NAIZ

Bestak bizitzeko era berri bat proposatu du Nafarroako Gobernuak: parekidetasunean

‘Berridatz ditzagun jaiak’. Horixe da Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bitartez, udako jaietarako sentsibilizazio kanpainarako aukeratu duen leloa. Udalen esku jarri du kanpaina, eta besta giroan genero desberdintasunak areagotu egiten direla agertu du.

Pandemiak eragindako bi urteko etenaldiaren ondoren, bestak bizitzeko modu berri bat proposatu du Nafarroako Gobernuak: berdintasunean. Horretarako, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bitartez, sentsibilizazio kanpaina bat prestatu du. ‘Berridatz ditzagun jaiak’ du lelo, eta udalen esku jarri dute.

Kartela, bideoa eta sare sozialetarako materiala hartzen ditu barne kanpainak. Aurkezpen prentsaurrekoan azaldu dutenez, kartelean hainbat esku biltzen dira. Bakoitzak mezu bat darama: ‘Etxera itzultzean seguru sentitzea’, ‘Niretzako denbora izatea’, ‘Jazarpenik sentitu gabe gozatzea’, ‘Bai bakarrik da bai’ eta ‘Matxismoa soberan dago’. Bideoak desiratutakko egoera bat erakusten du: emakume bat seguru sentitzen da etxerako bueltan, bestak askatasunez disfrutatu ondoren.

Euskarri guztiak udalek erabiltzeko prest daude. 2019an, ospatu ziren azken udako jaietan, nafarren %90i zerbitzua ematen dieten 133 udal batu ziren kanpainara.

Konpromisorako deia

NABIko zuzendari kudeatzaileak, Eva Isturizek, parekidetasuna oinarri duen besta eredu berri baten alde konpromisoa hartzera deitu ditu nafarrak. «Jaietan, genero desberdintasunak areagotzen dira: erasoak, estereotipoak, gizonen nagusitasuna espazioetan, lanen eta zaintzen sexuaren araberako banaketa... », azaldu du.

Horregatik, jai eredu berri baterako bidean aitzinera eginen den konfiantza agertu du. Nagore Laffage eta La Manadaren erasoa jasan zuen emakumea izan ditu gogoan, eta nafarrek eman zuten erantzun eredugarria txalotu du.

Kanpainak emakumeen askatasunean eta mikromatxismoetan jartzen du arreta. Isturizek jai gune anitzak, parekideak eta seguruak defendatu ditu, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeak.

«Alkoholaren eta beste drogen kontsumoak desinhibitze efektu bat izan dezake, baina ezin da inoiz indarkeria edo emakumeak objektu sexual huts bezala tratatzea justifikatzeko erabili. Errespetuan oinarritutako jaiak nahi ditugu. Emakumeek etxera bakarrik eta nahi duten egoeran itzultzeko eskubidea dute», azpimarratu du.

Etxeko lanak banatzearen garrantzia

Bertzalde, Marian Garcia Emakumeen Partaidetza, Boteretze eta Herritarren zuzendariordeak mikromatxismoak aipatu ditu, gizon batzuek emakumeak kontrolatu edota manipulatzeko erabiltzen dituzten trikimailu eta amarru psikologikoak. Etxeko lanen banaketa parekidea izatearen garrantzia nabarmendu du, baita bestetan ere.

Nastaten Bizi Baldintzen inkestaren datuak eman ditu. Horien arabera, emakumeek egunero 43 minutu gutxiago dituzte libre gizonek baino aste tartean eta 65 minutu asteburuetan. Emakumeak etxeko lanekin zamatzen dira.