Jon Ormazabal

Asier Del Rio, bere lehen finalaren atarian bere burua erabat ase gabe

Ligaxkan bikain aritu arren, Bizkaia Openaren finalerdietan egindako lan kaxkarrarekin haserre dagoen 22 urteko atzelariak Fusto izango du lagun alderantzizko ibilbidea dakarten Gaubeka-Gordonen aurka.

Lau pilotariak gustura agertu dira saskian topatutako pilotekin. (INNPALA)
Lau pilotariak gustura agertu dira saskian topatutako pilotekin. (INNPALA)

Abenduan debutatu eta 22 urterekin lehen finala jokatzeak edonor ase beharko luke. Ez da hori, ordea, Asier Del Rio atzelari lezamarraren kasua, larunbatean irabazi arren egindako joko txarrari buruan bueltaka jarraitzen baitzuen astearte honetako material aukeraketan. «Egia esan, finalerdian oso haserre irten nintzen nire buruarekin, astelehenean lasaiago egon nintzen, atzo entrenatuta gaur ere lasaiago nago eta ea finalean partida on bat egiterik dudan», adierazi du atzelariak.

Kontua da, Pablo Fusto handi bat lagun, lehen ligaxkan bikoterik erregularrena izan ostean, asko kosta zitzaiela larunbatean Necol-Angel Maldonadori irabazi eta finalerako txartela eskuratzea eta final atariko sentsazioak ez dira onenak.

Profesionaletan horren denbora gutxi eramanda, onartu du Del Riok mailari maila hartzea kostatu egin zitzaiola eta oraindik ikasteko asko duela, baina maisurik onena izan du txapelketa honetan, Pablo Fusto. «Asko lagundu dit, egia da sarri errieta egiten didala, baina uste dut gauza politak egiteko gai ikusten nauelako dela eta horri balore handia ematen dio», gaineratu du.

Lezamarraren gidari izan behar horrek lagunduta edo, aspaldiko mailarik onenean aritu da Buenos Aireseko aurrelaria eta bere atzelariaz galdetuta, oso argi du eman diezaiokeen aholkurik onena zein den galdetuta. «Bere buruarengan gehiago sinistu behar luke, ze batzuetan partidan zehar konfiantza galtzen du, baina bi esku oso on ditu eta teknikoki oso ona da. Egia da batzuetan estutzen dudala, baina gauzak oso ondo egiteko dohainak dituela ikusten dudalako da», azaldu du argentinarrak.

Behetik gora

Orain arte bikoterik onena izan denak atzelariak bere lehen finalean izan ditzakeen zalantza horiekin bada, Esteban Gaubeka eta Iker Gordon txapelketako unerik onenean helduko dira larunbatean, Maldonado-Ibai Perezen aurka finalerdietan orain arteko partidarik onena jokatu ostean. Irregulartasun hori azaltzerako orduan, Armintzako aurrelariak palekin izandako arazoak nabarmendu ditu. «Denoi gertatu zaigu, ez dakit zergatik, baina bereziki niri, txapelketa honetan pala pilota hautsi ditugula. Otsailetik hona 15 hautsiko nituen eta asko kosta zait kantxan gustura egotea. Zorionez, finalerdietan eutsi zuten, eta erosoago ari naiz».

Ligaxkako bi jardunaldietan Fusto-Del Rio nagusitu ziren elkarren aurkako bi partidetan, baina final estua espero dute denek larunbaterako. Jokatzeko moduan pista askorik eman nahi izan ez duten arren, argi dago Gaubeka-Gordon Fusto saihestu eta jokoa atzean kargatzen saiatuko direla eta, urdinak, aldiz, argentinarrak aurrean ahalik eta protagonismo gehien izan dezan saiatuko direla.