Meritu handiko berdinketa erdietsi du Bera Berak eta kanporaketa Parisen erabakiko da

Donostiarrek gogor estutu dute talde paristarra eta guztia azken txanpan erabaki da. Azken minutura erasoko jokaldiarekin iritsi dira etxekoak baina huts egin dute eta azken minutu erdian Paris 92-ren erasoa ondo defendatzea egokitu zaio. Niomblaren azken jaurtiketa defentsak kanpora bidali du. 

Mariane Fernandes izan da partidako golegile nagusia (6). (Juan Antonio GARAIKOETXEA / BERA BERA)
Mariane Fernandes izan da partidako golegile nagusia (6). (Juan Antonio GARAIKOETXEA / BERA BERA)

Bizirik dago Bera Bera. Bizirik iristen da Parisera baina indarrak ondo berreskuratu beharko ditu aste honetan Parisen kanporaketa bereganatu nahi badu. Benetan partida gogorra bizi izan da igande eguerdi honetan Jose Antonio Gasca kiroldegian eta donostiarrak bigarren zatiaren txanpa handienean aurretik joan badira ere, agerian geratu da paristarren kalitatea. Horrek, are meritu gehiago ematen dio berdinketari. 

Lehenengo zatian beti markagailuaren atzetik joan behar izan dute, korrontearen aurka borrokan, alegia. Mariane Fernandesek, partidako golegile nagusiak (6 gol) jaurtiketa indartsu batekin jarri du lehenengo berdinketa (7-7, 16. minutuan), baita bigarrena ere (13-13, 27. minutuan) eta partida are estuagoa bilakatu da. Bera Berak hiru aukera izan ditu markagailuan aurretik jartzeko baina huts egin du aukera guztietan, baita lehenengo zatiko 7 metroko jaurtiketa bakarrean ere (Cardosok zutoinera bidali du 28. minutuan). 

Hala, lehen zatiko azken erasoa huts egin da, 13-14 atzetik zirela ekin dute bigarren zatia. Lehen erasoan gol bat egitea funtsezkoa zitzaion Imanol Alvarezen taldeari eta halaxe erantzun du Sara Gilek, lehenengoan ez ezik bigarrenean ere asmatuz. 

Paris 92 taldeak makalago ekin dio bigarren zatiari –lehen minutuetan Nadia Offendal aulkian egoteak ere agian eragin du, bera izan baita iparrorratza–, edo beste irakurketa bat eginda: Bera Beraren defentsa hobeto egituratu da. Pare bat baloi galdu eta oraingoan, Bera Berak ez du hutsik egin, ez Polonioren bitartez ezta Cardosok 7 metroetatik ere. Hala, 20-18ko markagailua ezarri du talde donostiarrak, lehen aldiz bi goleko errenta aterata.

Nabarmentzekoa izan da Malena Cavoren partida ikusgarria. Lehen zatian Emma Boadaren freskotasunaz lagunduta –pozgarria da oso katalana halako maila onean egotea– eta bigarrengoan, bera munduaren kontra joanaz, zenbait goleko pase emateaz gain 7 metroetako jaurtiketak ere probokatu ditu. Horrek eman dio aire pixka bat taldeari, hala nola Maddi Aallaren pare bat geldituk ere. 

Nolanahi ere, Paris 92 taldearen aurka ezin da despistatu eta irakasgai hau ondo ikasita joan beharko dute hiriburu frantsesera. Izan ere, Mariane Fernandesen jaurtiketa bat ondo blokeatu eta beste baloi bat galdu bezain pronto, kanpokoek 23-23ko berdinketa egin dute partida bukatzeko 10 minutu baino gutxiago falta zela.

Gol bateko errenta baten alde, ondoren bestearen alde, halaxe iritsi dira azken txanpara. Bera Berak gogotik estutu behar izan ditu hortzak, are gehiago azken unean Sara Gil kanporatu dutenean –Gascan kexa asko eragin dituen erabakia, bide batez–. Azken minutura 27 goleko berdinketarekin eta aldeko eraso batekin iritsi da Imanol Alvarezen taldea baina huts egite handia eginez, partida irabazteko aukera eman dio Paris 92-ri.

Hutsartea eskatu du Yaine Messaoudi entrenatzaileak baina Bera Berak ondo txikitu du erasoko zelaia eta Niomblaren azken segundoko jaurtiketa defentsak kanpora desbideratu du. Meritu handiko berdinketa erdietsi du talde donostiarrak eta bizirik, oso bizirik, iritsiko da Parisera. Donostian egindako lana erabat borobildu beharko dute baina gaurkoz, nahiko egin dute kanporaketa gainditzeko ilusioa bizirik mantentzearekin.