Haritz Larrañaga

Euskal gazteak nagusi Europan: Gonzalez-Etxebarri eta Amatriain txapeldun

Janire Gonzalez-Etxabarrik eta Adur Amatriainek 2021eko Europako junior titulua irabazi dute. Janirek, Hossegorreko txapelketa ere irabazi du gainera. WSL Challenger Series lehiaketa abian da Hossegorren.

Janire Gonzalez-Etxebarri eta Adur Amatriain Europako junior mailako txapeldunak. (WORLDSURFLEAGUE.COM)
Janire Gonzalez-Etxebarri eta Adur Amatriain Europako junior mailako txapeldunak. (WORLDSURFLEAGUE.COM)

Euskal surflariak nagusitu dira Europako WSL Junior zirkuituan. Adur Amatriain zarauztarrak eta Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak irabazi dituzte 18 urtetik beherako titulu europarrak eta Euskal Herrian surfak etorkizun oparoa duela agerian utzi dute. Beraiekin batera, beste hainbat euskal lehiakidek ere maila altua erakutsi dute aurtengo denboraldian egin diren junior txapelketetan.

Pasa den astean Hossegor eta Seignosse artean egin zen Europako Junior Txapelketan eskuratutako emaitzen ostean etorri ziren txapelak. Zarauztarra finalerdietara iritsi zen eta mutilen kategoriako titulu europarra irabazteko behar adina puntu eskuratu zituen. Zumaiarrak, ostera, bi txapela irabazi zituen egun berean, batetik Europako Junior Itzuliko azken txapelketa, eta, bestetik, lortutako emaitzari esker, baita nesken Europako junior titulua ere.

Ordea, oraindik ez da amaitu ikuskizuna Hossegorren, izan ere, datozen egunetan Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa egingo da Landetako olatuetan. Nesken kategorian jada lehen txandak egiten ere hasi ziren, baina, aldiz, olatu eskasia dela eta, txapelketa eten behar izan zuten. Datozen orduetan emango diete bi kategoriei segida, betiere, noski, itsasoko baldintzen arabera.

Honako hauek dira Hossegorren lehiatzeko plaza eskuratu duten zortzi euskal surflariak: Andy Cirere eta Ruben Vitoria mutilen kategorian, eta, neskenean, ostera, Garazi Sanchez, Ariane Ochoa, Leticia Canales, Nadia Erostarbe, Janire Gonzalez-Etxabarri eta Pauline Ado.

Bi gipuzkoar nagusi

Hiru txapelketek osatu dute aurtengo Europako Junior Itzulia eta bi gipuzkoarrek eskuratu dituzte emaitza hoberenak, alegia, Janire Gonzalez-Etxabarrik eta Adur Amatriainek. Bi surflariek antzeko emaitzak eskuratu dituzte, bi lehiaketa irabazi baitituzte eta hirugarrenean finalerdietara iritsi baitira. 

Egun 17 urte dituen Amatriainek itzuliko lehen bi lehiaketak irabazi zituen, lehena ekainean, Frantziako ipar-mendebaldeko La Torche hondartzan, eta, bigarrena, uztailean, Galiziako Praia de Doniños hondartzan. Solik 15 urte dituen zumaiarrak, ostera, itzuliko bigarren eta hirugarren lehiaketak irabazi zituen, hau da, Galiziakoa eta pasa den astean Hossegorren egin zena; La Torchen, berriz, finalerdietara iristea lortu zuen.

Zinez aipagarriak dira ere Kai Odriozola donostiarrak eta Anette Gonzalez-Etxabarri zumaiarrak eskuratu dituzten emaitzak. Odriozola hirugarren postuan geratu da 2021eko Europako junior mailako rankingean, eta, Gonzalez Etxabarri, berriz, zortzigarren postuan; hori bai, 14 urte besterik ez dituela kontuan hartuta, emaitza aparta dela esan daiteke.

