NAIZ

EAEko hamar langiletik zazpik luzatuta edo indargabetuta dauka lan hitzarmena

EAEko langileen %61,1, iragan apirila amaitzean, luzapen egoeran zeuden hitzarmenekin zeuden, eta %9,4, hitzarmenak bertan behera eta estaldurarik gabe. Urteko lehen lau hilabeteetan ia 20.000 pertsonek eguneratu dituzte lan baldintzak.

Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren aldeko protesta.
Bizkaiko Garbiketa Hitzarmenaren aldeko protesta. (Monika DEL VALLE | FOKU)

EAEko 368.778 langile (langileen %61,1), apirila amaitzean, luzapen egoeran zeuden hitzarmenekin zeuden, eta 56.952 langile (%9,4), hitzarmenak bertan behera eta estaldurarik gabe. Horrek esan nahi du, hainbat negoziazio prozesu irekita dauden arren, EAEko hamar langiletik zazpik hitzarmenak luzatuta edo indargabetuta dituztela.

Lan Harremanen Euskal Kontseiluaren azken txostenak jasotzen duenez, urteko lehen lau hilabeteetan ia 20.000 pertsonak eguneratu dituzte lan baldintzak, hitzarmenak erregistratu ondoren. Hitzarmen horietan, 2022rako, batez beste, %3,02ko soldata igoera aurreikusten da.

Soldata igoera hori ez dator bat Araba, Bizkai eta Gipuzkoako urte arteko KPIaren igoerarekin, apirilean %7,8koa izan baitzen.Aazpiko inflazioa (landu gabeko elikagaiak eta produktu energetikoak alde batera utzita), berriz, %4,3koa izan zen.

Aurten erregistratutako hitzarmenei aurreko urteetan sinatutako urte anitzeko indarraldia duten baina 2022ra arte indarrean dauden akordioak gehitzen bazaizkie, hitzarmen eguneratuak dituzten langileen kopurua 177.819 pertsonara iristen da (langileen %29,5), eta batez besteko soldata igoera %3,79koa da.

Hala ere, alde nabarmenak daude EAEn negoziatutako akordioen eta autonomia erkidego honetan eragina duten Estatuko akordioen artean. Izan ere, Araban, Bizkain eta Gipuzkoan indarrean eta negoziatuta dauden 15 sektoreko hitzarmenen eta enpresako 308 hitzarmenen batez besteko soldata igoera %4,92koa da, eta Erkidego honetan eragina duten Estatuko hitzarmenen kasuan, berriz, igoera %2,19koa da.