NAIZ

53 urteko behargin bat zendu da Ezkioko mendi batean lanean ari zela zauritu ostean

Lizartzako Basalan Arrospide enpresako 53 urteko behargin bat zendu egin da atzo Ezkion izan zuen lan istripu baten ondorioz. Moztutako zuhaitz bati adarrak kentzen ari zen langilea, adarretako bat gainera erori zitzaionean.

Lan istripuen aurkako protesta bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Lan istripuen aurkako protesta bat, artxiboko irudian. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Lakuako Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, istripua ostegun goizeko 10.35ean jazo zen eta zauritutako langilea Donostia Ospitalera eraman zuten anbulantzian. Ordu batzuk geroago hil zen. Gaur ostiralean eman da jakitera.

Ohar baten bidez, ELA sindikatuak azaldu duenez, biktima, 53 urteko gizon boliviar bat, Lizartzako Basalan Arrospide enpresakoa zen eta aurretik moztutako enbor bati adarrak kentzeko lanetan ari zen adar batek kolpatu zuenean.

Era berean, sindikatuak gogorarazi du Gipuzkoan abisu horia ezarria zegoela, orduko 100 kilometrotako abiadura gaindi zezaketen haize-bolada indartsuengatik.

2021. urtea hasi zenetik EAEn zendu den bigarren langilea dela azpimarratu dute, lehena Gipuzkoan.

Hildakoaren senide eta lagunei «elkartasuna eta babesa» adierazteaz gain, langileek pairatzen duten prekarietate egoera salatu du sindikatuak: «lan-erritmo jasanezinak, lanaldi amaigabeak, sektoreko hitzarmenak zein prebentziozko araudiak ez betetzea». Horren guztiaren aurrean administrazioek «sistematikoki» beste alde batera begiratzen dutela ohartarazi dute.

Baso-lanen sektorean ezbehar-tasa «bereziki altua» dela oroitarazi du ELAk eta, gaineratu duenez, «zoritxarrez, istripuek ondorio oso larriak izaten dituzte».

Hori dela eta, Lakuako Gobernuari eskatu dio «berehala ezar ditzala prebentzio legedia betetzen ez den kasuetarako kontrol eta jarraipen neurriak».

LABen babesa eta elkartasuna

LAB sindikatuak ere babesa eta elkartasuna erakutsi die hildakoaren gertukoei eta basogintza sektoreko jarduerak arrisku anitz dituela nabarmendu du. «Langileek lan desberdin asko egiten dituzte, askotan bakarrik, zenbaitetan lan gogorrak eta neketsuak, orografia berezian lan egiten dute, zarata pairatzen dute, estres termikoa, makinaria askotarikoa erabiltzen dute eta horrek, sektoreko ezbehar tasa altuari eragiten dio. Gainera, lan arriskuen alorrean prestakuntza gutxi jasotzen dute», azaldu du.

Gauzak horrela, basogintzan istripuen tasa handia dutela gogoratu du LABek. «Istripu larri eta hilgarriak izaten dira. Sektoreko sektoreko langileak arriskupean daude. Beraz, administrazio publikoei eskatzen diegu, berehala, neurriak har ditzatela langileen lan eta bizi kalitatea hobetzeko eta baita ere, lan arriskuen alorrean formakuntza plana martxan jarri dezatela», gaineratu du.

«Laneko biolentzia arazo larria da, arazo estrukturala, inposatzen diguten politika neoliberalaren ondorio zuzena. Prekarietateak hil egiten gaitu. Eusko Jaurlaritzari galdetzen diogu zein pauso emateko prest dagoen egoera eta eredu hau geldiarazteko? Prest al daude agenda politikoan lan istripuen arazo estrukturala kokatzeko?», adierazi du LABek.