Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Arestiren poesia soziala berreskuratu du Jon Kortazarrek ‘Harriaren zikloan’

‘Harri eta herri’ (1964), ‘Euskal harria’ (1967) eta ‘Harrizko herri hau’ (1970) liburuen argitalpenak benetako iraultza eragin zuen Euskal Herrian. Visor argitaletxeak Gabriel Arestiren poesia soziala jasotzen duen ‘Harriaren zikloa’ liburua argitaratu du Jon Kortazarren eskutik.

Jon Kortazar. (Marisol RAMIREZ/FOKU)
Jon Kortazar. (Marisol RAMIREZ/FOKU)

Gabriel Arestik 1964an euskal letren mundua irauli zuen ‘Harri eta herri’ argitalpenarekin. 1967an ‘Euskal harria’ etorri zen. Eta 1970ean trilogia ixten duen testu poetikoa argitaratu zuen, ‘Harrizko herri hau’, oin-oharrean harriaren zikloa osatzen duen laburpena eskainiz: «Lehen protestatu, / gero kontestatu, /orain detestatu».

Visor argitaletxearen ‘Harriaren zikloa’ lanak sinbolismotik urrundu eta Arestik abiarazitako poesia sozialaren poema esanguratsuenak biltzen ditu. Antologia elebiduna, non gaztelaniazko bertsioak egilearenak diren, Arestik itzulpenik gabe argitaratu eta geroago Jon Juaristik itzuli zuen ‘Harrizko herri hau’ izan ezik. Hitzaurrea idatzi eta edizioaz arduratu da Jon Kortazar katedraduna.

Berrikuntza guztiak sartu eta zabalkunde zabala duen argitaletxean publikatzea erabaki zutela dio Kortazarrek, «hutsune» batetik abiatu baitziren: «1979an Arestiren liburu bat atera zuten, eta hitzaurrea oso txarra zen. Adibidez, esaten zuen Arestik gaizki egin zuela euskaraz idazten zuelako, euskara ez zelako gai garaiko gizartea agertzeko».

Familiarekin hitz egin eta, «kanpora begira», frankismoan argitaratu eta euskal literatura aldatzera etorri zen antologia publikatzea erabaki zuten. «Giro soziala gordin-gordinean agertzen duen obra bat da, eta purismoaren kontra argi egiten duena», azaldu du Kortazarrek. Euskal hizkuntza herrikoiago bat bilatzen duen lehenetarikoa baita Aresti, eta «tabernetan, ez elizetan, entzuteko poesia».

Garaiko euskal problematikarekin errotutako olerki horiek aurki daitezke ‘Harri eta herri’-n: «Otxarkoagoa, etorkinen egoera... justizia soziala eskatzen zen». Baita tradizioa eta modernitatearen bat-egitea. «Oso bertsozalea zen, euskara oso garbia erabiltzen du, erderakadaz beteta beharbada, baina irakurtzen bada, bat-batean konturatzen zara poesia horretan badirela erritmo bereziak, literatura klasikoarekin lotuta dauden erritmoak. Ulergarria bai, baina egiteko erreza ez dena», azaldu du Kortazarrek.

Nortasun poliedrikoa

Blas de Otero, Angela Figuera eta Gabriel Celayaren obrek erabat eragin zuten obran, baina hitzaurrean aipatu du Kortazarrek Dario Esteban aitaginarrebaren influentzia sozialista nabarmena izan zela. Haatik, Arestik bere ideologia politikoa «garbi» definitu ez zuela dio. «Batez ere antifrankista eta oso euskaltzalea da, zalantzekin, saminarekin, Euskadi eta Euskal Herria maite duen pertsona bat da».

Azken batean «komunismotik hurbil zegoen sozialista baten» aurren gaude, Kortazarren esanetan, eta momentu horretan nazionalismoak ez zuen oso gustura hartzen sozialismoa, ezta bere mitoen deseraikitzea. «Gero Arestik berak ere jarrera oso kontrajarriak hartzen zituen, garai mingotsa zen, eta bere kritikak ad hominen oso gogorrak izaten ziren», gaineratu du.

