Andoni Arabaolaza

Chumbu mendiaren mendebaldeko horma lehen aldiz igo dute

Zdenek Hacek Hak, Radek Groh, Petr Kejklicek eta Jaroslav Bansky izan dira protagonistak. Bide berriari “Zapelatzaren azken hegaldia” izena jarri diote, eta MD+ maila du. Laukoteak muturreko jaitsiera egin zuen.

Himalaiako udazkeneko denboraldiaren azken aleak iristen ari dira. Eta horien artean, Chumbuko (6.859 m, Nepal) mendebaldeko horman egin den jarduerak berezko tokia du. Murru horren lehen igoera izan da. Zdenek Hacek Hakek zuzendutako espedizioan lau alpinistak parte hartu dute: Radek Groh, Jaroslav Basnky, Petr Kejklicek eta Juraj Korenek. Alabaina, azken hori espedizioa hasi bezain pronto erretiratu zen dengeak jota. Hakek, berriz, zorte handiagoa izan zuen; izan ere, birus bera harrapatu, osatzeko aukera izan eta bat egin zuen bere taldekideekin.

Eskalatutako “Zapelatzaren azken hegaldia” bidearekin (MD+) laukoteak seimilako horrek zintzilik zuen xede bat amaitzea erdietsi du. Nahiz eta lan eskerga egin zuten, igoerak ez zien buruhauste handirik eman. Bai, ordea, jaitsierak: baldintza oso kaskarrak izan zituzten, galduta ibili ziren, bi kidek izozketak izan zituzten, bibak bat egin zuten…

Hurrengo lerrootan espedizioaren buru Hakek luze eta zabal hitz egingo digu Nepalgo mendi horretan bizi izan zuen eskarmentuaz.

Chumbu mendian, omenaldia

«Iragan udaberrian Jarda Bansky eta biok Kanghung Shar mendia eskalatzen izan ginen. Mendiaren goi-ordokian, ezustean, dendari argazki bat atera nion. Etxera itzuli eta irudi bera ikusi nuenean, ohartu nintzen dendaren atzean mendi eder baten mendebaldeko horma zegoela. Hainbat lekutan arakatu ondoren, deskubritu nuen mendi hori, Chumbu (6.850 m), igo gabe zegoela. Gailur horretatik gertu Adrien eta Patrick Wagnon egon ziren 2016. urtean. Hego-mendebaleko zutoina eskalatu zuten, baina 6.750 metrora zirela atzera egin zuten.

«Argi dudana da mendebaldeko murru hori ederra dela eta eskaladarako aukera bikainak eskaintzen dituela. Hori zen geure helburua! Juraj Korenek gurekin bat egin zuen. Eskalatzailea izateaz gain, parapentean eskarmentu handia du. Murruaren orientazioa kontuan hartuta, espedizioa udazken honetarako antolatu genuen. Azkenean bost kidek osatu genuen taldea; izan ere, Petr Kejklicek eta Radoslav Groh batu ziren.

«Girora egokitzen ari ginela, Juraj eta biok gaixotu ginen. Bitartean, gure kideek fase horrekin jarraitu zuten. Pixkaka osatzen hasi nintzen, eta kanpaleku nagusira heltzeko zeharkatu behar nituen bi glaziarrak bakarrik egin nuen. Kanpaleku horretara iritsi baino lehen, aklimatatzeko fasea indartzeko gau bat egin nuen ibilbidean. Biharamunean, Gaunara glaziarrean nire kideak zain nituen. Juraj-i buruz galdetu zidaten, eta nik erantzun gaixorik jarraitzen zuela eta helikopteroz Katmandura eraman zutela.

«Hurrengo egunetan girora egokitzen zein eskalatu behar genuen pareta aztertzen jardun genuen. Nahiz eta nire osasun egoera egokiena ez zen, laurok ala laurok urriaren 20an gure xedeari ekitea erabaki genuen. Bi sokadatan banatu ginen; Jarda eta biok soka gerrira lotu ginen.

«Lehen bibaka 5.700 metrora egin genuen; hots, hormaren azpian. Lehen eskalada egunean baldintza onak aurkitu genituen, eta arazorik gabe lehen luze teknikoaren aurrean jarri ginen. Pareta tente arte, ensamblean igo ginen. Sekzio horretan izotzak baldintza oso aldakorrak zituen. Elurra eta izotza nagusi ziren, eta bat-batean serac baten aurrean jarri  ginen. Arratsaldeko ordu biak zirela, bibaka egiteko leku eroso bat aurkitzen hasi ginen. Artesi eta serac batzuk saihesteko, diagonalean rappelatu genuen. Zorionez, kide batek izotzezko kobazulo dotore batekin topo egin zuen. Ordubeteko lanaren ondoren, dendak altxatzeko bi erlaitz prestatu genituen.

