Istillartek belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi du eta ebakuntza egingo diote

Lapurtarrak ez du gehiago jokatuko aurtengo denboraldian belauneko aurreko lotailu gurutzatua apurtu ondoren. Naroa Uriarte taldekideak lesio bera sufritu zuen abenduan eta bigarren taldeko Alejandra Estefaniak abuztuan.

Istillart igandean lesionatu zen, Athleticek Levanteren aurka Buñolen jokatutako partidan.
Istillart igandean lesionatu zen, Athleticek Levanteren aurka Buñolen jokatutako partidan. (Athletic Club)

Sophie Istillarteren lesioak ez zeukan itxura onik eta, zoritxarrez, proba medikuek aurreikuspen txarrenak egiaztatu dituzte: Baionako erdilariak eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi du eta ez du gehiago jokatuko aurtengo denboraldian.

Igandean hartu zuen min, Levanteren aurkako norgehiagokan. Bigarren zatia hasi bezain laster, belaunean mina nabaritu eta zelaia utzi behar izan zuen Istillartek. Orain badaki emakumezkoen futbolean hain ohikoa den lesio larria duela eta, horren ondorioz, ebakuntza egingo diote hurrengo egunetan eta zazpi hilabete inguruko errekuperazioari ekin beharko diola.

Istillarten bigarren denboraldia da Athleticen kamisetarekin. Hendaia, Mariño eta Blanquefort taldeetatik pasa ondoren, Bordeleko Girondinsen eskutik egin zuen jauzia elitera. Bertan bost denboraldi eman ondoren, 2020an klub zuri-gorriarekin sinatu zuen bi urteetarako kontratua –ekainean amaituko dena, alegia–. Athleticekin 32 partida jokatu zituen bere lehen denboraldian eta, dagoeneko 10 jokatu ditu aurtengoan.

Istillartena ez da talde zurigorrian aurtengo denboraldian egon den lehen lesio larria. Naroa Uriartek eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen abenduaren 22an, entrenamendu batean. Klubak astearte honetan jakinarazi duenez, Bakioko defentsari otsailaren 1ean egingo diote ebakuntzateta, Istillart bezela, ezin izango du datorren denboraldira arte berriro jokatu.

Abuztuan, bestalde, lehen taldearekin denboraldi-aurrean entrenatzen ari zenean min hartu zuen Alejandra Estefaniak, bigarren taldeko jokalariak. Ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen. 

Realean Cecilia Marcos izan da bide neketsu berari ekin behar izan diona. Kasualiatateak nola diren, irailean San Mamesen jokatu zen derbian Naroa Uriarteren falta batean hartu zuen min aurrelari donostiarrak. Bere kasuan, ezker belauneko aurreko lotailu gurutzatua izan zen hautsitakoa eta, kirofanotik pasa ondoren, nekez ahal izango du partidaren bat jokatu denboraldia amaitu aurretik.