NAIZ

Eric Zemmour eskuin muturreko polemistaren aurkako mobilizazioak deitu dituzte Biarritzen

Eric Zemmour, aldarrikatu gabeko frantses presidentetzarako hautagai eta eskuin muturreko polemista, Biarritzera etorriko da astearte honetan. Hainbat mugimenduk protesta ekimenak antolatu dituzte.

Eric Zemmour frantses presidentetzarako hautagai izan dadin kanpainaren afixak, Angelun. (Gillaume FAUVEAU)
Eric Zemmour frantses presidentetzarako hautagai izan dadin kanpainaren afixak, Angelun. (Gillaume FAUVEAU)

Eric Zemmour, aldarrikatu gabeko frantses presidentegai eta eskuin muturreko polemista bisitan izanen da astearte honetan Biarritzen. Bere liburua aurkeztera etorriko da eta dagoeneko protestak deitu dituzte kostako hirian.

«Bidegurutzean» izena duen birarekin jarraitzen du presidentetzarako aurrekanpaina guztiz baldintzatu duen Zemmourrek. Urriaren 26an, 18.00etan, bere liburua aurkeztuko du Biarritzeko Iraty erakustazokan.

Frantziar telebistan lortu duen gainproiekzioa baliatuz ‘La France n’a pas dit son dernier mot’ (‘Frantziak ez du bere azken hitza esan’) bere azken liburua aurkezteko bira zalapartatsua burutzen ari da besteak beste Petain mariskalak «frantses juduak salbatu zituela» adierazi duen Zemmourrek.

Polemista honek kolaborazionismoari buruzko berrirakurketa egiteaz gain behin eta berriro aniztasunaren aurkako aurreritziz eta mespretxuz beteriko mezuak zabaldu ditu.

Dagoeneko frantses justiziak herra delitua egotzita zigortu du Zemmour. Azkenaldian bere agerraldiak telebistan mugatu egin badituzte ere, CSA ikusentzunezko kontseiluak hala aginduta, dagoeneko bere agerraldiak eta adierazpenak aurrekanpainaren ardaz nagusia bilakatu dira.

Hautagai ez den arren sondeo guztietan bere izena buruko posizioetan agertzen da. Zalantzarik gabe, ultraeskuin ofizialaren eta eskuin klasikoaren eremuak aztoratu ditu polemistak.

Handik haratago, eztabaida politikoa guztiz desitxiratu du «ez hautagaiak» inposatu duen agendak. Hala, pandemiak azaleratu duen krisi sozialari erreparatu ordez kultur aniztasunari gaitz guztiak leporatzeko xedea duten mezuak hedabideen ohiko menua eta eztabadaida politikoaren ardatz bilakatu dira.

Eric Zemmourren argitaletxeak hasieratik sartu zuen Biarritz bere liburua aurkezteko hirien zerrendan. Bertze hainbat tokitan gertatu bezala, hainbat mugimenduk protesta ekimenak deitu dituzte bihar Biarritzera ultraeskuindarra ongi etorria ez dela adierazteko.

Sare Antifaxistak, les Bascos LGBT+ mugimenduak eta Euskal Herria Baik deialdi publikoak zabaldu dituzte azken orduetan sare sozialen bidez, urriaren 26an, 17.30ean, arrazakeria eta faxismoaren anti-baloreak ordezkatzen dituen Zemmourren bisitaren aurka protesta egiteko.