NAIZ

Sarek eta Etxeratek txalotu egin dute presoak ekartzeko Nafarroako Parlamentuaren akordioa

Sarek eta Etxeratek eskertu egin dute Nafarroako Parlamentuko talde guztiek, Navarra Sumak izan ezik, ostegun honetan presoak Iruñeko kartzelara ekartzearen aldeko mozioari eman zioten babesa. Era berean, bi elkarteek akordioa sinatu duten sindikatuak ere nabarmendu dituzte.

Sarek eta Etxeratek ostiral honetan Iruñean egindako prentsaurrekoa. (Iñigo URIZ/FOKU)
Sarek eta Etxeratek ostiral honetan Iruñean egindako prentsaurrekoa. (Iñigo URIZ/FOKU)

Sarek eta Etxeratek eskertu egin dute Nafarroan lortutako adostasun politiko eta sindikal zabala herrialdeko presoak Iruñeko espetxera ekar ditzaten.

Bi elkarteek nabarmendu nahi izan dute Nafarroako Parlamentuan lortutako «akordio zabala», zeinaren arabera Estatu espainoleko Gobernuari, hala eskatzen duten presoei «beren errotze sozial eta familiarreko lekuetatik gertu zigorrak bete ahal izatea errazteko» eta «zigorra Iruñeko espetxean bete dezaten plan bat egiteko eskatzen duen».

Sareren eta Etxeraten esanetan, ebazpen garrantzitsu honek, «zalantzarik gabe, Legebiltzarrean proiektatzen den errealitate politiko baten argazkia islatzen du», eta horri Nafarroako eragile sindikalen erabateko konpromisoa gehitzen zaio. «Honi salbuespenezko espetxe politika behin betiko gaindi dadin Nafarroako gizartearen bultzada gehitzen zaio», azaldu dute.

Izan ere, PSNren, Geroa Bairen, EH Bilduren, Podemos-Nafarroaren eta Izquierda-Ezkerraren botoekin onartu zuten ebazpena, eta kontrako botoa eman zuen alderdi bakarra Navarra Suma izan zen. Gainera, ondoren sindikatu guztiek sinatu dute akordioa, hau da, CCOO, UGT, ELA, LAB, Steilas, Esk, Solidari, Hiru, EHNE, CNT eta CGTk.

Foro Soziala

Era berean, Foro Sozialak akordio hau lortzeko egin duen lana eskertu nahi izan dute. Sarek eta Etxeratek «garrantzi handiko» ekimen hau egiten den unea nabarmendu dute; izan ere, beren ustez «mobilizazio sozialak, ekimen sozial eta instituzional guztiek eta Nafarroan, EAEn, Ipar Euskal Herrian, Espainiako eta Frantziako estatuetan eta nazioartean egindako lanak, zalantzarik gabe, espetxe salbuespenaren amaieran behin betiko bultzada ematen lagunduko dute».