NAIZ

Musikaren eta zinemaren «berrabiarazteaz» hausnartuko du Dock of the Bay jaialdiak

Zinema eta musika «seguruak eta inoiz baino beharrezkoagoak» direla sinetsita, bi diziplinen «etorkizuna berrabiarazteko» formulez hausnartzea izango du helburu aurten Dock of the Bay, Donostiako zinema dokumentalaren jaialdiak.

Jorge Primok diseinatu ditu Dock of the Bayko kartela eta mugikaria. (NAIZ)
Jorge Primok diseinatu ditu Dock of the Bayko kartela eta mugikaria. (NAIZ)

Dock of the Bay, Donostiako zinema dokumentalaren jaialdiak edizio «borrokalari eta konpetitiboagoa» du eskuartean. Zinema eta musika «seguruak eta inoiz baino beharrezkoagoak» direla aldarrikatu eta bi diziplinen «etorkizuna berrabiarazteko» formulez hausnartzea izango du helburu jaialdiak.

Jaialdia ekainaren 7tik 12ra egingo da Donostian eta astearte honetan aurkeztu dituzte Dock of the Bayren kartela eta ‘Eztabaidak’ saileko proposamenak.

Zintzilikariz betetako mugikari bat da karteleko protagonista, Alexander Calder eta Bruno Munari-ren ‘Le Macchine Inutili’ obretan oinarritua. Jorge Primo izan da metakrilato gardenez mugikaria diseinatu eta eraiki duena eta, gisa horretan, «jaialdiaren komunikaziorako behar grafiko guztiak» sortu dituena.

‘Eztabaidak’ saila

Urtero legez, Gipuzkoako Diputazioarekin elkarlanean ‘Eztabaidak’, topaketa eta gogoeta bideratzen dituen atala ere izango du jaialdiak. ‘Kulturaren berrabiatzea’ goiburupean, ekainaren 9an eta 10ean hainbat teorialari, kritikari, programatzaile eta zinema zuzendarik hartuko dute parte topaketa hauetan.

Lehen saioak sorkuntzan jarriko du fokua eta Xabier Erkizia konposatzaile, soinu artista eta ekoizlea, Marina Lameiro zinema zuzendaria (‘Dardara’), Arantzazu Calleja artista eta konposatzailea (Goya saria ‘Akelarre’ filmagatik) eta Leire Apellaniz zinemagile eta ekoizleak hartuko dute parte.

Bigarren egunak industria eta jaialdiak izango ditu gogoetagai. Maialen Beloki Zinemaldiko zuzendari ordea eta Dock of the Bayko epaimahaikidea, Esther Cabrero kultur kudeatzailea eta Kimuak euskal film laburren promozio eta banaketarako programaren koordinatzailea eta Jara Ayucar Basque Audiovisual-en komunikazio arduraduna bilduko ditu.