NAIZ

Atxilotuek Aintzane Pujana prostituzioan aritzera behartu zutela uste du Ertzaintzak

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak eta Emakumeen Mugimendu Demokratikoak mobilizazioak deitu dituzte Aintzane Pujanaren erailketa salatzeko. Ikerketaren hipotesia da atxilotuek emakume donostiarra atxiki eta prostituzioan aritzera behartu zutela. 

Donostian, Emakumeen Mundu Martxak antolaturiko protesta Aintzane Pujanaren heriotza salatzeko. (Gorka RUBIO /FOKU)
Donostian, Emakumeen Mundu Martxak antolaturiko protesta Aintzane Pujanaren heriotza salatzeko. (Gorka RUBIO /FOKU)

Mugimendu feministak mobilizazioak deitu ditu Aintza Pujanaren erailketa salatzeko. Emakume donostiarraren gorpua urtarrilaren 4an agertu zen Aizarnazabalen, Urola ibaiaren ertzean. Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu hilketaren harira. Ikerketaren hipotesia da biek Pujana sexualki esplotatzen zutela.

Efe agentziak ikerketaren iturriak aipatuz zabaldu duenez, atxilotuek bere borondatearen kontra atxiki zuten Aintzane Pujana eta zuzenean «aginduta» edo «kontrolatuta» prostituziora behartzen zuten. Hilketa, legez kanpo atxilotzea eta sexu esplotazioa leporatzen dizkiete.

Hain zuzen ere, ikertzaileen hipotesia da prostituzioarekin zerikusia duen auziren batek eztabaida sortu zuela Pujanaren eta beste bi pertsona horien artean eta horren ondoren hil egin zutela.

Eferen arabera, Pujanaren heriotza ikertzen ari zirela poliziek auzi honekin antzekotasuna duen aurreko beste kasu baten berri izan zuten; horren arabera, atxilotuek beste emakume bat esplotatu zuten, mehatxu eta kolpeen bidez.

Udalaren adierazpena eta mobilizazioak

Donostiako Udalak deituta, elkarretaratzea egin dute eguerdian Alderdi Ederren. Udal taldeek erakunde adierazpena onartu dute eta Aintzane Punajaren hilketa «irmotasunez» gaitzetsi dute. Nabarmendu dutenez, «bere borondatearen kontra atxikita egon zen, eta gatibualdian esplotatua izan zen, indarkeria matxistaren bertsiorik gaitzesgarri eta onartezinaren beste gertakari batean».

Senideei babesa adierazi eta Udalak bere arreta zerbitzuen, babes juridiko, soziala eta psikologikoa eta behar duen laguntza guztia eskainiko diela iragarri du. Hilketa gaitzesteko antolatu diren deialdiekin bat egin du.

Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak elkarretaratzeak egin ditu arratsalde honetan Donostiako Bulebarrean, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan eta Iruñeko Udaletxe plazan. Biharko mobilizazioa 13.00etan izango da, Bilboko Arriaga plazan.

'Eraso sexistarik ez. Autodefentsa feminista' lelopean, ehun pertsona inguruk parte hartu dute gipuzkoar hiriburuko protestan. Elkarteko bozeramaile batek salatu duenez, eraso sexistek gizartearen erdiari «zuzenean» eragiten diote, eta feminismoa da «gaitz horren aurkako antidoto bakarra». Gainera, indarkeria sexista «lehen mailako arazo politikotzat» hartzeko eta «jarrera konplizeak alde batera uzteko» eskatu dute, «benetako neurriak» hartuz.

Emakumeen Mugimendu Demokratikoak ere elkarretaratzea deitu du arratsalderako 19.00etan Donostiako Bulebarrean. 'Aintzane Pujana atxikita, prostituituta eta erailda. El machismo nos mata' lelopean, 50 bat lagunek hartu dute parte, tartean, Arantza Gonzalez Elkarrekin Gipuzkoako batzarkide eta Ezker Anitza-IUko koordinatzailea.

Esther Piñeiro EMD/MDMko bozeramaileak hedabideei azaldu dienez, mobilizazioarekin hiriko azken hilketa matxista gaitzetsi dute, «gutxienez gaitzespen sozial sendoa merezi duelako». Gainera, «bahitutako, esplotatutako eta eraildako emakume bat indarkeria matxista» dela gogorarazi du.