Agurtzane Belaunzaran (Argazkiak: Pedram Yazdani)

Mont Rebei arroila, paisaia basatia

Lleida eta Huescako lurretako paisaia basatiaren lekukoa da Mont Rebei arroila. Urak zizelkatutako haitzarte honi harkaitz artean zizelkatuko bidea gaineratu dio gizakiak. Egun bateko txangoa egiteko leku paregabea. Paisaiaren ederrak gora eta behera begiratzera behartuko du oinak han dituena.

Ingurune zoragarria Mont Rebei inguruan.
Ingurune zoragarria Mont Rebei inguruan.

Altuerak eta ibilbide estuak bihurtuko dira txango honetako protagonistak. Guk joan-etorrikoa burutuko dugu, Corça herriko La Pertusa aparkalekuan autoa utzi eta 9 kilometro izango ditugu aurrean La Masietako eremuraino. Noguera Ribagorçanako Natura Erreserban dago Mont Rebei arroila eta paraje basatian barneratuko gara 500 metroko harkaitzen artean. Egindako bidea deseginez, paisaiaren alde biak gozatuko ditugu begiak erne ditugula.

Bideari ekin eta berehala, begien aurrean, Mare de Deu La Pertursa baseliza erromanikoa bistaratuko dugu kasko batean. Hara joateko desira betebeharrekoa da. Antigoaleko gaztelu-dorre baten zimenduen ondoan eraiki zen XI. mendean eta ikuspegi ezin ederragoak eskaintzen ditu. Ezkerretara, Canelleseko urtegia eta eskuinetara, Noguera ibaia eta haitz demasakoak ditu. Grabitatearen lege guztien kontra doa baseliza txiki hau, eta bertigoa dutenentzat ez da lekurik egokiena. Toki ederra den arren, bideari ekingo diogu ongi seinaleztatutako xenda bat jarraituz, GR1 ibilbidearen zati baita hau. Ez dago galtzerik. Naturak ere ezarri dizkio bideari muga gaindiezinak, mendia eta errekaren artekoak, alegia.

Arroilaren hegoaldean pasatu dugu eguna eta bidean, artea zuhaitzak eta sastrakak izango ditugu bidelagun, landaretza mediterraneoa. Atzean utziko ditugu urtegia eta baseliza eta pixkanaka mendiaren magalean behera eramango gaitu bideak. Utzitako masiak ere pasako ditugu. Poliki-poliki, paisaiaz gozatuz goazen bitartean, arroilako paretatzarrak gertuago sentituko ditugu eta bideak errekarantz eramango gaitu.

Lleidako lurretan ditugu oinak eta Masietara arteko bidea ere Kataluniako parajeetan egingo dugu. Ibilibidearen erdian, ordea, Huescara, errekaz bestaldera, joateko aukera dago. Montfalco zubi zintzilikatua gurutzatu eta harkaitzetan eraiki duten pasarela bertikalak turista andana erakarri ditu. Ibilbide bertikal honen inpaktu naturalak sortu du zer esana kontserbazionista eta naturzaleen artean, guztiz beharrezkoa ez den estruktura eraiki baitute ibilbideari ikusgarritasuna emateko. Lehendik bazen beste bide bat, gainera, oraindik ere irekia dagoena.

Haitz arteko xendan bi kilometrotan

Guk arroila dugu jomuga. Pasarela bertikala urrundik ikusiko dugu, ez dugu bi lurraldeen arteko mugarik gurutzatuko. La Masietara bidean ditugu oinak eta begiak berriz, gero eta estuago doan mendi tartean eta ezerezaren arteko bidean. Harkaitz artean zizelkatutako bideak bi kilometro inguru ditu. Eskuleku bat ere badu, altuerak errespetua sortzen dienentzat. Paisaia zoragarria da. 500 metroko mendi artea zeharkatzen dute turkesa koloreko Noguera ibaiko urek eta, urteen joanean, urak landutako bertikaltasunez gozatuko dugu begiekin goiak eta beheak joz.

Han goian, berriz, hegazti harrapakarien hegaldi dotoreak: ugatzak, sai zuria eta sai arrea tartean-tartean. Hegaztien maitaleek kataloxak eramatea ezinbestekoa izango dute txango honetan. Harkaitz arteko xenda estuan eguzkiak sartzeko aukerarik ez du eta tenperatura ere nabarmen jaisten da. Udaran gustura hartzen da freskura; beste urte sasoietan estalkiren bat beharrezkoa da. Une batean, ibaiaren bestaldeko harkaitzak gerturatu egiten dira, arroilaren punturik estuenean 20 metroko zabalera hartuz.

Landaretzak ez du protagonismo asko bidezidor estu honetan, baina bidea zabaltzen doan heinean, hariztiak agertuko zaizkigu, Mont Rebeiko iparraldeko landaretza. Sant Jaume zubi eskegia gurutzatu eta honekin batera gure paisaia zabaldu egingo da. Berehala, joaneko ibilibidearen amaiera dugu begi-bistan, La Masieta, eraberritutako masia. Bertan, informazio gunea dago. Bertan kantinplora urez betetzeko aukera aprobetxatzea gomendagarria da oso.

Atseden une baten ostean, ibilbidea desegin behar dugu kontrako noranzkoan. Oinez egitearen esperientzia errepikatu nahi duenak hegoalderantz jo beharko du berriro, egindako bidea deseginez edota errekak ur emari txikia duenean, eraiki zen lehen bidea egin daiteke. Betiere, bidea irekita dagoela baieztatu ostean. Bada ordea, itzultzeko beste modu erakargarri bat. Piragua bat alokatu eta Noguera ibaiaren korrontearekin batera, arroila eder honetan barneratu eta arraunean hasierako punturako bidea egin daiteke.