Andoni Urbistondo

Etxauriko Haitzak, Erresuma zaharraren bihotza

Hiru platereko menua eskaintzen du. Lehena, 500 eskalada bide baino gehiago dituen eskola entzutetsua. Bigarrena, bizpahiru orduko txango zirkular lasaia, Etxauriko gailurrean barrena. Eta postrea, Etxauri herrixka dotorea, erresuma zaharraren bihotzean zutitzen diren haitz ikusgarrien babespean.

1.136 metroko behatoki bikaina.
1.136 metroko behatoki bikaina.

Euskal herritar askok ezagutzen dute mendi hau. Horietako gehienek urrunetik, Nafarroa ipar-hego edo alderantziz zeharkatzen duen A-15 autobidetik oso agerikoa baita. Iruñeko lautadatik mendebaldera, mendi biribildu bat agertzen da nagusi: «Etxauriko Gaztaundia» esaten diote, mendi puska ikaragarria baita. «Sarbil» ere esaten diote, 1.136 metroko behatoki bikaina. Urrutitik erakargarria, eta gerturatuta, aberatsa.

Ehunka mendi daude Euskal Herrian, eta denok ditugu batzuk besteak baino kutunagoak, askotan errepikatzen ditugunak, baina ezagutzen ez den mendi, gailur batera igotzea beti da erakargarria. Ezin baita jakin zer aurkituko duzun, txangoak asebeteko zaituen. Lehen zertzelada ederra da. Etxauriko Haitzen magalean gora egiten duen errepide bakartia, zikloturistaz josia, eta errepide bazterretan hainbat auto eta furgoneta gordetzen dituena.

Etxauriko Haitzen altxorrak erakarrita bertaratzen dira. Etxauriko eskalada eskola Nafarroako eta Euskal Herriko ezagunenetakoa da. 500 bide baino gehiago ditu, 40 sektoretan baino gehiagotan, zailtasun gradu anitzekoak: bosgarren eta seigarren gradutik hasi, eta bederatzigarren graduko zailtasuneraino. Etxauriko Haitzak kareharrizko haitzak dira, haitz onak eskalatzeko, eta bide luzeenak 100 metro ingurukoak dira.

Honek Euskal Herriko beste eskalada eskola askok ez duten altxorra dauka: eguraldia. Nafarroako erdigunean dago Etxauri, Urbasa-Andia-Entzia goi lautadaren ekialdeko ertzean. Han, eguzki orduak kilometro batzuk iparrerago baino askoz gehiago dira. Nafarroa erdi eta hegora usu joaten denak badaki Irurtzuneraino eguraldia bat dela, eta handik aurrera, beste bat. Zenbatetan, Kantauriar isurialdean lainoa eta euria, eta Iruñerrian, laino bakan batzuk baino ez, eta tenperatura askoz goxoagoa. Eskalatzeko haitzak, gainera, hego isurialdean daude; eguraldi ona ia-ia berme bat da Etxaurin.

Bi ordu pasatxoko txango erosoa

Etxauriko Haitzek aukera ugari eskaintzen dituzte gailurreraino iristeko. Herritik bertatik 20 bat kilometroko ibilbide  zirkularra egin daiteke, egun osoko txangoa egin nahi bada. Mortxe gailurra aurrena, Azantza herriko soroetan barrena Etxauriko Haitzetara buelta ondoren, eta handik abiapuntura. Ziritzako eskaileretatik ere polita da txangoa, koskaz koska eta amildegitik nahiko gertu, gailurrera iritsi arte. Bueltako bidearen zatirik handiena, ordea, errepidetik egin behar da, igoerako bide bera errepikatu nahi ez bada, bizpahiru kilometro astun.

Horregatik, txango errazena mendate gainetik kilometro pasatxora dagoen aparkaleku batean hasten dena da. Bidezidorra aparkalekuaren beste aldean hasten da, haitzen azpian, eta ez dauka galbiderik. 780 metrora hasten da, eta ordu erdi eskasean Santa Luzia ermitara iristen da. Ezpel eta artez josita daude bide ertzak, eta zenbaitetan, zuhaiztia hain itxia ez denean, panorama dotorea agertzen da begi aurrean. Etxauriko Haitz tenteak, Ziritza herria eta Arga ibaiaren meandroak Garesera bidean... Ermitan bidegurutzea dago (874 metro), eta eskuinaldetik basoan barneratzen den bidea hartu behar da. Ez dauka galbiderik.

