NAIZ

Bizkaiko Aldundiak emakumeak ondarean duen papera azaltzeko Europako lehen foroa zuzenduko du

«Women's legacy Europe» da emakumeak kultura ondarean duen eginkizuna ikusaraziko duen Europako lehen foroa. Foro hori urtarrilaren 27an egingo da online, eta Bizkaiko Foru Aldundiak zuzendu eta koordinatuko du.

«Women's Legacy Europe» foroaren kartela. (Bizkaiako Foru Aldundia)
«Women's Legacy Europe» foroaren kartela. (Bizkaiako Foru Aldundia)

Bizkaiko Foru Aldundiak «Women’s legacy Europe» Europako lehen foroa zuzendu eta koordinatuko du datorren urtarrilaren 27an. Topaketa online egingo da 9.00etatik 14.00etara, eta ondarea genero ikuspegitik interpretatzeko Europako esperientziak bilduko ditu. Foroak datozen hilabeteetan proiektuari atxikitako lau bazkideekin egingo den lanaren oinarriak ezarri nahi ditu.

Topaketak hiru bloke tematiko izango ditu. Lehenengoa «Ondareari buruzko Europako Jardunaldien» programari buruzkoa da, Europako Kontseiluak sustatutako Ondarearen Komunikazioaren ohiko hitzordua. Erakunde publiko eta pribatuek, elkarteek eta boluntarioek kudeatutako jarduerak aurkeztuko dira, tokiko eremutik eremu nazionalera.

Bigarren blokean, garrantzi historiko, artistiko, politiko eta profesionalagatik zeharkako proiektuak osatzeko balio duten emakumeen profilak nabarmentzen dituzten ekimenak erakutsiko dira. Hirugarren eta azken blokean askotariko esperientziak erakutsiko dira, eta horien ezaugarri komuna da hezkuntza, prestakuntza eta emakumeen kultura ondarearen sozializazioa, nazio, eskualde eta toki mailako kultura ekipamenduetan zentratuta, genero ikuspegia funtsezko duten programak sustatzen baitituzte.

«Emakumeen emaria»

«Women’s Legacy Europe» proiektuaren jatorria 2018an egindako Ondareari buruzko Europako Jardunaldien kanpaina da: ‘Emakumeen emaria, Ondarea, Emakumeen emaria’. Ekimenaren arrakastak Bizkaiko Foru Aldundia arlo horretan sakon lan egiten jarraitzera bultzatu zuen.

Foroa Europako sarean parte hartzeko gonbidapena da, kultura ondarearekin zerikusia duen edozein arlotako jardunbide egokien adibideak partekatzeko: museoak, ikerketak, zabalkunde kanpainak, artxiboak eta liburutegiak, unibertsitatea, gizarte eta kultura eragileak, eta, azken batean, gizarte berdinzaleagoa, bidezkoagoa eta orekatuagoa lortzeko interesa duten pertsona guztiak.

Foroan izena ematea doakoa da, eta urtarrilaren 25aren aurretik egin behar da, Bizkaiko Foru Aldundiako webgunean.