, Kantondik hiru orduko bidaia egin ostean. Ilobaren ezkontza zeukan hurrengo egunetan. Ondoezen bat sumatu arren, ez zitzaion otu SARSa izan zitekeenik, nahiz eta Zhou Zuofeng superkutsatzailea –“Pozoi Erregea”– artatu zuen. Hoteleko lehenengo gau horretan okerrera egin zuen 911. logelako bisitariak eta hurrengo egunean ospitalera jo zuen. Martxoaren 4an hil zen.

Otsailaren 21eko gau hartan, Kanadako emakume heldu bat zegoen lotan 904. logelan. Familia bisitatu ostean, hurrengo egunean hegazkin bat hartu zuen Torontora. Egun batzuen buruan gaizki sentitzen hasi eta gutxira hil zen; lehenago kutsatze kate berri bat abiatuta, ordea. Bere semea eta beste 31 lagun hil ziren Toronto inguruan, eta kutsatuak ehunka izan ziren. Horietako bat, Filipinetako emakume bat, sintomak garatu gabe zituela, bere jatorriko herrira joan zen, Luzon uhartera, eta beste SARS kutsatze kate bat abiarazi zuen. Bi aste eskasetan, SARSak bi aldiz egin zuen joan-etorria munduko punta batetik bestera, kutsatze kateak han-hemenka sakabanatuz. Osasunaren Mundu Erakundeak alerta piztu zuenerako, birusak agerraldiak Sydney, Bangkok eta Singapurrera hedatu ziren.

Munduaren abiaduraz eta konexioez hitz egiten digute pandemia desberdinek. Izurri beltzak lau urte behar izan zituen XIV. mendean Europa hego-ekialdetik lehenengo hegoalde osora eta gero iparraldera zabaltzeko. Normalean oinez edo itsasontziz egiten zuen bidea, airez ere nonbaitera iritsi bazen ere: Kaffako setioan, Krimeako penintsulan, izurri beltzarekin hildakoen gorpuak katapulta batekin jaurtitzen zituzten mongolek hiri barrura. Historiako lehenengo arma biologikoak. Kolerak, aldiz, lau hamarkada eta hainbat agerraldi behar izan zituen Indiatik Londreseraino iristeko, trenez eta barkuz egindako bidaietan. 1918ko gripeak hilabete gutxi behar izan zituen, Gerra Handiko tropen mugimenduari esker, munduko bazter gehienetara heltzeko. Egungo koronabirusaren lehen abisu ofiziala 2019ko abenduaren 31n jaso zuen Osasunaren Mundu Erakundeak Txinatik; ordurako, azken ikerketen arabera, birusa dagoeneko Europan geneukan.

Ezinezkoa da asmatzea covid-19a duela mende bat agertu izan balitz noraino iritsiko zatekeen, baina lasai esan liteke dezente mantsoago mugituko zela, akaso prestatzeko denbora gehiago emanez. Patogeno berrientzat autobideak dira gaur egungo konexio azkarrak.

Distantzia ez da dagoeneko kilometrotan neurtzen

Gaitz baten hedapenari buruz galdetzen badigute, mapa batean zabaltzen doan olio orban bat imajinatu ohi dugu, herri batetik ondoko herrira jauzi egiten duena, baina errealitatea, egun, beste bat da. 2003ko SARSa, Txinako hegoaldean sortua, lehenago iritsi zen Torontora Pekinera baino. Fenomenoa Dirk Brockmann fisikari teoriko alemaniarrak ikertu du, gaur egungo gripearen zabaltze prozesua ulertu nahian. Pandemia baten hedapena mapa batean jarrita, kaosa baino ez zuen topatzen: ez zuen antzematen ez patroirik, ezta zentzurik ere. Nigeriako agerraldi bati AEBetako beste batek jarrai ziezaiokeen segituan, eta hurrengoa Vietnamen aurki zitekeen, jauziz jauzi, munduko izkina batetik bestera.

Arazoa, ordea, ez zen gripearen datuena, mapa bera baizik. Brockmannek hirien arteko konektibitatean oinarritutako mapa kontzeptual bat egin zuen, konexio mailaren arabera elkarrengandik hurbilago edo urrunago kokatuz hirigune desberdinak. Gero gripe agerraldiaren datuak mapa horretan txertatu, eta hara: orduan bai, agerraldia konektibitatearen araberako mapan olio orban bat bezala hedatzen zen, kaosik gabe, modu ulergarrian.

Paris eta Madril, Otxarkoaga eta Zup baino hurbilago?

New Yorketik Rhode Islandera 271 kilometro daude Google Maps-en arabera. Brockmannen maparen arabera, ordea, New Yorketik askoz hurbilago dago Londres, ohiko mapetan 5.000 kilometrora agertzen zaigun arren. Ez dakigu Brockmannen mapek zer dioten Euskal Herriari buruz, baina galdera ez dago sobran: zenbat bilbotar egon da azken hamarkadan, adibidez, Madrilen, eta zenbat Otxarkoagan? Zenbat iruindar Bartzelonan, eta zenbat Etxabakoitzen? Zer dago Miarritzeko kostako lehenengo lerrotik hurbilago, Baionako ZUP edo Paris? Brockmannen mapak ez du bakarrik konektibitatea islatzen, lurralde baten desorekak ere aurrez aurre jartzen dizkigu. Bereziki hirigune desberdinen barruan gero eta gehiago ematen direnak.

