Jon Ormazabal

Aurkariaren armekin eten du Barrenetxeak Urrizaren bolada eta bigarren txapela jantzi du

Partidan sartzea kostatu zaion arren, hernaniarra nagusi izan da piloteoan, tantoak amaitzen ere eraginkorrago aritu da eta merezitako garaipena eskuratu du giro bikaina izan duen Galarretan.

Partida biribila jokatuta lortu du bere bigarren txapela Barrenetxea IV.ak. (Maialen ANDRES/ORIMANEDI) Partida biribila jokatuta lortu du bere bigarren txapela Barrenetxea IV.ak. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Partida biribila jokatuta lortu du bere bigarren txapela Barrenetxea IV.ak. (Maialen ANDRES/ORIMANEDI) Partida biribila jokatuta lortu du bere bigarren txapela Barrenetxea IV.ak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Faborito garbia zen Javier Urrizari 24-30 nagusituta, Endika Barrenetxeak bere Buruz Buruko bigarren txapela jantzi du erremontea garaile nagusi izan duen arratsaldean. Urteko zitarik garrantzitsuena izan ohi da final hau eta Javi Urriza bezalako pilotari lehiakor batek gustura egon ezin duen arren, legeen mugen barrean Galarreta bete duten pilotazaleek gustura utzi dute pilotalekua, ikuskizuna sortutako ikusminaren parekoa izan delako.

Sakea zuen atzelari hernaniarrak garaipenerako argudio nagusia, bada gauzak ezin okerrago egin ditu Juan Pedro Ugartek botatako txapak eman dion aukeran. Falta egin du lehen pilotakadan eta jarraian jasotako beste hiru sakerekin 5-0 aurreratu da Urriza faboritoa. Hotz hasi da partida, pilotakada gutxirekin eta tantoz egindako tanto gehitxorekin, baina laster antzean orekatu du finala Barrenetxeak. Zazpina, zortzina eta bederatzina berdindu ostean, hernaniarrak hartu du partidaren ekimena, bereziki Urrizak gehiago behar zuen horretan iruindarra baino gehiago izan delako.

Izerdia botatzen hasita, pilota oso ondo baztertu du ezker paretara, piloteoan nagusi izan da eta apenas utzi dio zazpi aldiz txapeldun izandakoari erasora pasatzen. Horretan ere, eraginkorrago aritu da atzelari gipuzkoarra. Ideiak garbi zituela irten da kantxara, Urriza frontisetik urrun izan eta aukera zuen bakoitzeko erasoan arriskuak hartuz. Iruindarrak gainera, kolpe bat hartu bizkar aldean 5-7koan eta deseroso aritu da kantxan.

Gauzak horrela, erabakigarria zirudien aldea hartu du Barrenetxea IV.ak 24-15 aurreratuta. Baina Urriza bezalako txapeldun handi baten aurka sekula ez dago erlaxatzerik eta haren hatsa sumatu arazi dio bere aurkariari 23/26 urreratuta. Baina Barrenetxea ere ez da kikildu eta gauzak zailen jarri zaizkionean, nekeak biei erasan dienean, bi paretako bikain eta dejada polit batekin berriz ere hartu du partidaren agintea, bere bigarren txapela eskuratu arte.

FITXA TEKNIKOA:

Urriza: 24

Barrenetxea IV.a: 30

Markagailua: 5-0, 5-4, 6-4, 6-5, 7-5, 7-7, 8-7, 8-9, 9-9, 9-11, 10-11, 10-13, 12-13, 12-14, 13-14, 13-17, 14-17, 14-21, 15-24, 19-24, 19-26, 23-26, 23-28, 24-28, 24-30. Sakeak: 4 eta 2 falta Urrizak eta 4 eta falta 1 Barrenetxea IV.ak. Tantoak: 16 Urrizak eta 22 Barrenetxea IV.ak. Hutsak: 12 Urrizak eta 6 Barrenetxea IV.ak. Gorabeherak: 600 pertsona, legeak baimendutako guztiak, eta giro bikaina Galarretan. Partida hasi aurretik Juan Pedro Ugarte, 44 urtetan Galarretan zestoak egin dituen saskigileri omenaldia egin zaio, bere amak txapela jarri dio eta berak bota du lehen sakea erabaki duen txapa.