Andoni Urbistondo

Mendaur, behatoki paregabea

Geologikoki ez da Pirinioetako mendia, baina bai Pirinioak ikusteko behatoki ederra. Eta hango mendi asko bezala, harritsua eta alpinoa da. Harritsua, halako haitz konglomeratu pilaketa bereziak babesten baitu gailurra. Naturak sortutako harri festarekin nahiko ez, eta gizakiak ere lagundu du.

Mendaur gailurrera daramaten eskailerak.
Mendaur gailurrera daramaten eskailerak.

Gailurrean ermita handi bat eraiki zuten 1692an, 1963an berreraikia, Trinitate ermita. Eta hara igotzeko, hainbat eskailera prestatu. 60 dio bibliografiak, baina askoz gehiago dira. Gailurrean, eta fededun izan edo ez, denbora egingo duzu. Mendaurretik behebehean ikusiko dituzu Ituren eta Doneztebe, 1.000 metro beherago. Edo Arantza eta Donostiako itsasoa, itsas banalerrotik iparrera dauden mendi asko. Eta noski, Pirinioak. Hasi Hauza piramidearekin, eta bukatu oraindik zuri dauden Belagua aldeko tontor garaiekin.

Txoko egoki asko daude Nafarroa iparrean neguan mendiko eskia egiteko, edota elurrik gabe, osteratxo lasaia egiteko. Mendi belartsuak baitira Leitza, Goizueta, Bortziriak eta Malerreka bailaretako mendi eta muinoak. Mendaurrera, baina, eskizale gutxi igotzen dira. Askoz gehiago topatuko dituzu Irakurrin, Eguzkizko muinoan edo Urepel aldean. Oinez edo korrika doazen mendizaleak, aldiz, askoz gehiago Mendaurren, aurreko hiru mendietan baino.

Mendaur Nafarroa eta Kantauriar isurialdeko gailur mitikoa baita. Inguruan dagoen garaiena izateaz gain, ikusgarriena ere bada geologikoki. Alboan dituen Mendieder, Ekaitza eta Loitzate biribilduagoak dira, belartsuak, goi lautada batean apenas nabarmentzen diren muinoak. Mendaur gailur tentea harroa da, eta urrunetik argi bereizten dena beste guztiengandik. Goi-goian ermita erraldoi bat du, Trinitate, eta begiratzen duzun tokitik begiratuta ere, beti ikusiko duzu ermita, hiru mende pasa baino gehiago baitaramatza han, milaka mendizaleren otoitz gune, edota erautsi egunetan babesa emateko.

Mendaurrek egun beteko edo egun erdiko aukera anitz eskaintzen ditu. Iparretik Arantza da abiapuntu. Hegotik Ituren (Ittuna, bertakoen ahotan) eta Aurtitz auzoa, eta ekialdetik Sunbilla. Hiru herri horietan has daiteke goranzko bidea (Elgorriaga eta Doneztebetik ere bai), baina aintzat hartu hiruretatik 1.000 metroko desnibela gainditu behar dela (Arantzatik gutxixeago), eta txangoa bospasei orduraino luza daitekeela, aise.

Txangorik aberatsena, hiru herri horietako batean hastea, eta bestean bukatzea da, baina horrek azpiegitura egokia behar du. Alegia, herri bakoitzean autoa uztea. Egun erdiko txangoa hobetsiz gero, txangoa Mendaurko urtegitik hastea, onena. Iturengo Aurtitz auzotik, Mendaurko hego isuritik, pista bat iparrerantz joaten da, eta bost kilometrotan urtegira irits daiteke. Pista hainbestean dago, zati batzuetan mantso joan behar da autoarekin, hautsi samar dagoelako. Urtegia 700 metro pasatxora dago, Mendaur azpian. 1.000 metroko desnibelari puska handia kentzen zaio, beraz. Bertatik Buztiz lepora doan bidea hartu behar da.