Ermitatik gora malda gogortu egiten da. Haitzak gertu daude eta bidezidorrak azkar hartzen du altuera. Baselizatik 10-15 minutura aukeratu egin behar da. Eskuinerantz, haitzen azpira azalduko gara berehala. Hor soka bat dago, hiruzpalau metroko irtengune bat gainditzeko. Ez dauka zailtasunik eta aise pasatzen da. Sokatik igotzea arriskutsuegia dela uste duenarentzat, bidegurutzean ezkerrera egin behar du, eta Etxauriko pagadi dotorean murgildu. Pagoak sendoak dira, handiak, eta txoko hori funtsezkoa da bertako hezetasuna, landaredia eta zuhaiztia babesteko. Ez da eguzki izpirik txikiena ere sartzen pagadiaren bihotzera, eta barruan egonda sentitzen den bakea gozamen hutsa da. Ordu erdi eskasean atzean uzten dugu pagadia, gure kokaleku zehatza zein den ziurtasun gutxi dugula.

Baina ataka berde batek bide onetik goazela ziurtatzen du. Bat-batean miraria gertatzen da, zuhaitz eta hosto anabasa zena erabat desagertzen da, arteak borroka irabaziz. Metro edo metro eta erdiko arteak, ikuspegia oztopatzen ez dutenak. Bidea erosoa eta leuna da, 1.000 metrotik gora, dagoeneko, eta ordu laurden eskasean gailurra jotzen da. Santa Kruz ermita dago bertan, Santa Luziakoa ez bezala, hau irekita. Zutabe erraldoi bat ere badago, gurutze batekin, eta Anaitasuna mendi taldearen etxetxoa eta plaka.

Bista ikaragarriak

Gailurra behatoki ederra da. Etxauriko Haitzek ez dute mendate garaiagorik kilometro askoan, eta mende-balde-ekialde, ipar-hego, Euskal Herriko mendi ezagun ia guztiak ikusten dira, hatzekin ukitzeko moduan. Gertu, ipar-ekialdera, Orhi, Auñamendi, Hiru Erregeen Mahaia eta beste agertzen dira harro. Harro eta harri. Harri gris, udazkeneko lehen elurraren zain. Itzagaondoa eta Higa (Elomendi) ere tente agertzen dira, eguzkiak irensten ez duen behe lainoaren gainetik. Erreniega, Garesko soroak, Allozko urtegia, Deierri bailara osoa, hori kolorez jantzia, oraindik.

Eta Lizarrako bi zaindariak: Montejurra (Jurramendi) eta Monjardin. Urrunago, Joar eta Kodes mendilerroa, Kantabriako mendikatea eta, ipar-mendebaldean, Beriain, Aratz eta Aizkorri, Txurregi, Gaztelu, Erga eta San Kristobal, Irurtzun gainean. Baita Iruñea hiriburua eta Iruñerria bailara osoa ere. Jaitsiera bide beretik ez errepikatzeko, igoeran hartu ez dugun bidea har dezakegu. Cairn edo harri pilaketei jarraituz, bidezidorrak hutsunea bilatzen du ustez zirrikiturik uzten ez duten haitzen artean, gailurretik ekialderantz eginez gero. Eskailera antzeko batzuk jaitsita, igoeran ikusi dugun soka topatuko dugu, arrokara itsatsita. Ipurdiz jaistea komeni.

Ez dauka misterio handirik. Oztopo hori gainditu eta 20 minutuan autora iritsiko gara. Autoan, dagoeneko, azken begiratua ematea komeni, eskalatzen ari diren kirolariei. Eta Etxauri herrian bertan azken geltokia, hango eraikinak ikusi eta Etxauri mendilerro ederrari azkenengoz so egiteko.