Gaur egun hiri gisa ulertzen duguna XIX. mendean sortu zen, “Erebus” ontzia Antartikara eraman zuen haize berdinak hauspotuta, berriz ere. Gailendu zen industrializazio ereduak eskura behar zuen lan indarra, eta uholdeka iritsi zen txirotutako landa eremutik. Bilbok 17.923 bizilagun zituen 1870ean; mende bat geroago, 1970ean, 411.543 ziren. Beste era batera begiratuta: 1857an, 301 bilbotar bizi ziren hiriko kilometro koadro bakoitzean; 1975ean, 3.959 ziren. Migrazio uholde bakoitzak hiriak hankaz gora jartzen bazituen ere, hirietako bizi kalitateak, orokorrean, izugarri egin du hobera XX. mendean zehar. Pentsa dezagun 1900. urtean jaiotako bilbotar baten bizi itxaropena ez zela 30 urtera iristen, eta gaur egun 80 urtetik gorakoa dela.

Azken hamarkadotan, ordea, pixkanaka berdintzera jotzen zuen joera apurtu eta desoreken arrakala berriz hazten hasi da. Desberdintasunena da XXI. mendea. Bilbotik mugitu gabe, 2001. urtean Abandoko batez besteko errenta Iturrigorri auzokoa baino 13.391 euro handiagoa zen. 2016an, ordea, diferentzia 24.604 eurora igo zen. Fenomenoa globala da, eta arrazoiak Josep Fontanaren “El siglo de la Revolución” (2017) liburuan topa ditzake bila dabilenak. Laburpena: 70eko hamarkadan, sobietar boterea gainbehera joan ahala, eta komunismoak mehatxu izateari utzi zion neurrian, klase boteretsuak kontrola berriz hartu eta atzerakada sozialeko fase larria hasi zen. Prozesu hori beranduago iritsi zen Euskal Herrira, baina 2008ko krisia jasanda, erabat homologatuta gaudela esan daiteke, txarrerako.

Pandemiak ez dira igualak denontzat

Zer harreman du honek guztiak pandemiarekin, galdetuko du baten batek. Handia eta askotarikoa; iritsiko gara. Fontanarekin jarraituta, XX. mendeko azken laurdenean hegemoniko bihurtu ziren ideiek gidatu zuten 2008ko krisiari emandako irteera trakets eta kaltegarria, aldez aurretik geneukana baino gizarte askoz desorekatuagoa utzi diguna, baita Euskal Herrian ere. Ez da bakarrik komunismoa alternatiba gisa erori zela, sozialdemokrazia ere bere tranpetan harrapatuta geratu da, eta doktrina sozial-kristauen indarra izugarri ahuldu da.

Neoliberalismoaren garaipen intelektual horrek tabu bihurtu du fiskalitate aurrerakoi baten edozein zantzu, azken krisiaren irteera kaskarrak erakusten duen moduan, baita gurean ere. 2007an EAEko ogasunek barne produktu gordinaren %3 biltzen zuten sozietateen gaineko zergaren bidez. Hamarkada bat geroago, 2018an, soilik %1,9. Beste modu batean esanda, PFEZaren eta BEZaren bilketa handitu den bitartean, enpresek ordaintzen dutena %14,77 izatetik, %8,43 izatera pasatu da. Horrek, jakina, sektore publikoaren ahultzea ekarri du, pandemia garaian gordinki ikusi ahal izan denez: ospitaleetako oheak %10 murriztu dira Hego Euskal Herrian 2007 eta 2019 artean. Are nabarmenagoa izan da eragina zaharren egoitzetan: finantzaketa urriak eta kudeaketa pribatuak biluzik utzi dituzte pandemiaren aurrean.

Lanaren banaketa patriarkalaren eragina ere nabarmena izan da, emakumeenak baitira, batik bat, kutsatze arrisku gehien duten lanpostuak: zaintza ardatz dutenak, bai ospitaleetan, bai adinekoen egoitzetan. Estatu espainiarrean %9,9k hartu dute covid-19a hilabeteotan, Karlos III.a Osasun Institutuaren arabera. Osasun eta Zaintza langileen artean, ordea, prebalentzia %17tik gertuago kokatu da.

Era berean, gure hirietan azken urteotan hazi baino ez den egin desberdintasunak berak ere baldintzatu du, eta asko, pandemiaren eragina. Mundu guztian gertatu da: gaitzak askoz gogorrago kolpatu ditu auzo pobreak aberatsak baino. Birusa berdina da guztiontzat, baina gu ez gara igualak birusaren aurrean. Errenta apaleko auzo batean jaioz gero, gizentasuna pairatzeko aukerak askoz ere handiagoak dira, eta, horrenbestez, baita covid-19aren bertsio larriago bat sufritzekoak ere. Bi logelako etxe batean bizi bada lauzpabost kideko familia bat, eta bat gaixotzen bada, bakartzeko aukerak askoz murritzagoak dira, eta, hortaz, denak kutsatzekoak askoz handiagoak. Telelana ameskeria hutsa bada auzo pobreetan nagusi diren enpleguetan, askoz aukera handiagoa izango duzu lanean kutsatzeko.

Ez da ariketa espekulatibo bat: Lakuaren zigilua daraman txostenean bertan irakur daiteke, maiatzaren 11ren eta abuztuaren 16aren artean, EAEko bosten aberatsenean 308,51 koronabirus kasu antzeman zirela 100.000 biztanleko. Bosten pobreenean, ordea, tasa bera 608,27ra igotzen zen. Bikoitza.

KORONABIRUSAREN KRISIA - NOLA IRITSI GARA HONAINO? ZORTZI KAPITULUAK:

(I) Urtezaharra, existitzeari utzi dion toki batean

(II) Jauzi egiteko tranpolin bat

(III) Beldur al da armiarma adarbakarraren adarrarekin?

(IV) Abrakadabra, ideia berri bat

(V) Desberdintasun handiagoak mundu txikiago batean

(VI) Hogei umezurtz portuz portu

(VII) Planeta bat, osasun bat

(VIII) Gu, Erebuseko marinelak