Ez dauka galbiderik, eguna garbia bada, Mendaur eta bere ermita beti gure iparrera agertuko baitira. Urtegia inguratzen duen pistari segitu behar zaio, eta Ekaitza mendira doan bidea ezkerrera utzita, maldan gora hasi erreka txiki baten ondoan dagoen atseden gune polit baten ondoan. Informazio panel bat dago han, Mendaurko Zohikaztegia.

Buztiz lepora bidean malda serioa da. Izerdi tantak botago ditugu, eta hauspoa berotu, ziur. Baina ordu erdian 935 metrora dagoen lepora iritsiko gara. Aziendarako eskorta bat eta zutarri edo menhir bat daude bertan. Mendebaldera, Mendieder belartsua ikusten da. Ekialdera, Mendaur eta Trinitate ermitaren ertza. Eta berau inguratzen, haitz konglomeratu piloa. Ordu erdia beharko dugu Mendaur gaina iristeko. Bidea garbia da, hego isuritik sigi-saga etengabea, gailurra babesten duten harritzarretatik ezin baita igo. Hurbildu ahala, baselizaren dimentsioak ikaragarri handitzen dira. Azken ahaleginean, 100 bat eskailera igo behar dira, pasabide berezi batean. Eta azken berotua. Beste 60 eskailera igo, eta ermita atarira iritsiko gara. Han, bi ateak ireki eta barrura sar gaitezke. Bi gune ditu, bat handia, eta bestea txikiagoa, bakoitza bere ate metalikoarekin.

1963an berreraiki zuten ermita, auzolanean

Baseliza dotorea da, eta egun handia Trinitate egunean izaten da urtero. Pazko Asteko igandearen ondorengo zazpigarren igandean ospatzen da, eta ehunka mendizale igotzen dira bertaraino. Batzuk egun horretan ematen diren bi mezak entzutera, ermitan tokitxoa aurkituz gero. Tradizioak dio desio bat eskatu eta ermita hiru aldiz inguratzen duenari (ezkerreranzko joeran) desio hori bete egingo zaiola. Urteko egun handia izaten da Iturenen, baina Bortziriak, Malerreka eta beste eskualdeetako jendea bertaratzen da.

Menditik bueltan, mendizaleak urtegiaren inguruan batzen dira hamaiketako oparoa egiteko, eta arratsean, Iturenen, festa giroa nagusitzen da, erromeria eta guzti. Mendaur Iturengo lurretan dago, baina inauterietan bezala, Trinitate egunean Euskal Herriko txoko askotako jendea batzen da herri hartan.

Baselizan informazio interesgarria ematen duen koadro handi bat dago, gela handian. Han azaltzen da 1692an eraiki zutela ermita, eta 1963an eraikia izan zela, auzolanean. Lan horretan parte hartu zuten iturendar guztien izena zerrendatzen da, izen eta abizen (azken hori parentesi artean), guztien garaiko argazki eder batekin. Ermitarena ere azaltzen da, berreraiki aurretik.

Tradizioa betetzen saiatu, eta ermitari lehen buelta ematen bukatzerako eguzkia lainoak hausten hasi da, eta aurrez aurre azaldu diren mendiei begira, hiru itzuliko tradizioa ezin osatuta geratzen da mendizalea.

Mendaur gaineko ikuspegia aberatsa baita. Lau puntu kardinaletan azaltzen direnak esanda, jabetuko da dabilena Mendaurrek bere baitan duen altxorraz: ekialdera Pirinioak, zuri, Orhi, Petretxema, Hiru Erregeen Mahaia, Auñamendi eta beste. Iparrera, gertu, Arantza herria, Bortzirietan, eta urrunago, Igeldo eta Donostiako badia, Larhun eta Aiako Harriekin batera. Mendebaldera, Mendieder, Ekaitza eta Loitzate, Mendaurren anaiak, eta Hernio, Adarramendi eta beste. Eta hegora, itsas banalerroa, Belaten hasi eta Basaburuko bailara berdeekin. Ase ez denarentzat, Mendieder eta Ekaitza gailurrak Bustizko lepotik esku-eskura daude, ordubete eskasean bi gailurrak igo daitezke. Handik ere, nola ez, Mendaurreko ermita tente azalduko zaigu.