Dabid Lazkanoiturburu

Sahelean ere ez da giro Estatu frantsesarentzat

Itsas-bestaldean bezala, Estatu frantsesak ez ditu garai onenak bizi Sahelean. Yihadisten erasoak pairatzen dituzten Burkina Fasson, Nigerren eta Malin soldadu frantsesak alde egin dezaten protestak ugaltzen ari dira

Burkina Fassoko hiriburuan protestak.  (OLYMPIA DE MAISMONT-AFP)
Burkina Fassoko hiriburuan protestak. (OLYMPIA DE MAISMONT-AFP)

Burkina Faassoko Poliziak Gobernuaren eta Armada frantsesaren presentziaren aurkako manifestazioari eraso egin dio gaur gas negargarria erabiliz Uagadugu hiriburuan eta gutxienez zauritu bat dago.

«Nazkatuta gaude!», ohartarazi du «Burkina Fasso Gorde» mugimenduaren arduradunak, Henri Ouattarak. Dagoeneko Eddie Komboigo oposizio-buruaren babesa dute segurtasun eza salatzen duten protestek.

Alderdi yihadistek azken hilabeteetan ugaldu dituzten atentatu odoltsuak jendearen haserrea areagotu dute, batez ere azken hamarkadan Sahelean dagoen Armada frantsesaren aurka. Jende askoren ustean, egoera okertu baino ez du egiten Parisek.

Bitartean, Roch Marc Christian Kabore Burkina Fassoko presidenteak errepresioa erabiltzea eta internet sarea moztea erabaki du protestekin amaitzeko asmoz.

Nigerren ere blokeatuta

Nigerren ere ez dira ongi etorriak soldadu frantsesak. Burkina Fasson hainbat egunetan blokeatuta egon ondoren Malira zihoan konboi militarraren aurka egin dute manifestariek Tera herrian, Nigerreko mendebaldean, eta πoliziak gutxienez hiru hildako eta dozenaka zauritu eragin ditu.

Manifestari askok sinistu egiten dituzte soldadu frantsesek yihadisteei armak ematen dizkietela dioten zurrumurruak.  

Gobernu frantsesak Barjane (bere garaian Serval) yihadisten aurkako operazioaren murrizketa iragarri zuen ekainean. Egun 5.000 soldadu ditu Sahelean eta 2023rako erdira murrriztea aurrikusten du.

Baina gero eta aurkari gehiago ditu Burkina Fasson, Nigerren eta baita Malin ere. Ez ote du Armada frantsesak lehenago eta guzti aldegin beharko? AEBek Afganistanetik egin zuten bezala.