Asier Aiestaran

Aimar Olaizolak asteazkenerako egin duen prentsaurreko deialdiak adi-adi ipini ditu zaleak

Aurrelari goizuetarra Joserra Garai Baiko enpresako zuzendariarekin agertuko da hedabideen aurrean Bilboko Bizkaia pilotalekuan. Pilota munduan ez dira ohikoak izaten mota horretako agerraldiak, eta pentsatzekoa da Olaizolaren agurrari buruzko xehetasunak emango dituztela.

Ia 42 urterekin, Caixabank Masterraren finalera sailkatu zen igandean Aimar Olaizola (Andoni CANELLADA / FOKU)
Ia 42 urterekin, Caixabank Masterraren finalera sailkatu zen igandean Aimar Olaizola (Andoni CANELLADA / FOKU)

Baiko Pilota enpresak deialdia egin die komunikabideei asteazken goizean Bilboko Bizkaia Pilotalekuan Aimar Olaizolak eskainiko duen prentsaurreko baterako. Deialdian zehazten denez, aurrelari goizuetarra Joserra Garai enpresako zuzendariarekin agertuko da hedabideen aurrean.

Pilota munduan ez dira batere ohikoak izaten mota horretako agerraldiak, eta horregatik, pentsatzekoa da Aimar Olaizolaren agurrari buruzko xehetasunak emango dituztela prentsaurreko horretan. Komunikabideetan gehiegi azaldu zalea ez den Joserra Garai ere bertan izateak ideia hori indartu egiten du.

Kontuan izan behar da Aimar Olaizolak 42 urte beteko dituela datorren azaroaren 13an, urte amaieran bukatzen zaiola Baikorekin duen kontratua eta, behin uda pasata, txapelketen garaia iritsiko dela esku pilota profesionalera. Azken urteetan, Aimarrek jada uko egin izan dio Lau eta Erdikoari nahiz Buruz Burukoari, eta Binakakoa jokatzen duten zortzi aurrelarien artean sartzea ere ez da erraza egoten.

Hala ere, Jose javier Zabaleta handi baten laguntzarekin Caixabank Mastersaren finalera sailkatzea lortu berri du goizuetarrak eta final hori datorren igandean jokatuko du Gasteizko Ogeta pilotalekuan.

Pilotazaleak, bada, Olaizola II.ak asteazkenean zer esango zain geratzen dira.