Ura Iturralde

El Alto, munduko hiririk garaiena, arnasarik gabe uzteko gaitasuna duena

Boliviako hiririk populatuenetarikoa da eta baita gazteena ere. Gainera, munduko hiririk garaienetakoa da, itsas mailatik 4.150 metrora baitago. Hori izan liteke bisitariak arnasarik gabe uzteko El Pasok duen gaitasunaren arrazoia, baina ez bakarra.

Munduko hiririk garaienetakoa da El Alto.
Munduko hiririk garaienetakoa da El Alto.

Aireportutik irten orduko arnasestuka hasi naiz, jendetzaren artean mantso-mantso oinez noala. Hamaika koloretako jantziekin apainduta han eta hemen gurutzatzen zaizkit emakumeak, leihatila zabalik daramaten auto eta «trufi»-etako (taxi kolektiboak) irratietako musika alaiak kolpatzen nau... kaosa da nagusi nire inguruan. Boliviako El Alto hirian galduta sentitzen naiz, agian bidaia luzeak eragin didan nekeagatik. Poltsa aireportuko kutxatilan utzi eta hiria ezagutzera noa, denbora galdu gabe.

La Pazeko departamentuan kokatua, El Alto Boliviako hiririk populatuenetarikoa izateaz gain, gazteenetarikoa ere bada. Pentsa, 1985. urtera arte auzo bat besterik ez zen. Geografikoki La Pazeko goialdean dago eta munduko hiririk garaienetakoa da, itsas mailatik 4.150 metrora baitago. Hiri pobrea da eta iskanbilatsua; bertako kaleetan kontu handiz ibili behar da; are gehiago, iluntzen duenean. Aipatzekoa da bertako kultur aniztasuna, urtero 2.500 lagun inguruk aldatzen baitute bizitokia La Paz-etik El Altora. Horietako gehienak gazteak dira, lan bila etorriak. 6 urtetik gorako biztanleen %85en ama-hizkuntza gaztelera da, %39,56k aimaraz eta gazteleraz daki eta %3,67k, aimaraz soilik. Beraz, biztanleriaren %40 elebiduna da.

Azpimarratzekoa da, halaber, bertako emakumeen egoera, pixkanaka hobetzen ari den arren, ez baita batere erraza. Beraiek dira kale-salmentan aritzen direnak, umeak alboan eta gainean dituztela, soldata negargarri baten truke. Ez dute mediku-asegururik, ezta erretiro planik ere, jakina. Ikasketak alde batera utzi behar izan dituzte eta seme-alabekin kalera irten, haurtzaindegia ordaintzeko dirurik ez dutelako.

Gaur egun, zorionez, El Alto hirian zenbait egitasmo daude egoera horri aurre egiteko. Martxan jarri dituzten eskoletan, esaterako, emakume indigenek ofizio bat ikas dezakete doan; gozogintza, jostungintza ikastaroak... aukera zabala dute. Umeak haurtzaindegian utzita, ikasketak lasai burutu ditzakete senarrak oztopatzen ez dituen bitartean. Matxismoa ere arazo oso larria da hemen, baina ez hirian soilik, herrialde osoan baizik. Milaka dira hiesa duten emakumeak; gehiengoa gazteak, 15-24 urte artekoak. Bada lantalde famatu bat gaixorik dauden emakumeen alde borrokatzen dena. Jostungintza irakatsi ondoren, egindako produktuak.

Europan saltzen dituzte dirua lortu ahal izateko, gaixoek bizi duten egoera larriari aurre egin diezaioten. Pausoz pauso, larregizko ahaleginik egin gabe, kale jendetsuak zeharkatuz hiriko kale nagusira gerturatu naiz. Horrela gomendatzen dute medikuek, soroche edo altueren gaitzak harrapatu ez gaitzan. Ia arnasarik gabe geratu naiz, ordea. Trufi delako taxi kolektibo batean sartu naiz, erdigunera ahalik eta azkarren iristeko asmoz. Baina ez dago eserleku librerik; antza, emakume batek esaten didanaren arabera, gaur merkatu eguna delako hirian. Honek esan didanez, oso ospetsua da, denetik dago salgai eta ezagutzea merezi du –beti ere tentuz ibilita eta kamera poltsikoan ondo gordeta–.

Kaleko merkatuan

Zer behar duzu? Auto zahar bat? Liburu bat? Ohe bat? Hori guztia eta askoz gehiago aurki dezakezu El Alto hiriko merkatuan. Milaka dira ostegun eta igandeetan beharrezko duten hori merke erosteko asmoz bertara gerturatzen direnak. Goizeko bostetan puntuan hasten dira dendariak salmenta-postuak prestatzen eta ordu gutxi batzuk beranduago benetan zaila da kalexka hauen artean oinez ibiltzea. Aurrera noala deigarria egin zait aterki hori bat daraman emakume bat. Eserita dago, manta baten gainean; jostailuak ditu salgai.

Nire kamera txikia poltsikotik atera eta argazki bat atera diot ahalik eta azkarren, ohar ez zedin. Somatu du, ordea, zertara hurbildu naizen eta oihuka hasi zait. Nahiz eta barkamena eskatu diodan, urduri nengoela ikusita gizon bat gerturatu da egoera lasaitzera. Bolivian ez dituzte batere gustuko argazkiak; baimena eskatuta ere, gehienetan ez dute onartzen. Zaila da hurbiltzea kamera eskuetan dudala, are gehiago ia atzerritarrik ez dagoela kontuan izanda.