Ez dago Aresti bakarra poeta gisa, eta bere «nortasun poliedrikoa» nabarmendu du ere Kortazarrek, Aresti bera «bihotz bera eta maitekorra» baitzen familian eta «oso gogorra», aldiz, prentsan. Bertsolaritzaren umore eta ironiaren erabilera azpimarratu ditu ere Kortazarrek, batez ere ‘Euskal harrian’ aurki daitezkenak.

1967an argitaratutako obra horrek zailtasunak izan zituen zentsurarekin, ‘Harri eta herrik’ ez bezala. «Nik uste dut ‘Harri eta herrin’ dagoena neutroagoa dela, kritika agertzen da, baina baita ere ikuspegi oso pertsonalak», azaldu du Kortazarrek.

‘Euskal harria’ liburuaren lehen originala ‘Mailu batekin: biola batekin’ izan zen eta Euskaltzaindiaren Lizardi poesia sarirako aurkeztu zuen. Arrakasta handirik gabe, ez zuen saririk jaso. Aresti bigarren bertsio batekin saiatu zen berriro, ‘Euskal harria eta beste 30 olerki’ izenburupean. Saria eman zioten eta diruak 1967an liburua argitaratzen saiatzeko balio izan zion, orain ‘Euskal harria eta beste 119 olerki’ izenburuarekin.

Baina zentsura gupidagabea izan zen. 120 olerkietatik 60 baino ez ziren agertu, eta batzuk aldaketa nabarmenak izan zituzten. Jatorrizko bildumatik 31 poema ‘Harrizko herri hau’ harriaren zikloko hirugarren liburuan bildu ziren.

Trilogia ixteko obra hori publikatzerako orduan, Lur argitaletxekoek adierazi zuten, Angel Zelaietak idatzitako Arestiren biografian aipatzen denez, hau bi aldiz dela interesgarri: datorren momentuan datorrelako eta memento horri gertutik lotzen zaiolako. Kritikaren aldetik, ordea, ez zuen harrera handirik izan, beste biekin alderatuz.

«Nik uste dut agian liburua ez zela ondo ulertu. Liburua sortu egin zen material zaharrak eta berriak sartuz, eta ‘Euskal harritik’ datozen materialen artean baziren garai horretako egoera politikoari egindako aipamenak eta galduak geratzen ziren 1970ean. Beraz, ‘Harrizko herri hau’ anai txikia bezala geratu da, berriro irakurri beharko genuke», nabarmendu du Kortazarrek.

Mailu eta harri

Dena dela, obra hauek argitaratu aurretik, Aresti bazegoen harriaren sinboloarekin lan egiten. 1962ko poema ‘Mailu batekin, biola batekin’ izango da germen hori, baina baita ‘Zuzenbide debekatua’-n dago sinbolismoarekiko haustura eta poesia berri horren arrastoa.

Arestiren harriaren esanahiari buruzko interpretazioak behin eta berriz garatu dira. Zelaieta biografoak Aresti eta Jorge Oteizaren arteko adiskidetasuna aipatzen du, eta Arestiren azalpena izan zen euskera harri bat dela eta urteen buruan ur tantak harria jaten duela.

Baina Celso Emiliano Ferreiro poeta galiziarraren ‘Longa noite da pedra’ liburuarekin ere harremanetan jarri du harri eta herri paraleslismoa. Jon Juaristik Miguel Hernandezen bertso batekin eta «harrizko euskaldun blindatuekin» lotzen zuen esaldi hori. Eta Arestik berak esan zuen Abadiñoko Salbabotre ermitaren aurrean hamabi herriak beste hamabi harriz ordezktuak ikusi zituenen otu zitzaiola.

«Berak Harria euskara zela esan zuen, baina ere da Euskal Herria neurri batean, frankismoaren aurrean sendo agertzen den herri baten sinboloa», azpimarratu du Kortazarrek.

Hala ere, ‘Harri eta herri’ argitalpenak astindu zituen euskal irakurleak. Visor argitaletxarekin batera, Kortazarrek berreskuratu dituen hiru obretan giza kontzientziak pizten saiatu zen Aresti.