Juniorrak Hossegorren

Urriaren 15ean egin zituzten Europako Junior Itzuliko azken txapelketako finalak, ia ilunpean, biharamunean olaturik ez zela izango jakinda, egun osoan zehar egin baitzituzten mutilen zein nesken kategoriako txanda gehienak. Olatu txikiak izan ziren txapelketak iraun zuen artean, baina haizeak behintzat lagundu egin zuen eta uhinek forma polita izan zuten, nahikoa 18 urtetik beherako surflariek haien abilezia erakusteko. 

Hossegorren parte hartu zutenen lehiakideen artean Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko surflari andana izan ziren eta emaitzetan ere nabarmendu zen haien parte hartzea. Mutilen kategorian 96 lehiakide izan ziren eta finalerdietara hiru euskal surflari iritsi ziren. Nesken kategorian, ostera, 32 lehiakide izan ziren eta finalera iritsi ziren lau lehiakideetatik hiru euskal herritarrak ziren.

Zumaiako Janire eta Annette Gonzalez-Etxabarri ahizpak eta Juliette Lacome biarriztarra izan ziren nesken finalean. Janirek irabazi zuen txapela, bigarren postuan Aekan Vaast frantsesa geratu zen, eta, hirugarren eta laugarren postuak, berriz, Annette eta Julietterentzat izan ziren.

Mutilen kategorian, Sam Piter Hossegor bertako surflariak erdietsi zuen txapela eta bigaren postua Alfonso Antunes portugaldarrarentzat izan zen. Aurrez, finalerdietan, Adur Amatriain, Kai Odriozola eta Kepa Housset aritu ziren. Azpimarratzekoa da Bidarteko Kepa Housset surflariak sekulako maila erakutsi zuela Hossegorren. 

Kai Odriozolak egindako lana ere azpimarragarria da. Oso alde gutxigatik ez zuen lortu finalera iristea. Finalerdietan Odriozola kaleratu zuten Sam Piter eta Alfonso Atunes surflariek, soilik 0,06 eta 0,26 puntuko aldea atera zioten Donostiako surflari gazteari.

Challenger Series Hossegor

Hasi da Challenger Series itzuliko hirugarren txapelketa Hossegorren. Orain artean olatuak txikiak izan dira eta nesken kategoriako zazpi txanda egin ostean baldintza hobeak izan arte txapelketa etetea erabaki dute WSLko arduradunek. Gehienez urriaren 24ra bitartean luza daiteke munduko lehiaketa eta itsasoko iragarpenak ez dira oso onak datozen egunetarako. 

Mutilen kategorian mundu osoko 96 surflari ari dira lehiatzen Hossegorren, horien artean Ruben Vitoria zarauztarra eta Andy Criere hendaiarra. Nesken kategoria, berriz, 64 lehiakidek osatzen dute eta horietatik sei dira euskal herritarrak.

Pasa den larunbatean egin zituzten nesken kategoriako lehen txandak eta hiru euskal surflari itsasoratu ziren. Lehen txandan aritu ziren Janire Gonzalez-Etxabarri zumaiarra eta Garazi Sanchez-Ortun algortarra. Garazik aurrera egitea lortu zuen, ez aldiz Janirek.

Bigarren txandan Ariane Ochoa itsasoratu zen, duela egun gutxi Portugalen egin zen Challenger Series txapelketan finalerdietara iritsi zen bilbotarra. Olatuak oso txikiak ziren eta kaleratu egin zuten Ochoa.

Datozen orduetarako itsas iragarpena apur bat lausoa da. Gaur eta bihar hego haizea izango da eta olatuak txikiak eta narrasak izango dira. Asteazkenean itsasoak apur bat gora egingo du, baina haizeak aldakorra izaten jarraituko du. Ostegunean eta ostiralean olatuak handiak izango dira, baina mendebaldetik joko du haizeak eta itsaso zakarra izango da.