Kale batzuk atzean utzi eta erabilitako arropa saltzen duten gunera iristeko nahikoa lan izan dut jendartean. Ameriketako Estatu Batuetatik omen dator guztia eta gazte batek esan dit ez dagoela batere ados jarduera honekin, mobilizazioak eta guzti egon zirela bere garaian hirian, postu hauek salatzeko. Emakume asko daude El Alton beraiek eskuz egindako arropa berria saltzen, eta herritarren gehiengoari ez zaio ondo iruditzen atzerritik ekarritako arropa saltzeko baimena izatea merkatuan. Kanpotik ekarritako 2. eskukoa askoz ere merkeagoa da, ordea. Ez da desadostasunak sortzen dituen gai bakarra; animalien salmenta dela eta, gero eta gehiago dira sare sozialetan horri aurka egiteko sortu diren taldeak. Batzuetan, animaliak ilegalki eskuratuak izan ohi dira, beste batzuetan baldintza tamalgarrietan heziak. Burua lehertzear dudala geldiune bat egitea erabaki dut. Gose naiz, espaloiaren beste aldeko janari-postuetan choripán iragartzen dute nonahi; hau da, txorizo ogitartekoa; asko gastatu gabe sabela betetzeko modu onena omen da.

Choletak eta whipala eraikuntzak

Funikularraren Uztailak 16 izeneko geltokitik 500 bat metro egin ditut oinez; zubiko eskailerak jaitsi eta 400 metro aurrera jarraituta Prodem bankua topatu dut. Justu izkina horretan 519 autobusa edo bus lechuga horietako bat hartu dut eta, bidean noala, leihotik ikus ditzaket cholet izenez ezagunak diren eraikin koloretsuak. Cholet hitza “cholo” eta “txalet” hitzekin osatua da. Benetan fatxada ikusgarriak dituzte, emakume indigenen gonen tankerako marrazkiak dituzteeta. 5 edo 6 solairu dituzte horietako gehienek eta behekoa ospakizunetarako erabiltzen dute; azken solairuan, berriz, jabeak bizi dira.

Era honetako eraikuntzak La Pazeko hegoaldean eta Cochabamba hirian sortu ziren lehendabizi; egun El Altoko ikono bihurtuak dira. Freddy Mamani arkitekto autodidaktak diseinatu zituen 2005. urtean, kultura indigena omentzeko eta, era berean, turismoa erakartzeko asmoz. Inguruetan, Mercedario kalean zehazki, whipala eraikuntzak aurkitu ditut. Evo Moralesek inauguratu zituen 2016. urtean eta hamabi solairu dituzte.

Choliten arteko borrokak

Aldapan gora noala horman itsatsita dagoen kartel zaharkitu batean irakurri ahal izan dut igandeetan El Altoko «zentro multifuntzionala» delakoan choliten arteko borroka saio bat dagoela ikusgai arratsaldean. Gaur igandea denez, banoa. Cachascán hitzak catchas-catch-can hitzen arteko loturan du bere jatorria, eta borroka eta arte eszenikoak elkartzen dituen kirolari esaten zaio, bai Bolivian, bai Perun. Sarrerak prezio hauetan eskura daitezke: 50 boliviano atzerritarrentzat, 15 bertakoentzat.

Hasi da saioa, nik eserleku libre bat topatu aurretik. Emakume indigenak, beraien jantzi tipikoekin, borrokan ari dira. Etxekoandreak dira asteburua iristen den arte; orduan salto eta kolpeen artean, emakume indartsuak bilakatzen dira, gehienbat atzerritarren gozamenerako.

Batzuek diote borroka honetan ematen den emakumezkoaren irudia erabat iraingarria dela; beste batzuek, aldiz, ezetz. Protagonistekin hitz eginez gero, askotan ulergarria da ikuskizun honetan parte hartzea erabaki izana. Mamani seme-alaben aurrean jotzen zuen senar ohiak, eta borroka, eta bertatik ateratzen duen dirua, izan du irtenbide bakarra. Galdutako autoestimua berreskuratzea lortu du. Mila bizipen, mila istorio gogor, ezagutu ditugu cholita hauekin solasean.

Motxila aireportutik jaso eta teleferikoan sartzeko garaia iritsi zait. Hurrengo helmuga: La Paz. «Hiri mirariaren» izendapena jaso duen Boliviako bigarren hiriburuko erdigune historikoa ondo ikusten da hemendik, baita, maldan gora, etengabe «eskalatzen» ariko balira bezala, dauden etxeak. Tarte txiki bat ere ez dago eraikuntzarik gabe. ‘Mi Teleférico’ (nire teleferikoa) deitzen diote funikularrari. Munduko garaiena omen da (itsas mailatik 4.000 metrora) Guiness liburu ospetsuak horrela egiaztatuta, eta 30 kilometroko tartea egiten du.

La Paz eta El Alto hiriak lotzen dituen garraiobide merke honetan bidaiatzeak 35 zentimo besterik ez du balio. Bidaiak irauten duen 20 minutuetan gozatu besterik ez dut egin. Behin eta berriz igotzeko gogoa eman dit, bihar agian... dagoeneko iritsi naiz La Pazeko erdigunera.