NAIZ

Bera Berak bolada ona luzatu nahi du Porriñon Europako erronka indarrez hartzeko

Cesareoren bajarekin aurre egin beharko du talde donostiarrak Porriñoko erronka. Lehen lau jardunaldietan lau garaipen eskuratu ostean, sailkapeneko gorenean kokatua dago Bera Bera –Rocasarekin berdinduta– eta asteazken honetako norgehiagokan ere garaipenerako faborito da. 

Laura Hernandez lehen lerroko jokalaria Valladoliden aurkako norgehiagokan. (Gorka RUBIO / FOKU)
Laura Hernandez lehen lerroko jokalaria Valladoliden aurkako norgehiagokan. (Gorka RUBIO / FOKU)

Bera Berak ligako bosgarren jardunaldiari egin beharko dio aurre asteazken honetan. Asteburuan European League txapelketako lehen kanporaketa jokatzen duela-eta, liga jardunaldia aurreratu beharrean ikusi da talde donostiarra. Porriño izango du aurkari (20.30etan) bertako udal kiroldegian eta bolada onari segida eman nahi dio igandeko erronkara ondo bidean iristeko –Paris 92 taldearen aurka jokatuko du Gascan, 12.00etan–.  

Bera Bera txapelketako liderra da, Rocasarekin puntuz berdinduta, aurreneko lau partidak irabazi ostean. Sant Quirze eta Teneriferen aurka etxetik kanpo irabazi zuen –Kanarietan nahi baino gehiago sufrituta– eta etxean Malaga eta Valladolid bezalako arerio arriskutsuak ere mendean hartu ditu. 

Talde galiziarrak garaipen bakarra eskuratu du jokatu dituen hiru partidatan –azken partida, Lanzarotekoa, bertan behera geratu zen–. Lehen jardunaldian eskuratu zituen bi puntuak Zuazoren aurka azken unean lorturik garaipen bati esker. Gainontzeko bi norgehiagoketetan porrot bana jaso zuen, Atletico Guardes eta Xixongo La Calzadaren aurkak, hurrenez hurren. 

Hasiera batean, Porriño jaitsiera saihesteko borrokan egotea aurreikusten da eta halaxe diote lehendabiziko emaitz hauek. Aldaketa asko jasan ditu udara honetan: Haridian Rodriguez fitxatu dute, hala nola Carolina Bona eta Micaela Casasola argentinarrak eta baita Maider Barros gipuzkoarra ere. Pasa den denboralditik mantentzen diren Tavares, Espiñeira, Samartin, Santome, Ayelen eta Carrera jokalariekin, «talde konpaktoa» osatzen duela iritzi du Bera Berak. 

Bera Bera eta Porriño ez ziren elkar gurutzatu pasa den denboraldi osoan eta beraz, bien arteko azken norgehiagoka pandemia aurreko garaian izan zen, konfinamendu gogorra iritsi baino hamar bat egun lehenago, alegia. 27-22 irabazi zuen partida hura talde donostiarrak. Are gehiago, Porriño bisitatu zuen azken aldia duela bi urte izan zen eta azken hamarkan lehiatu diren guztietan legez, gipuzkoarrak nagusitu ziren (23-32). 

Partida honeara, egoera «arraroan» iristen da Imanol Alvarezen taldea hala nola Porriño bera ere, ez baitu lehiatu irailaren 25etik. Bera Berak Cesareoren bajari egin beharko dio aurre, Espainiako selekzioaren deialdian min hartu ondotik –eskuin oineko iskion-tibia dauka minduta–. Bestalde, astearte honetan bertan batuko dira taldera selekzioekin aritu diren gainontzeko jokalariak – Maitane Etxeberria, Malena Cavo, Adriana Cardoso eta Mariane Fernandes, kasu– eta Imanol Alvarez entrenatzailea. Bera Berak Atletico Guardesen pabilioian burutuko du partidaren atariko lan saioa.