Ile apainketa eta estetikaren sektoreak BEZa jaisteko eskatu du Bilbo, Gasteiz eta Iruñean

Irudi pertsonaleko sektoreko profesionalek Bilbo, Gasteiz eta Iruñean elkarretaratzeak egin dituzte asteazken honetan BEZa %21etik %10era jaitsi diezaietela eskatzeko.

Bilboko elkarretaratzea. (@arcopeluqueria)
Bilboko elkarretaratzea. (@arcopeluqueria)

Hego Euskal Herriko irudi pertsonaleko sektoreko profesionalek (ile-apaindegi, bizargintza eta estetika zentroak barne) Gobernu espainiarrari eskatu diote asteazken honetan, Bilbo, Gasteiz eta Iruñeko kaleetan, %21etik %10era murrizteko BEZa, pandemia dela eta arlo horretan gertatzen ari den lanpostuen suntsiketa arintzeko.

EAEn bakarrik, 7.380 enpresak osatzen dute irudi pertsonalaren sektorea; horietatik 4.380 ile-apainketako negozioak dira, eta 2.600 estetikakoak. Horrela jarraituz gero, Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban 2.900 enpresa ixtea eta 8.000 lanpostu galtzea aurreikusten da.

Bizkaian, irudi pertsonalaren sektorea 3.186 enpresak osatzen dute, 2.200 ile-apaindegitan eta 986 estetika enpresatan banatuta. Manuel Perales Bizkaiko Irudi Pertsonalaren Elkarteko ohorezko presidenteak ohar bat irakurri du datu horiek ezagutzera emateko, eta esan du «Gobernu zentralak entzun egin behar gaituela, BEZak eta pandemiak ondorio suntsitzaileak izaten ari direlako gure sektorean».

«Funtsezko sektorea gara, eta hala aitortu digu Gobernuak pandemiaren garaian», azaldu du, bestalde, Esther Lozano kolektibo horretako bozeramaileetako batek Gasteizen egin duten elkarretaratzean.

Sektoreko ordezkariek gogorarazi dutenez, 2012ra arte zerbitzu horiek BEZ zerga murriztua zuten, orduan %8koa, eta Gobernua epainolak %21era igo zuen.

Kulturarekin lotutako beste sektore batzuei ere igoera bera aplikatu zieten, zinema eta loradendei eta horiei guztiei Gobernuak BEZ murriztua itzuli die, irudi pertsonalekoari izan ezik.

Pandemiaren ondorioz, gastuak handitu egin dira lokaletan, koronabirusaren aurkako protokoloak aplikatzeko, eta edukiera mugatuta dagoenez, sektorea itotzen ari dela salatu dute.

Ehun bat lagun Iruñean

Imanol Soria Ile-apaintzaile Batuak Plataformako Nafarroako ordezkariak salatu duenez, 2018an arau bat onartu zen irudiaren sektoreari BEZ murriztua itzultzeko, PSOEk eta Union Podemosek aurkeztutakoa. «Orduan oposizioko alderdiak ziren», baina «bitxia bada ere, alderdi horiek dira orain gobernatzen dute eta onartu zutena ez dute aplikatzen», kritikatu du.

Ehun pertsona inguruk parte hartu dute kontzentrazioan, eta ile-apaindegiek eta edertasun-aretoek aurrera daramaten «protokolo zorrotza» gogoratu dute ere.

Gainera, abenduan Elma Saiz Nafarroako Ekonomia eta Ogasun kontseilariarekin bildu zirela jakinarazi dute, euren eskaerak helarazteko, baina «orain arte ez da erantzunik izan».