NAIZ

Euskaltelen salmentaren kudeaketa azaltzeko eskatu dio EH Bilduk Urkulluri

Euskaltelen salmenta operazioan Urkulluk izan duen posizioa «argitu egin behar dela» iritzi du EH Bilduk eta, ondorioz, «aurpegia emateko» eskatu dio koalizioak lehendakariari. Aurretik egiten ez badu, ostiraleko Gasteizko Legebiltzarreko osoko bilkuran interpelatuko du koalizioak.

Iker Casanova, Gasteizko Legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO/FOKU)
Iker Casanova, Gasteizko Legebiltzarrean. (Raúl BOGAJO/FOKU)

MásMóvil enpresak Euskaltel erosi izana Euskal Herriko ekonomiarentzat «oso berri txarra» dela adierazi du EH Bilduko legebiltzarkide den Iker Casanovak. Honelako albistearen ondotik Iñigo Urkullu ezer esan ez izana «deigarria» koalizioarentzat.  «Entzun dugu EAJ eta Gobernuko bozeramaileen iritzia, baina erkidego honen instituzio gorena den lehendakariaren ahotik oraindik ez dugu ezer entzun. Ematen du Urkullu ezkutatuta dagoela eta ez duela aurpegia eman nahi berri honen aurrean». Horregatik azalpenak eskatu dizkiote.

Zentzu horretan, Euskaltelen salmenta operazioan Urkulluk izan duen posizioa «argitu egin behar dela» iritzi du EH Bilduk. «Jaurlaritzak egindako kudeaketak eta interbentzio guztiak argitu egin behar dira, horiek ezagutzeko eskubidea daukalako iritzi publikoak», gehitu dute.

«Euskaltel enpresa independiente moduan desagertzea oso berri txarra da. Aste honetan Urkullu lehendakariak ez badu aurpegia ematen, EH Bilduk behartu egingo du, interpelazio bati erantzun beharko baitio ostiral honetako osoko bilkuran», zehaztu du Casanovak. «Gure herriarentzat atzerapauso nabarmena suposatu du», berretsi du parlamentariak.