NAIZ

Mexikon harrapatutako meatzarien familiek nazioarteko laguntza eskatu dute

Sabinaseko herrian, Coahuilan, Mexiko iparraldean harrapatutako hamar meatzarien senideek atzerriko erreskate zerbitzuen laguntza eskatu dute, agintari mexikarren jokaera salatzearekin batera.

Meatzean harrapatuta dauden langileen senideek prentsaurrekoa eman zuten larunbatean.
Meatzean harrapatuta dauden langileen senideek prentsaurrekoa eman zuten larunbatean. (Pedro PARDO | AFP)

Abuztuaren 3tik hamar meatzari harrapatuta daude ikatz meategi batean, Sabinasen, Mexiko iparraldean. Asteburu honetan emandako prentsaurreko batean, familien ordezkariek erreskate lanak motel doazela azaldu dute. Ez da aurrerapenik izan duela 11 egun meategia erori eta kolapsatu zenetik.

«Agintariek itxaroteko erraten digute, aunitz falta dela, gutxi falta dela, laguntza nahi dugu, nazioartekoa edo ahal den lekukoa, baina senideak ateratzen saia daitezela». Hala adierazi dio Gabrielek ‘El Sol de México’ egunkariari. Meatze barrenean dagoen langileetako baten, Margarito Rodriguez Palomaresen, anaia da bera.

Berdin mintzatu da meatzarietako baten emaztea: «Eurek ezin badute, bertze nonbaiteko laguntza nahi dugu (atzerrikoa)». Halaber, Andres Manuel Lopez Obrador presidenteari eskatu dio meatzera joateko.

«Gezurra da kontatzen ari direna»

Senideek kritikatu dutenez, sare sozialetan argitaratzen ari diren irudiek erreskatean aurrerapenak daudela adierazten dute, baina haiek ez dute kontakizun hori sinesten.

«Gezurra da. Lanean ari direla diote, baina hedabideei sartzen utziko baliete ez dela hala ikusiko lukete. Baina argazki bat ateratzen dute soilik. Alde egiten dute eta lanean ari direla argitaratzen dute, baina ez da inor lanean ari, senideak eta lagunak salbu», salatu du bertze senide batek, Claudio Mirelesek.

Agertu dutenez, erreskate zerbitzuek ur-ponpak itzaltzen dituztenez uraren maila igotzen ari da egunez egun. «Denbora pasatu ahala itxaropena agortzea nahi dute. Dagoeneko 11 egun iragan dira eta denbora horren erdian jada eginda egon beharko luke lanak», penatu dira.

Putzuetara sartzeko zailtasunak

Babes Zibileko koordinatzaile nazionalak, Laura Velazquez Alzuak, aitortu du erreskate lanetan zailtasunak izan direla putzuetara sartzeko. Bertzeak bertze, ostiralean ekaitz elektriko bat gertatu zen eta asteazkenean ebakuazio plana bertan behera utzi behar izan zuten kolapsatzeko arriskuagatik. Dron bat ere sartu zuten meatzea behatzeko.

Alabaina, Velazquez Alzuak ez du onartu ponpaketa lanak moteldu direnik, meatzarien senideek salatu duten bezala.

«Lanean jarraitzen dugu, ez gara gelditu, egunotan guztiotan horren berri ematen joan naiz», esplikatu du. Familiek bere dimisioa eskatu dute, ‘El Universal’ egunkariak jakinarazi duenez.