Interview
Irati Bilbao
Musikaria

«2020ak nire urtea izan behar zuen, baina pandemiak dena eraman zuen»

Irati Bilbaok argitaratu berri du bere lehen diskoa, ‘Begin’. Artearen Historiako ikasketak amaitu ondoren, durangarrak musikari ekitea erabaki eta bide berri bat hasi zuen Musikenen. Aldiz, pandemia dela eta, Bilbaok ezin izan du oraindik bere lana aurkeztu. Egun musika irakaslea da. 

Irati Bilbao. (Gorka IRAUNDEGI)
Irati Bilbao. (Gorka IRAUNDEGI)

Artearen Historian graduatu zinen. Noiz hasi zinen pentsatzen musikan modu profesionalean aritzea?
Ikasten nenbilenean talde amateur batean ari nintzen. Une horretan musikari profesionalak ziren pertsona batzuk ezagutu nituen eta, horri esker, ekitaldi batzuetan ordezko bezala lanean hasi nintzen. Horrenbestez, abesteagatik lehen aldiz dirua irabazteko aukera izan nuen. Modu profesionalean aritzeko edo aritzen saiatzeko aukera ikusi nuen hor.

Nola hasi zen «Begin» diskoaren proiektua?
Artearen Historiako karrera amaitu nuen EHUn eta Irlandara joan nintzen urtebetez. Bertan nengoela, asko botatzen nuen faltan abestea. Bueltan, irakasle batek planteatu zidan Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegian sartzeko proba egitea. Hasieran pentsatzen nuen ez nintzela gai horrelako goi maila batean aritzeko, baina sartzea lortu nuen. Musikenen lau urte eman ondoren, pasa den urtean ikasketak bukatu nituen. Hain zuzen, “Begin” diskoa eskolako laugarren mailan grabatutako lan bat da.

Beraz, Musikenerako egindako lan bat da grabatutako disko profesionalaren oinarria.
Egia esan, hasieran ez nuen argi diskoa grabatzea. Musikenen ezagututako kideak toki ezberdinetakoak ziren eta ez nekien proiektuaren etorkizuna zein izango zen. Hala ere, Oiartzungo Mecca Recording Studios-en modu profesionalean grabatzeko aukera sortu zen 2019ko udazkenean eta taldekideekin batera erabaki nuen aurrera egitea eta, behin emaitza ikusita, baita diskoa argitaratzea ere. Egun batean grabatu genuen.

Nolakoa izan zen lagun eta klasekideekin grabatzea?
Pandemia heltzean kontziente izan naiz posible dela Musikenen lau urte alboan izandako lagunekin ez jarraitzea. Izan ere, martxoan elkarri agur esan genionean Aste Santuen bueltan elkar ikusiko genuela uste genuen, eta ordutik ez dugu elkartzerik izan. Beraz, niretzako oso berezia da haiekin jo izana eta lan hori grabatuta geratzea, ez baitakit berriro elkarrekin jotzeko aukera izango dugun.

Diskoa grabatu zenutenetik, gauza asko gertatu dira. Zer eragin izan du pandemiak?
Gure plana zen 2019ko udazkenean grabatzea, 2020ko udaberrian diskoa festibaletara bidaltzea eta udan jotzea. 2020ak nire urtea izan behar zuen: Musikeneko ikasketak amaitu, lehen diskoa atera, festibal batzuk lotuta nituen... Azkenean, pandemia etorri zen eta dena eraman zuen aurretik. Horregatik, pasa den urteko udaberrian beharrean, udazkenean irten zen diskoa. Gainera, hitzartutako kontzertu guztiak bertan behera geratu ziren eta orain ez nago ziur diskoa zuzenera eramateko aukerarik izango dugun.

Estilo nahasketa nabaria da diskoan: jazza, popa, swinga... Zuk nola definitzen duzu?
Orokorrean, jazz diskoa da. Musikenen jazz kantuan graduatu naiz eta estilo horretan sentitzen naiz eroso. Baina egia da jazzak estilo asko uztartzen dituela eta jazzaren barruko estilo batzuk klasikoagoak direla, beste batzuk popera gehiago hurbiltzen direla... Oraindik ere puristak egon arren, musika gero eta eklektikoagoa da jazza.

«Begin» hasiera besterik ez da. Zer helburu dituzu orain?
Gustatzen zait pentsatzea etorkizunean jarraitu ahal izango dudala abesten eta agertokien gainean egoten. Hori da nire ametsa. Hala ere, errealitatea zein izango den ez dakit. Egun bizitzen ari garena oso momentu latza da kulturarako, baina optimista izaten saiatzen naiz.