Arnaitz Gorriti
Interview
Iñaki Goikoetxea
Urdabaiko arraunlaria

«Betetzeko helburu zailak izan arren, ez diogu inori erraztasunik emango»

Hondarribia eta Donostiarraren atzetik, Urdaibai Eusko Label Ligako hirugarrena da. Astelehenean Lekeition Euskal Herriko Txapelketa irabazita, ilusioa berrituta daude Bermeon, lidertzatik banatzen dituen bost puntu horietara hurbiltzeko gai izango direlakoan. Getxon eta Lekeition ikusi beharko.

Iñaki Goikoetxea, «Bou Bizkaia» traineruko tostetan.
Iñaki Goikoetxea, «Bou Bizkaia» traineruko tostetan. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Arraun denboraldia atzo hasi zelakoan, eta zer da kontua eta erdialdera iristen ari da dagoeneko. Abuztua ate joka dugu eta asteburu honen ondotik, Getxoko eta Lekeitioko estropaden ondotik, Eusko Label Ligak bide hauetako bat hartuko du sailkapen nagusian: Hondarribiak aldea atera eta lidergoa sendotzea edo Donostiarra zein Urdaibairekin irteera jakinik ez duen ménage à trois batean murgiltzea.

Zazpi denboraldi pasa eman ditu Iñaki Goikoetxea arraunlari lekeitiarrak Urdaibain eta eskarmentuak esaten dio, hiru aldiz irabazi baitu Eusko Label Liga, oraindik ere dena dela posible. «2016an, abuztu erdialdera arte ez genuen sailkapeneko lidergoa hartu. Azken estropadetan ikusten da gure ontzia gorantz doala eta horrek konfiantza ematen digu, baina aurkariak direla, kaleak direla, estropada eremuak direla... aldagai asko hartu behar dira aintzat zer gertatuko den asmatzeko», dio arraunlari bizkaitarrak.

Sestaon eta Santurtzin oso lan ona egin zenuten, baina saria asteleheneko Euskal Herriko txapelketako garaipenarekin iritsi zitzaizuen.

Estropada bakoitzaren ostean analisia egiten dugu, eta gauza onak ateratzen ari direla bistakoa da. Asteburuan polito egin genuen arraunean nahiz eta irabazi ez, eta astelehenean aurreko egunetako gauza onei garaipena batu zitzaien. Ondo dago, baina ez zaio buelta gehiegirik ere eman behar.

Behintzat, asteburu honi begira baikorragoak izateko modua emango dizue, berdin Getxon nola Lekeition?

Iaztik hona aldaketa asko egin ditugu, eta gure prestakuntzan hasieratik konfiantza izanagatik ere, blokea sortzeko denbora behar da. Ez da lan erraza, gero lehiaketa ere hor dagoelako, baina bide onean gabiltza, jakinda arraunean aldagai askok hartzen dutela parte.
Bestalde, egia da asteleheneko emaitza hori ere behar genuela. Taldeak ilusio handia sortzen du, baina emaitzarik lortu ezean, burua bueltaka erraz hasten da. Buruak zenbat eta lan handiagoa egin, orduan eta gehiago kostatzen da emaitzak lortzea.

Tira, asteleheneko garaipena baino lehen, Galizian ere irabazi zenuten.

Bai, baina tarteka arraunean ondo aritu arren, beti «bainaren» bat atzematen genuen. Gerora, irabazi ez dugun arren, hoberantz egin dugu, nahiz eta tartean Orion trinkea apurtu edota Zierbenan eguna eta kalea txarrak izan.

Hala ere, sailkapenean hirugarren, Hondarribirengandik bost puntura.

Bai, baina hamabi estropadaren faltan, aldea da, eta tartean Donostiarra ere hor dago. Obsesionatu gabe, estropadaz estropada joatea dagokigu; ez gara Kontxara begira besterik gabe jarriko, jakinda, adibidez, 2016an Liga irabazi genuenean abuztu erdialdera arte ez ginela lidergoan jarri.

«Hau arrauna da eta arraunlarien indarra ez ezik, nabigaziorako, ontzia bideratzeari begira... jokatzeko aukera ematen du. Ez gara igerilekuko arraunlariak»

Estropadaz estropada joateko, Getxo eta Lekeitio dituzue begien bistan; Lekeition astelehenean gauzak ederto atera zitzaizkizuen.

Aurretik, baina, Getxokoa jokatu behar da eta estropada eremua aldatu egin dute. KAE Ligako bideoak eta abar ikusi ondoren, eremu polita dirudi. Lekeitio, bestalde, ezaguna dugu; nahiz eta zenbait kazetarik kaleen artean errekan baino alde handiagoak sortzen direla esan, hau arrauna da eta arraunlarien indarra ez ezik, nabigaziorako, ontzia bideratzeari begira... jokatzeko aukera ematen du. Mareek zeresana badute, olatua nondik datorren, haizeak... Ez gara igerilekuko arraunlariak eta uretako egoeraren arabera arraunean egin behar dugu.

Aldea dagoela esan arren, berdintasuna ere agerikoa da azken sailkapenetan.

«Hirugarren» talde horiek zeresan handia dute eta azken sailkapenera begira, are eta handiagoa izango dute. Esaterako, Oriok igandean, Santurtzin, sekulako estropada egin zuen: bigarren kaletik joanda ere gugandik bost segundo eskasera geratu zen.

Bestetik, Zierbenak bere ontzian sekulako «watio jaialdia» dauka eta asmatzen duen egunean, argi. Donostiarra bigarren izatea ez da sorpresa, banan banako arraunlariak izateaz gain, talde indartsua eratu baitute. Hondarribiak, berriz, astelehenean aldaketa batzuk egin zituen, Eusko Label Liga helburu... Aurkari guztiei zor diegu errespetua. Liga azkenerako luze egiten da, baina eguneroko lanean lehiaketa berehala pasatzen da.

Hala ere, diozunez, pazientzia landu behar duzue azkenean aukera izateko.

Betetzeko zaila den helburu baten bila goaz, baina gure aldetik ez diogu inori ere erraztasunik emango. Taldea sendotzeko bidean dagoela ikusten dugu eta horri ekin behar diogu, ia itsasoak non kokatzen gaituen azkenean.