NAIZ

EH Bilduk ongizate energetikoa bermatzeko lege proposamena aurkeztu du Legebiltzarrean

Koalizio abertzaleak oinarrizko hornidura energetikoa bermatzeko lege proposamena aurkeztu du Gasteizko Parlamentuan. EH Bilduko legebiltzarkideen arabera, pandemiak pobrezia energetikoaren arazoa larriagotu egin du eta egun 200.000 pertsona inguruk ez dute kalefakzioa pizteko gaitasun ekonomikorik.

Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea. (Endika PORTILLO/FOKU)
Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkidea. (Endika PORTILLO/FOKU)

Nerea Kortajarena eta Mikel Otero EH Bilduko legebiltzarkideek ongizate energetikoa bermatzeko lege proposamena aurkeztu dute gaur, «herritarren babesean jauzi kualitatiboa» emateko asmoz.

Kortajarenak azpimarratu duenez, «etxebizitza duina izatea ongizate sozialaren dimentsio nagusienetako bat da, eta hor ezinbesteko elementua da etxean herritar guztiek oinarrizko baliabide energetikoetarako sarbidea izatea».

Hala, EH Bilduk proposatu duen legeak herritar guztiei oinarrizko baliabide energetikoak bermatzea ahalbidetuko luke, «eskubide hori egikaritzeko sistema bat eraikiz, marko energetiko jasangarri batean, gainera».

Kortajarenak ohartarazi du 2008az geroztik pobrezia energetikoa areagotu dela Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eta egun 200.000 inguru direla kalefakzioa edo errefrigerazio egokiak lortzeko gastuei aurre egiteko gaitasun ekonomikorik ez duten herritarrak.

«Ongizate energetikoari dagokionez, arrakala handitzen ari da gurean eta horri erantzuteko politikak eta neurriak ez dira nahiko». Gainera, jakinarazi duenez, pandemiak arazoa larriagotu egin du eta, «inoiz baino gehiago, herritarrek ziurtasunak eta erantzunak behar dituzte, politika publikoetatik etorri behar direnak», azaldu du Kortajarenak.

Mikel Oteroren esanetan, proposamena pobrezia energetikotik harago doa, «ongizate energetikoaren kontzeptu berritzailea» gorpuzte aldera. Onartzekotan, debekaturik geratuko da energia hornidura moztea egoera zaurgarrian dauden kontsumitzaileei eta «ongizate energetikoa eskubide subjektiboa litzateke, Administrazioak bermatu beharrekoa, beraz».

18 eta 25 gradu arteko tenperatura

Modu horretan, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko herritar guztiek Oinarrizko Hornidura Energetikoa bermaturik izango lukete, bi irizpideren baitan: batetik, etxean 18 eta 25 gradu arteko tenperatura izatea eta, bestetik, hori lortzeko gastuak unitate familiarraren diru-sarreren %10 ez gainditzea.

Horretarako, lege proposamenak prestazio sistema bat planteatzen du: alde batetik, prestazio ekonomikoak; bestetik, teknologikoak, hala nola faktura energetikoa arintzen laguntzen duten gailu eraginkorrak eskuratzeko laguntzak.

Oterok azaldu duenez, EH Bilduk prestaziotetatik harago joan nahi du eta, hala, proposamenak azpimarra jartzen du etxebizitzen birgaitze energetikoan eta, energia berriztagarrien bitartez, autokontsumoaren edo komunitate energetikoen sustapenean, horrela CO2 isuriak eta fakturak murriztuko liratekeelako.