«Oso hotza izan zen gaua, eta biharamunean ez genuen batere gogorik lo-zakuetatik irteteko. Baina gure asmoa egun horretan tontorra egitea zenez, goiz altxatu ginen. Bezperako joera berarekin jarraitu genuen: izotza eta elurra. Oso azkar gindoazen, eta ohartu gabe aurreikusitako ibilbidean nahastu ginen. Bat-batean egoera oso bitxia bizi izan genuen: blokeatuta geunden. Gainera, aurretik zeuden gure kideek izotz puska handiak bota zituzten. Eta oso gutxigatik bada ere, arrisku horretatik kanpo geratu ginen.

«Rappel bat egin ondoren, lagunek bat egin zuten gurekin. Ezker aldean zegoen korridore batean sartu nintzen; erraza zirudien. Nolabaiteko bilera bat atondu nuen bi pioletekin eta nire gorputzarekin, eta ia segurtasunik gabe nire sokakideak oso tenteak ziren aldats ezegonkorrak gainditu zituen. Beste luze bat eskalatu eta gero, mendiaren sorbaldara iritsi ginen. Hain zuzen ere, hor bertan azken gaua igaro genuen. Gailurretik 80 metrora geunden.

«Presarik gabe, biharamunean, goizeko 8:30ean gailurrera abiatu ginen. Hotz handia egin zuen: -25º. Jarda eta biok izan ginen lehenak ateratzen, eta horri esker Chumbuko tontorra zapaltzen munduko lehen alpinista bihurtu nintzen. Egundoko ohorea izan zen! Ondoren, nire kideak heldu ziren; den-denak pozarren ginen. Gainera, haizerik gabeko eguraldi epela egin zuen. Ordu erdi baino ez genuen egin tontorrean.

«Alpiniston artean maiz aipatzen dugu benetako arrakasta dela kanpaleku nagusira onik heltzen zarenean. Eta adierazpen horrek indar handia hartu zuen gure jaitsieran. Ibilbide hori ez genuen ezagutzen, eta, gainera, oso zaila izan zen. Lehen 300 metroak oso desatseginak izan ziren. Elur sakonari eta txarri egin behar izan genion aurre. Jaitsiera hori oso arriskutsua zenez, ertz batera igo ginen. Oso zorrotza zen.

«Une jakin batean erabat galduta geunden; izan ere, ibilbide egokiena ez genuen aurkitu. Ertz horretan ginela, laurok erabaki genuen goi-ordokira rappelatzen jaitsiko ginela. Horietako batzuk egin eta gero, ohartu ginen elurraren baldintzak oso-oso eskasak zirela. Elur hori gogor zedin, beste bibak bat egitea otu zitzaigun. Bederen, Pumori, Everest, Lhotse eta Nuptse mendien ikuspegiak ederrak baino ederragoak ziren.

«Jardueraren azken egunean, ertzak zituen dorreak gainditu, rappel batzuk egin eta arrokazko tarte baten aurrera iritsi ginen. 60 metroko beste rappel bat egin nuenean, erabaki nuen parabolt bat jartzea. Hego isurian geundenez, eguzkiak aldats guztiak asko berotu zituen. Arriskua oso handia zen. Saiatu ginen ahalik eta azkarren jaisten, baina Petr-ek oinetan izozketak zituen eta ezin zuen aurrera egin. Azkenean, erreskate dei bat egitera behartuta egon nintzen. Helikopteroak saio bat baino gehiago egin zituen kidea ebakuatzeko, baina haize boladek atzera egitera behar zuten.

«Hala nola, jaitsierarekin jarraitu genuen. Gauarekin batera tenperatura asko jaitsi zen: -10º. Lobuche herrixkara gaueko hamarretan iritsi ginen. Nire kideak beste egun bat behar izan zuen. Petr eta biok izozketak genituenez, biharamunean Katmandura ebakuatu gintuzten. Eskalatutako bideari “Zapelatzaren azken hegaldia” izena jarri diogu. Horrekin iaz Tatra mendietan zendutako Andrzej Sokolowski kidea omendu nahi izan dugu».