NAIZ

Ebanjelioa eta Neymar Bolsonaroren alde, sanba kariokako kulturgileak Lularen alde

Igandean ospatuko dira Brasileko hauteskundeak, eta geroz eta tentsio gehiago dago Bolsonaro eta Lularen arteko kanpainan. Brasileko herritar zein talde esanguratsuek beren babesa adierazi diote bati zein besteari.

Lula eta Bolsonaroen hauteskunde kanpainetako kartelak parez pare, Brasilen.
Lula eta Bolsonaroen hauteskunde kanpainetako kartelak parez pare, Brasilen. (Evaristo SA | AFP)

Hauteskunde bezperetan daude Brasilen, eta gizarteko zenbait talde zein herritar ezagunek Bolsonaro edota Lularentzat bozka eskatu dute. Eztabaida politikoetan ez ezik, kalean ere geroz eta handiagoa da dagoen tentsioa.

Luiz Inacio Lula de Silva iragartzen dute inkestek lehen itzuliko irabazletzat. Geroz eta gehiago dira bere alde hitza hartu duten brasildar ezagunak. Bezperetan egin den ekitaldi batean jaso du artista ospetsuen babesa, besteak beste: Brasileko Musika Herritarraren aitzindari izandako Caetano Veloso eta Gilberto Gil kantautore historikoak; Mark Ruffalo eta Danny Glover aktoreak; Pink Floyd taldeko Roger Waters; edota Pabllo Vittar drag brasildarra.

Samba karioka Brasilgo herri-kulturaren adierazpide handiena da, bertako identitate nazionalaren sinbolo bilakatu delarik. Eta azken egunetan mundu horretako kulturgileek Lularen aldeko bozka eskatu dute. Ekitaldi berezi bat egin zuten presidentegaiarekin berarekin eta beste hainbat artistekin. «Samba zapalkuntzari aurre egiteko modu bat da, herriaren ahotsa da. Eta Lulak herria ordezkatzen du», azaldu dute.

Akademia munduko Carlos Machado Brasilia Unibertsitateko Zientzia Politikoetako irakaslearen babesa ere jaso du, Joaquim Barbosa epailearenarekin batera.


Bolsonarok jarraitzearen alde

Aurkeztu den guztietan bezala, ebanjelioaren babesa izan du kanpaina guztian zehar Jair Bolsonarok. Eragin berezia du horrek Brasilgo gizartean, elizkoien bozka «gakoa» izan baita orain arteko Bolsonaroren garaipenetan. Tenplu ebanjeliko askotako arduradunak dabiltza beren babesa adierazten, beraien elizkizunetan bozka eskatuz. Horren adibide dira Valeria Messias eta Julio Cesar.

Brasileko Armadako kargu gorenek ere presidente ultraeskuindarraren alde egin dute. Horren isla da 1.500 militar hauteskundeetara aurkeztu izana. Hauteskundeetara aurkeztu eta bozka eskatu duten militar aberatsenen artean dago Eduardo Pazuello ezaguna.

Neymar futbolari ezagunak, selekzioko izar handienak, sare sozialetako bideo baten bidez, eta dantzan, eskatu du egungo presidentearentzat bozka. «Bozkatu, bozkatu eta baieztatu. 22 Bolsonaro da», esanez. Soberan da esatea izugarrizko hedapena izan duela mezuak. Ronaldinho eta Rivaldo jokalariek ohiek botupapera bera hartuko dute igandean.