Haritz Larrañaga

Saltoki handiek ez dietela behar bezala ordaintzen salatu dute laborariek Baionan

Baionako E.Leclerc saltokian egin duten mobilizazioan haien mozkinak ez direla behar bezala ordaintzen salatu dute FDSEA 64 sindikatuko laborariek.

Sei traktore aparkatu dituzte laborariek saltokiarean kanpo aldean. (Guillaume FAUVEAU)
Sei traktore aparkatu dituzte laborariek saltokiarean kanpo aldean. (Guillaume FAUVEAU)

Saltoki handietan ezartzen diren prezio baxuekin ezin dutela lehiatu, haien mozkinak ez direla behar bezala ordainduak eta mozkin batzuekin irabaziak baino galerak dituztela salatu dute FDSEA 64 sindikatuko 30 laborari inguruk Baionako E.Leclerc supermerkatuan burutu duten ekintzan.

Sei traktorek aparkatu dute saltokiaren aitzinean eta plastiko beltzeko pankarta baten gainean pintaketa sinboliko baten bitartez «gure lanak prezio bat du» goiburua idatzi dute. Jarraian, supermerkatura sartu dira eta prezio baxua duten produktuen ondoan pegatinak ezarri dituzte.

«Adibidez, esnea, litro bakoitzeko 0,35 zentimo ordaintzen digute, baina guretzat 0,40 zentimoko gastua du, beraz jada galtzen ateratzen gara, eta beraiek 0,72 zentimotan saltzen dute», azaldu du Jean-Jackes Diribarnek, FDSEA sindikatuko gazteen taldeko kideak.

Pegatina gehienak harategiko produktuetan ezarri dituzte. Horrela, ekimena amaitu ostean, prezio baxuko produktu askotan irakur zitekeen «nik ez dakit hau nondik datorren» leloa. Bestalde, erosleen artean banatu dituzten eskuorrietan jakinarazi dutenez, behi haragiak 4,5 euroko kostua du abeltzainarentzat, eta eroslearentzat, ostera, 12 eurokoa. Ordea, supermerkatuko apalategietan arras prezio apalagoak aurki daitezkeela erakutsi dute ekintzaileek.

Laborariak kaltetuenak ekoizpen katean

Laborarien esanetan saltokietan diren mozkinetatik soilik %6,56 irabazten du nekazariak. %10,50 zergak dira, beste %14,40 produktua saltokietara egokitzeko prozesuan xahutzen da eta gainontzeko %68,60 garraioari, zerbitzuari eta salmentari dagokio. Alegia, produktu baten prezioaren ia %70 saltokiei bideratua izaten da.

E.Leclerc, Super U, Carrefour eta Intermarche bezalako saltoki handietan ezartzen diren prezio baxuen ondorioz, nekazariek galerak sufritzen dituztela eman dute aditzera laborariek, baina Diribarnek azpimarratu duenez, prezioak ezartzerako orduan guztien artean «Egalim legea gutxien errespetatzen duena E.Leclerc da, horregatik hautatu dugu Baionako saltokia, gure lana behar bezala ordaindu behar zaigula esteko».

Hain zuzen ere, Egalim legearen helburuetako bat ekoizleen lana behar bezala ordaindua izatea da, horretarako mozkinei ezartzen zaien prezioan ekoizleen lana kontuan hartzen delarik. Aitzitik, arau hori ez dela beti egoki aplikatzen salatzen dute laborariek eta urtarriletik, banatzaile eta industrialen artean izaten ari diren bilkuretan haien ahotsa entzuna izan dadila aldarrikatzen dute.