NAIZ

Hezkuntza eta burujabetza, Ernaik Gasteizen egingo dituen jardunaldien ardatzak

Unibertsitate ereduaren, hezkuntza eta burujabetzen arteko uztarketaren eta burujabetza prozesuen inguruko hitzaldi eta mahai-inguruak izango dira azaroaren 10 eta 11n Gasteizko campusean, Ernaik antolatutako jardunaldietan.

Gasteizko campusean aurkeztu zituen Ernaik jardunaldi berriak. (ERNAI)
Gasteizko campusean aurkeztu zituen Ernaik jardunaldi berriak. (ERNAI)

Ernaik Gasteizko campusean antolatu ditu «burujabetza jardunaldi nazionalak». Azaldu duenez, azaroaren 10 eta 11rako egitarau oparoa eskainiko du gazte antolakundeak, hezkuntzaren eremuan eta, zehazki, unibertsitateetan, bere eskaintza eta proiektu politikoa «zabaltzeko eta eztabaidatzeko».

«Burujabetzen inguruan hausnartu eta Euskal Herria herri burujabea izateko garatu beharreko tresna eta prozesuen inguruan jarduteko parada izango da baita ere», gaineratu du antolakundeak egitaraua osorik aurkezteko bidali duen oharrean.

«Eskaintza zabalaren artean azpimarratzekoak dira, besteak beste, Ernaiko kideek plazaratuko duten unibertsitate burujabe, publiko, komunitario eta euskualdun baterantz egin beharreko bidearen hausnarketa, Euskal Herrian ematen ari diren burujabetza prozesu formalen inguruko mahai-ingurua edota burujabetzaren ulerkera feministaren zein ekologistaren inguruko solasaldiak», adierazi du.

Gainera, estaturik gabeko nazioetako gazte eta ikasle antolakundeetako gonbidatuek ere parte hartuko dute jardunaldietan. Eta jardunaldiekin amaitzeko mobilizazioa izango da, ‘Larrialditik duintasunera!’ lelopean. Gauean eskaintza musikala izango da Gasteizko Gaztetxean.

Informazio guztia ernai.eus webgunean izango da ikusgai. Jardunaldietan parte hartzeko izen ematea beharrezkoa izango da eta webgunearen bitartez egiteko aukera izango da, baita campusetan egingo diren aurkezpen publikoetan ere.