NAIZ

Urriza eta Zalduak Bereziartuari eman diote Sagardoaren txapelketako garaipena

Erdira arte oso parekatua joan zen finalean 30-22 gainditu zituzten Setienen ordezkari gisa aritu ziren Ansa II.a-Labaka.

Urriza eta Zalduak gustura jantzi zituzten txapelak. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)
Urriza eta Zalduak gustura jantzi zituzten txapelak. (Maialen ANDRES/ORIAMENDI)

Urriza eta Zalduak Sagardoaren Txapelketako finala irabazi zuten finalean Ansa II eta Labaka 30-22 gainditu eta gero. Honela, Bereziartua sagardotegiak lortu du txapela eta Setien geratu da azpitxapeldun.

Ansa eta Labakak txapelketan partida bakarra galdu dute baina partidarik garrantzitsuenean iritsi zen zorigaiztoko porrota. Hala ere, Urriza eta Zalduaren lana goraipatu behar da. Final handia jokatu zuten garaileek eta aurkariek euren momentua izan zuten.

Finala oso berdindua izan zen eta telebistaren aurrean bildu ziren ikusleek gozatu zuten. Nor baino nor aritu ziren Urriza eta Ansa aurrean eta Zalduak ere borroka polita izan zuen Labakarekin atzean. Hasieran 4-0 aurreratu ziren Urriza eta Zaldua, baina Ansa eta Labakak berehala erreakzionatu eta 4-5 jarri ziren aurretik. Hamabosnako berdinketa iritsi arte gora-behera handiak egon ziren markagailuan eta bikote bakoitzak bere momentuak izan zituzten. Takada txikiekin batzuk eta  besteak aurreratzen ziren.

14-15ekoan atsedena hartu zuten finalistek eta ondoren hobeto sartu ziren kantxan gorriak. Bost tantoko aldea hartu zuten 22-17, abantaila hori kudeatzen asmatu zuten eta amaieran alderik handienarekin lortu zuten garaipena 30-22.

Urriza beste behin hazi egin zen finalean

Partida bizia izan zen, tanto politak ikusi ziren eta maila altua izan zuen. Urrizak erremontearen erregea zergatik den erakutsi zuen eta finaletan hazi egiten dela erakutsi zuen beste behin ere. Guztira 21 tanto egin zituen eta finala berak erabaki zuen, pauso bat gehiago emanez. 30 tantoetatik 21 egitea ez da ahuntzaren gaur erdiko eztula. Gainera, bi akats baino ez zituen egin.

Orokorrean ere huts gutxi ikusi ziren eta Zalduak ere bikain jokatu zuen. Urrizaren laguntza handiarekin, ongi sakatu zuen eta jokaldiak ere egin zituen, defentsan ere lan ona eginez. Gainera azken tantoa sake batekin lortu zuen.

Ansa eta Labakak ez zuten gaizki jokatu, baina beste pauso bat gehiago ematea falta izan zitzaien momentu erabakigarrian. Ansak 13 tanto egin zituen eta aurrelarien arteko finala izan zen. Labakak ongi eutsi zuen eta bi tanto egin zituen sakez, baina ez zuen Zaldua menderatu.

Sagardoaren Txapelketa amaitu da eta zapore oso gozoa utzi du kirol ikuskizunak eta Erremontari saioak ETB1en eskaini duen erretrasmisio dotore eta modernoarekin.