Andoni Arabaolaza

9a zailtasuneko beste proposamen bat

Daniel Woods estatubatuarrak maila hori eman dio Red Rock-en (AEB) dagoen «Return of the Sleepwalker» blokeari.

Boulderreko muturreko zailtasunean 9a maila gorena da. Behintzat, maila horren inguruan hainbat proposamen egin dira. Hain zuzen ere, lauzpabost. Baina guztiek ala guztiek ez dute errepikatzaileen adostasunik jaso. Soilik bat dago “garbiketa” horretatik libre: “Burden of dreams”. Nulle Hukkataival finlandiarra izan zen bloke horren mugimendu guztiak lotu eta erorikorik gabe eskalatu zuena. 9a zailtasuneko munduko lehen proposamena izan zen. Momentuz ez du “zigorrik” jaso; hots, zailtasun hori ez dute zalantzan jarri. Munduko espezialista batzuek probatu dute, baina etxera esku hutsik itzuli dira. Alabaina, den-denek diote ziur aski gradu hori izango duela.

Beste proposamenak, aldiz, dekotatu egin dituzte. Azkena, Simon Lorenzi frantziarraren “Soudain Seul” (Fontainebleau). 9a zailtasuna proposatu zuen, baina duela gutxi Nico Pelorsonek bloke hori errepikatu zuen eta bere iritziz 8c+ da.

Joan den martxoaren 30ean, berriz, Daniel Woods estatubatuarrak Red Rock-en (Nevada, AEB) “Return of the Sleepwalker” blokean arrakasta izan zuen. Boulder hori egin bezain laster adierazi zuen 9a dela. Hau da, orain arte zailtasun horretan dagoen munduko bigarren proposamena.

Hurrengo errepikatzaileek baieztatuko dute maila hori duen ala ez, baina argi dago emaitza hori lortzeko lan eskerga eta luzea egin behar izan duela Woodsek. Aurten, adibidez, bi hilabetez makina bat ekinaldi egin ditu. Baina baita 2019an eta 2020an ere.

Blokeari dagokionez, aurreratu behar dugu “Sleeepwalker” bidearen bloke bera dela, baina eserita hasita. Jimmy Webb izan zen korapilo hori askatu zuen lehena, eta 8c+ maila eman zion. Handik gutxira, Woodsek berak errepikatu zuen, eta jarraian eserita egiten den irteera probatzen hasi zen: «Argi neukan irteera hori egingarria zela. Horretarako 8a+ mailako mugimendu batzuk egin eta ‘Sleepwalker’-ekin bat egiten duzu. Atsedenik hartu gabe 16 mugimendu egiten dira. Mugimendu errazena, gainera, ez da 7c-tik jaisten. ‘Return of the Sleepwalker’ beste dimentsio bat da. Bi hilabete jarraian jo eta su jardun dut; xede horrek inoizko denbora gehien eskatu dit. Orain arte, gehienez, helburu batean pare bat aste egin ditut».

Inolako zalantzarik gabe, 31 urteko estatubatuarra blokeko munduko espezialista handienetarikoa da. Hori den-denek diote, eta horrela da. Egin duen 9a zailtasuneko proposamen hori ez da doakoa. Ameriketako Estatu Batuetan dauden 8c+ mailako sei blokeetatik bost egin ditu. Eta herrialde horretan esaten duten bezala, “Return of the Sleepwalker” bertako zailena da.

Gogoratu behar dugu ere 2010eko hamarraldiaren zati batean Woods izan zela blokezale sasoikoena. Bere herrialdean zein atzerrian muturreko makina bat boulder eskalatu ditu. Egun, berriz, lehen lerroan jarraitzen du, baina beste eskalatzaile batzuk gerturatu zaizkio.

Martxoaren amaieran egin zuen aipatzen ari garen jarduera Woodsek, baina hil honen 2an eman zuen horren berri, Instagramen: «Duela egun batzuk, ‘Return of the Sleepwalker’ proiektua amaitu dut. Nire ustetan 9a zailtasuna du. Hau guztia joko bat besterik ez da. Kontua da norberaren zorotasunarekin eroso sentitu behar dela».

«Mugimendu basatia»

Arestian aipatu dugunez, Woodsek bloke hori lehen aldiz 2019. urtean probatu zuen. Urtarrilaren amaieran eta otsailaren hasieran. Hain justu, “Sleepwalker” errepikatu eta gutxira: «Momentu horretan argi izan nuen boulder hori eserita hasi behar nuela. Hiru mugimendu gehiago gehitu nizkion. ‘Sleepwalker’-ekin lotzean, lehen mugimendua da bloke horren giltza. Mugimendu basatia da: eskuin eskuinarekin egiten da eta arrakala ñimiño batera eramaten zaitu. Mugimendu horretan, hamar ekinalditatik soilik batean geratzen nintzen helduta. Inoiz egin dudan mugimendu zailena da».

Pandemiak eragindako egoera bereziaren ondorioz, estatubatuarra beste helburu batzuetan zentratuta egon da. Baina duela hiru hilabete, Red Rock-eko denboraldia hastean, zintzilik utzitako proiektura itzuli zen: «Orduan jabetu nintzen erabateko zailtasuna zuela, eta buru-belarri jarri nintzen saio onak eta eraginkorrak egiten. Horretarako, hainbat erabaki hartu nituen. Oso zentratuta eta sasoiko egon behar nintzenez, alkohola, marihuana, tabakoa eta kafea nire ‘dietatik’ ezabatu nituen. Une jakin batean, hainbeste ekinaldi egin eta gero, neure buruari zoratuta ote nengoen galdetu nion. Beste xede batzuetan ez bezala, honetan topera ibili nintzen. Inoiz probatutako proiektu gogorrena askatu nahi nuen, eta onartzen dut itsutu egin nintzela. Nire bizitzako azken hiru hilabeteotan erabat harrapatuta eduki nau. Gauetan ez nuen lorik hartzen, eta soilik bloke horrekin pentsatzen nuen».

Martxoa iritsi zenean, Woods bloke horren aurrean bakar-bakarrik zegoen. Ordura arte, Webb (hau ere boulder horrekin obsesionatuta dago) eta hainbat argazkilari ondoan izan zituen. Beste erabaki bat hartu zuen: hoteletan bizi ordez, kanpin denda bat jarri zuen.

“Isolatuta” bazegoen ere, inoiz ez zion utzi “Return of the Sleepwalker”-en zituen aurrerapenei, borrokei eta kezkei buruz informazioa emateari. Hots, ez zuen ezer isilean gordetzen.

Proiektua biribildu baino astebete lehenago, Woods arrakasta lortzeko zorian egon zen: «Zailena egin nuen, baina azken mugimenduetan erori egiten nintzen. Nahiko aske sentitzen nintzen; izan ere, inguruan zalerik edo argazkilaririk ez zegoen. ‘D egunean’, aldiz, katu-oinak jarri, pausu batzuk magnesioarekin markatu eta lehen saioari ekin nion. Ekinaldi arrakastatsu hau ikusten bi lagun zeuden, eta horietako batek bere iPhonearekin nire jarduera grabatu zuen. Ordurako, argazkilariek alde egin zuten. Bloke hau nire bizitzan betirako geratu da. ‘Return of the Sleepwalker’-en egindako guztia asimilatu behar dut».