Andoni Arabaolaza

Nahia Quincocesek bi brontze eskuratu ditu Mendiko Eskiko Espainiako Txapelketan

Fedme-k antolatutako hitzordu nagusian bizkaitarra erreleboetan eta indibidualean podiumera igo da. Senior mailan euskal ordezkariek erdietsi dituzten bi domina bakarrak izan dira.

Covid-19aren erruz, iazko mendiko eskiko denboraldia erabat eten egin zen. Aurtengoa, berriz, momentuz arazorik gabe hasi da. Lehen hitzorduen artean azken lau egunetan Boi Taull-eko eski-estazioan jokatu den Espainiako Txapelketak protagonismoa hartu du. Lau modalitate izan ditu: erreleboak, esprinta, indibiduala eta bertikala.

Ohi den bezala, euskal eskiatzaileek ez dute hutsik egin Fedme-ren txapelketa garrantzitsu honetan. Baina, oro har, esan dezakegu emaitza ez zirela espero zirenak. Izan ere, kategoria nagusietan soilik bi domina lortu dira: erreleboetan eta indibidualean. Eta podiumera bi aldiz igo den euskal eskiatzaile bakarra Nahia Quincoces izan da.

Joan den ostegunean eski-estazio katalan horretan lehen lehia eguna jokatu zen. Erreleboetan, seniorretan, soilik lau selekziok hartu zuten parte. 1,8 kilometroko eta 170 metroko desnibela zituen ibilbidean (bi igoera eta jaitsiera luze bat) Euskal Mendizale Federazioaren taldeak brontzea eskuratu zuen. Honako lau ordezkariok jardun zuten: Quincocesek, Iñigo Martinez de Albornozek, Aimar Muruak eta Gartzen Elejabarrietak. Irabazleengandik, hots, Andaluziako taldetik, bi minutura geratu ziren.

Biharamunean, bigarren lehia egunean, proba ikusgarri bat jokatu behar zen: esprinta. Baina 100 kilometro orduko haizeteek lehia hori bertan behera uztera behartu zuten.

Indibidualean, bigarren domina

Bestalde, larunbatean, txapelketa horren proba nagusiak protagonismoa hartu zuen; hots, indibidualak. Azken egunetako elurteen ondorioz, antolatzaileek, elurroldeen arriskua zela-eta, ibilbidea aldatu zuten. Eski-estazioan bertan zirkuitu azkar bat prestatu zuten, seina igoera eta jaitsiera zituena. Seniorretan, emakumezkoetan, Quinocesek berriro brontzea eskuratu zuen. Ana Alonso irabazlearengandik 9 minutura helmugaratu zen. Uxue Fraile bosgarrena izan zen. Eta mutiletan, Martinez de Albornozek laugarren postua egin zuen. Juniorretan, Rafa Urbizu zazpigarrena izan zen, eta Aimar Murua bederatzigarrena jubeniletan.

Igande honetako laugarren eta azken lehia egunean, bertikalari egin behar izan diote aurre. Proba honetan ere aldaketak izan dira; izan ere, Raspes mendiaren gailurrera iristeko eragozpen handiak ziren. Horren ordez, 640 metroko eta 3,9 kilometroko ibilbidean lehiatu dira. Eta modalitate honetan euskal ordezkariak ez dira podiumera igo. Neska seniorretan, Igone Campos laugarren postuan sailkatu da, eta Quincoces bosgarrenean. Martinez de Albornoz, berriz, top 10etik kanpo geratu da; hain zuzen ere, 13. postua sinatu du. Azkenik, jubeniletan, Muruak hamargarren postuan bukatu du.