Andoni Arabaolaza

Everest, Dhaulagiri eta Annapurna izarrak izango dira

Hasi berri den montzoi aurreko denboraldian Colin O’Brady Everest eta Lhotse lotzen saiatuko da oxigeno artifiziala erabili gabe. Peter Hamor, Horia Colibasanu eta Marius Ganek, berriz, igo gabe dagoen Dhaulagiriko ipar-mendebaldeko ertza xede dute.

Nepalgo zortzimilakoen denboraldiak ateak zabaldu ditu eta, beste urte batzuetan ez bezala, egoera nahiko nahasia da. Horrekin esan nahi dugu mendi erraldoi batzuetan nahiko berandu dabiltzala. Egoera hori covid-19ak eragin du. Pandemiaren ondorioz, Katmandura iritsi diren mendizale gehienek berrogeialdia igaro behar izan dute. Denek, ez. Adibidez, Bahraingo Errege Guardiaren taldeak eta britainiarrek ihes egin diote neurri horri.

Horrek guztiak, jakina, zortzimilakoak igotzeko asmoen abiadura asko moteldu du. Kasu batzuetan, mendizale batzuk ez dira oraindik kanpaleku nagusietara heldu. Eta horregatik guztiagatik Nepalgo agentzia guztiek estrategia «arriskutsua» hartu beharko dute. Agentziak aipatu ditugu; izan ere, haiek dira espedizioak erabat antolatu dituztenak. Goitik behera, alegia. Nahiz eta ia gehienek oxigeno artifiziala erabiliko duten, mendizale asko eta asko ziur aski ez dira girora ondo egokituko. Agentziek azkar mugitzea eskatuko diete, batez ere leiho on bat zabaltzen denean.

Hori, besteak beste, Everesten gertatuko da. Munduko mendi garaiena igotzeko asmoak dituzten ia gehienak kanpaleku nagusira («Everest hiria» ere deitzen zaio) heldu dira. Agentzia komertzialetako nepaldarrak kontuan hartu gabe, ia 300 mendizale atzerritar izango dira. Hau da, duela bi urteko kopuru antzekoa. Gogoratu behar dugu Sagarmathak (horrela deitzen zaio Nepalen) iaz ez zuela bisitarik jaso; hain justu, pandemia lehertu zelako.

Arestian aipatu ditugun atzerapenak direla eta, asko dira baieztatzen dutenak gailurreko ekinaldietan berriro ere ilara luzeak izango direla. Ikusi agian ez, mendizaleek irudi horiek hartzeko baimena jaso beharko dutelako. Agentziek, bederen, dena prest dute: kanpaleku nagusia erabat antolatuta dago, Khumbuko glaziar erraldoia zein hainbat kanpaleku soka finkoekin ekipatu dituzte, goiko kanpalekuak hasi dira hornitzen…

Eta, oro har, azken urteotako joerari jarraituz, mendizale ia gehienek ohiko bidea aukeratu eta oxigeno artifiziala erabiliko dute. Salbuespenak badira, eta, hain zuzen ere, helburu guztien artean bat azpimarratu behar da. Colin O’Bradyk duena. Alpinista estatubatuarrak Everest eta Lhotse mendiak lotu nahi ditu kanpaleku nagusira jaitsi gabe eta oxigeno artifiziala baztertuz.

Aurreratu behar dugu xede oso-oso handia dela. O’Bradyk zortzimilakoetan eskarmentua du, baina badaki ia ez duela aukerarik izango. Eta hori diogu himalaismoan zintzilik dagoen proiektua delako. Zeharkaldi horrekin, adibidez, Ueli Steck edo Denis Urubko oso motibatuta izan dira. Estatubatuarrak ez du oraindik argibide zehatzik eman. Ez du aipatu ze ibilbide jarraituko duen.

