Ion Salgado

Energia jasangarria Apilaizen, duela mende bat Hanburgotik heldutako turbinari esker

Duela mende bat eraikitako antzinako errotaren turbina eta Karrantan presa zaharra zaharberritu ditu Arabako Foru Aldundiak. Adierazi duenez, instalazio txiki horrek Apilaizko argiteria publikorako behar adinako energia sortuko du.

Ramiro Gonzalez Apilaizeko errota zaharrean. (AFA)
Ramiro Gonzalez Apilaizeko errota zaharrean. (AFA)

Arabako Foru Aldundiak Apilaizko errota zaharreko turbina zaharberritu du. Instalazio hidrauliko txiki honek urtean 40.000 kW/ordu sortuko ditu, herriko argiteria publikoa energiaz hornitzeko nahikoa.

«Energia jasangarria eta zero kilometrokoa izango da, eta atmosferara gutxienez 15,5 tona CO2 isurtzea saihestuko du», azaldu du Arabako ahaldun nagusiak, Ramiro Gonzalezek.

Adierazi duenez, ekimen aitzindaria da EAEn, trantsizio energetikoa bultzatzeko tamaina txikiko  proiektuen aldeko apustuan. «Energia jasangarria sortzeko proiektu guztiak dira garrantzitsuak lurralderako: handiak, hala nola Ekian eguzki parkea; ertainak, esaterako, etorkizunean egingo diren Ekiolak; baita txikiagoak ere. Denek egiten dute ingurumenaren alde eta aldaketa klimatikoaren kontra», nabarmendu du.

Ingurumen Sailak hainbat urte daramatza Apilaizko errota zaharberritzen, «antzinako jarduera errespetatzeko asmoz». Izan ere, turbina berri bat jarri beharrean, zaharra zaharberritu dute. 1921ean heldu zen Hanburgotik 3.160 pezetaren truke. Mendebete geroago, instalazioa erabat automatizatuta dago eta ordenagailu edo smartphone bidez programatu daitezke.

Gainera, Karrantan presa-urmaela, hodiak eta presa txikia birgaitu dituzte, guztira 400.000 euroko inbertsioa eginda. Aldundiak, bidez batez, presa eta errota lotzen dituen ur hodiaren trazadura aprobetxatu du bidezidor txiki bat egokitzeko, bisitariak Karrantan inguru ikusgarrira hurbildu daitezen.