NAIZ
Bogota

Kalamuaren erabilera industriala eta medikuntzarako esportazioa baimendu du Kolonbiak

Ivan Duque Kolonbiako presidenteak ostiral honetan sinatu zuen «kanabis-lore lehorra esportatzeko debekua kentzeko» dekretua. Orain arte, landareen estraktuak bakarrik esportatzen ziren, baina aurrerantzean loreak esportatzea ere legezkoa izango da.

Langileak Clever Leave enpresan. (Raúl ARBOLEDA/AFP)
Langileak Clever Leave enpresan. (Raúl ARBOLEDA/AFP)

Kolonbiak baimena eman du kanabisa erabiliz ehunak, elikagaiak edo edariak egiteko eta landarea medikuntzako helburuarekin esportatzeko.

Ivan Duque presidenteak ostiralean sinatu zuen «kanabis-lore lehorra esportatzeko debekua kentzeko» dekretua, Clever Leaves-en antolatutako ekitaldi batean. Clever Leaves Kolonbian kalamu medizinala lantzen duen 18 multinazionaletako bat da.

Hala, herrialdea kannabisaren «nazioarteko merkatuan jokatzera sartu da», agintariak nabarmendu zuenez.

Kolonbiak, munduko kokaina-ekoizle nagusia eta marihuana-sail handiak dauden lurraldea, medikuntzarako kalamuaren ekoizpena legeztatu zuen 2016. urtean.

Orain arte, landareen estraktuak bakarrik esportatzen ziren, baina haien loreak esportatzea legez kanpokoa zen.

Eduardo Barrera Cañamonte enpresa ekoizlearen ordezkariak dioenez, agintariek legez kanpoko trafikoaren beldur zirelako mantendu zuten legez kanpo loreen esportazioa.

Uztailaren 14an Duque presidenteari bidalitako gutun batean, marihuana ekoizleek argudiatu zuten arau horrek ez ziela uzten «belar medizinalaren industriaren merkatu errentagarrienean sartzen».

Loreek landarearen konposatu sendagarri eta sikoaktiboak dituzte, eta mundu mailako kannabisaren merkatuaren %53a loreei dagokie, Duqueren arabera.

Arau berriak landarearen «aldagai ez-sikoaktiboak» ekoizteko aukera ere ematen du.

«Dagoeneko ez gaude farmazia-erabileran bakarrik. Kosmetikan, elikagai eta edarien munduan askoz gehiago egiteko bidea irekitzen ari gara», nabarmendu zuen presidenteak.

Gobernuak aurreikusten du 2024rako kalamu medizinalaren negozioa 64.000 milioi dolarreko industria izatera irits daitekeela.

Uruguai, Ekuador eta Peru bezalako beste herrialde batzuek ere legeztatu dute medikuntzarako marihuana-ekoizpena.