NAIZ

EAEko abenduko industria prezioak %0,6 igo diren arren urte arteko tasa %2 jaitsi da

Eustatek landutako datuen arabera, EAEko industria-prezioak %0,6 igo dira 2020ko abenduan aurreko hilaren aldean. Hala ere, 2019ko abenduarekin alderatuta, industriako prezioek %2 egin dute behera.

Un 20% de las industrias vizcainas tiene previsto reducir la plantilla y un 17% prevé aumentarla. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Industria-prezioak %0,6 igo dira 2020ko abenduan aurreko hilaren aldean. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

EAEko industria-prezioak %0,6 igo dira 2020ko abenduan aurreko hilaren aldean. Abenduko urte arteko tasa –azken hamabi hilabeteetan industriako prezioek izandako aldakuntza jasotzen duena– %2 jaitsi izan da.

Eustatek azaldu duenez, azterketa xeheago batek agerian uzten du ezen 2020ko abenduan honako sektore hauek izan dituztela prezioetako hazkunderik handienak aurreko hilaren aldean: Kokeriak eta petrolioa fintzea (%6,4ko igoera), Erauzketa-industriak (%1,8ko igoera) eta Produktu informatikoen, elektronikoen eta optikoen fabrikazioa zein Ura (%1,4ko igoera bietan). Aitzitik, prezioetan sektore hauetan izan dira hilabete arteko beherakadarik handienak: Energia elektrikoa, gasa eta lurruna (%0,8ko jaitsiera) eta Elikaduraren, edarien eta tabakoaren industria (%0,5eko murrizketa).

Ondasunen helburu ekonomikoaren araberako sailkapenari jarraituz, prezio-aldakuntzak desberdinak izan dira: Energiaren prezioak %2,7 igo dira, Bitarteko ondasunenak %0,3 hazi dira, eta Ekipo-ondasunenetan ez da, ordea, aldakuntzarik izan. Aldiz, Kontsumo-ondasunen prezioak, oro har, %0,2 jaitsi dira aurreko hilaren aldean, Kontsumo-ondasun ez iraunkorren azpisektorean %0,3 jaitsi direlako; Kontsumo-ondasun iraunkorren azpisektorean prezioak %0,2 igo dira.

Urte arteko terminoetan (2020ko abendua 2019ko abenduaren aldean), prezio-hazkunderik handienak honako adar hauetan gertatu dira: Ura (%6,2ko igoera), Produktu informatiko, elektroniko eta optikoen fabrikazioa (%5,2ko igoera) eta Garraio-materialaren fabrikazioa (%3,2ko igoera). Prezioen jaitsierarik handienak, berriz, honako sektore hauei dagozkie: Kokeriak eta petrolioa fintzea (%20,5eko beherakada), Ehungintza, jantzigintza, larrugintza eta zapatagintza (%4,1eko murrizketa) eta Makineria eta ekipoen fabrikazioa (%3,2ko jaitsiera) sektoreei.

Euskal Estatistika Erakundeak dionez, helburu ekonomikoaren araberako ondasun-talde handien prezioek urte arteko aldian izan duten aldakuntza positiboa izan da Kontsumo-ondasunentzat oro har, %2,2ko igoera izan baitute; «izan ere, Kontsumo-ondasun ez-iraunkorren prezioak %2,4 igo dira, eta Kontsumo-ondasun iraunkorrenak %0,9». Era berean, urte arteko terminoetan, Ekipo-ondasunen prezioak %0,8 igo dira, eta Bitarteko ondasunenak %0,7. Energiaren prezioak, aldiz, %12,9 jaitsi dira.