NAIZ

Zuazoko kapitain Alba Sanchezek meniskoan haustura du eta ebakuntza egingo diote

Alba Sanchezek kirofanotik pasa beharko duela iragarri du Zuazok ostegun honetan. Kapitainak kanpo meniskoan haustura du, aste honetan Quiron Ospitalean egin dioten frogen arabera. Pasa den denboralditik minarekin zegoen eta hau konpontzeko, ebakuntza egingo diote.

Alba Sanchez Porriñoren aurkako partidan.
Alba Sanchez Porriñoren aurkako partidan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Albiste eskasak pilatzen ari zaizkio Zuazori. Denboraldi hasi denetik garaipenik ospatu gabe jarraitzeaz gain –pasa den asteburuan Granollersen batutako puntua meritu handikoa izan zen–, arazo ekonomikoekin ere jarraitzen du Barakaldoko klubak, "Deporte Cien por Cien" webgunean Aingeru Astorkiza presidenteak berretsi legez. Hori gutxi ez eta orain, taldeko giltzarri den Alba Sanchez gabe aurre egin beharko dio denboraldiaren zati handienari.

Kapitainak belauneko molestia batzuk zituen pasa den denboralditik eta aste honetan Quiron Ospitaleko traumatologia arlora joan da frogak egitera. Froga hauek berretsi dute kanpo meniskoan haustura duela eta beraz, ebakuntza egin behar zaiola hau sendatzeko.

Ebakuntza urriaren 11n egingo zaiola adierazi du klubak eta errekuperazio denbora zehaztu ez badu ere, litekeena da 2022. urtea bukatu bitartean kantxetatik kanpo egn behar izana. Normalean, bizpahiru hilabete behar izaten da horrelako lesio bat osatzeko.

Aurtengoa andaluziarraren bosgarren denboraldia da Barakaldon eta Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzailearen sisteman, giltzarri bilakatu da. Denboraldi bukaeran NAIZi emandako elkarrizketan onartu zuen «pozik» eta «eroso» sentitzen dela klub bizkaitarrean.

Lau partida jokatu dira Ohorezko Mailan eta Zuazok puntu bakarra poltsikoratu du. Trakets hasi dute denboraldia, onartu behar den arren punta-puntako taldeen aurka neurtu dituztela indarra –Malaga, Rocasa eta Granollers, kasu–. Dena dela, liga 12 taldetara murriztu izanagatik, salbazioa are estuago egongo da eta, horregatik, hain zuzen ere izan zen lastima etxean Porriñoren aurka galdutako partida.