Zalantzarik gabe, O’Bradyren proiektua da Everestek jasoko duen interesgarriena. Sagarmatharen bide normalean mendizale guztiak sartuko dira. Kami Rita nepaldarra, berriz, errekor bat sinatzen saiatuko da; hain zuzen ere, hogeita bosgarrenez munduko mendi garaienaren gailurra zapaldu nahi du. Lanean jardungo duenez, oxigeno artifiziala erabiliko du. Botilak baztertu dituztenen artean Simon Ferrier-May britainiarra, Csava Vargas hungariarra, Arjun Vajpai indiarra, Sanna Raistakka finlandiarra eta Roeland van Oss holandarra daude.

Annapurnan aurreratuenak

Everesten ez bezala, Annapurnan lan guztiak oso aurreratuta dituzte. Zortzimilako honetan ere, bertaratu diren mendizale ia gehienek oxigeno artifiziala erabiliko dute. Edo erabiltzen ari dira. Eta hori diogu, aklimatazio gutxi egin badute ere, talde batzuk tontorreko bidean direlako. Ibilbide guztia soka finkoekin hornitu dute. Antza denez, hirugarren kanpalekutik gertu arazoak izan dituzte serac batekin. Eta, horren ondorioz, bide alternatiboa bilatu behar izan dute. Lan hori zuzendu duena Mingma Gyalje nepaldar entzutetsua da. Mingma G goitizena jaso duen alpinista honen bezeroak ez daude ondo egokituta, baina, aurreratu dugun bezala, oxigeno artifizialaren laguntza dute. Mendian denbora gehien daramatenak eta, beraz, fase hori aurreratuta dutenak, Sirnaz Khan eta Abdul Joshi pakistandarrak dira.

Hainbat berriemailek adierazi dute ondo bidean etzi gailurra egiteko aukera dagoela. Hori da agentzia komertzialen asmo nagusia; izan ere, ostegunean Nepal urte berrian sartuko da eta data hori ospatu nahi dute. Talde batzuk, behintzat, hirugarren kanpalekura heldu omen dira. Den-denak bide normaletik igotzen ari dira.

Eta, azkenik, montzoi aurreko denboraldi honetan bisita asko jasoko dituen azken zortzimilakoa aipatuko dugu: Dhaulagiri. Mendi honetan ere lanak nahiko atzeratuta daude. Bai, beste bi zortzimilakoekin alderatuta, azken honetan ohiko bidea ez dago erabat ekipatuta. Ibilbide horretan girora egokitzen ari direnen artean euskal mendizale bat dugu: Jonatan Garcia. Barakaldokoak Stefi Troguet andorratarrarekin sokada osatu du, eta era autonomoan jarduteko asmoa dute. Hauek ere tontorra erdiesteko ohiko bidea aukeratu dute, baina oxigeno artifiziala ez dute erabiliko.

Bide normaletik kanpo jardungo dutenak, berriz, Peter Hamor eslovakiarra eta Horia Colibasanu eta Maruis Gane errumaniarrak dira. Igo gabe dagoen ipar-mendebaldeko ertza eskalatzeko asmoa dute. Duela pare bat urte saiatu ziren. Zailtasun tekniko handienak gainditu zituzten, baina, tontorra lortzeko ibilbide luzea zutenez, saioa bertan behera utzi zuten.

Helburu bera zuten Esteban Mena eta Carla Perez ekuadortarrek. Eskalada horretarako Cory Richards sokakide zuten, baina azken unean estatubatuarrak espedizioa utzi du. Ezusteko hori Perezek honela baloratu du: «Argi eta garbi esan behar dut Coryren erabakia azpijoko bat izan dela. Nik, behintzat, horrela jaso dut. Nortasun handiko helburu honentzat soilik bi alpinista jarduteak ez du zentzu handirik. Xede hori baztertu eta une honetan aztertzen ari gara zer egin. Zortzimilako hori igotzen saiatuko gara, baina momentuz ez dakigu zein bidetik saiatuko garen”.