‘Kings League’, Ligarekin lehiatu nahi duen Pique eta Ibai Llanosen proiektuaren argilunak

Erretiratutako eta laugarren kategoriako jokalariak Gerard Piquek eta Ibai Llanosek abiatutako ‘Kings League’ proiektu berrian biltzen dira. Lehen jardunaldietako partidek milioi bat ikusle inguru bildu dituzte, nahiz eta zaila dirudien Ligarako lehiakide serio bihurtzea.

«Enigma 69» izan da ‘Kings League’-rako apeu handienetako bat.
«Enigma 69» izan da ‘Kings League’-rako apeu handienetako bat. (KINGS LEAGUE)

‘Kings League’ kirolari ohi eta youtuber batzuen sare sozialetan pil-pilean dagoen kirol eta komunikabide-proiektu berria da. Txapelketa honen jarraitzaileek –baita sortzaileetako batzuek ere–pentsatzen dute ‘futbol 7’ liga hori Profesionalen Futbol Ligarekin zuzeneko lehiakide izan daitekeela epe laburrean. Baina, nor dago proiektu honen atzean? Eta, benetan bilaka daiteke mehatxu Liga ahalguztidunarentzako?

‘Kings League’-aren atzean kirolaren eta Interneten munduan oso ezagunak diren izen batzuk daude, FC Barcelona taldeko jokalari ohi Gerard Pique buru. Proiektuaren parte dira, halaber, Iker Casillas eta Sergio ‘Kun’ Agüero jokalari ohiak, Ibai Llanos Spursito edo DJ Mario «eduki-sortzaileak» eta Gerard Romero kazetaria, besteak beste.

Jokalariei dagokienez, bi multzotan bereiztu behar dira. Talde bakoitzak gutxienez zortzi jokalariz osatutako plantilla «finkoa» du. Berritasuna, eta agerikoa dena, antolatzaileek espektatibak sortzeko astero erabiltzen duten osagaia, jokalari «gonbidatuak» dira. Lehenengo bi jardunaldietan, ‘Kings League’-etik pasatu dira Ibai Gomez bilbotarra, Joan Capdevila, Ruben de la Red, ‘Chicharito’ Hernandez, Javier Saviola, Sergio Garcia, Javi Chica, Didac Vila edota Joan Verdu, denak ere Lehen Mailan ibilitakoak eta nazioarteko futbolean esperientzia dutenak.

«Enigma 69» delakoarekin piztutakoa tresna honen adierazgarria da: atzean Eibarren ibilitako Nano Mesa baino ez zegoen, itxuraz, baina ikusmina sortzea da gakoa, nola edo hala

 

Multzo honetan aipamen berezia merezi du «Enigma 69»ren kasuak. Piquek lehenengo jardunaldiaren erakargarri nagusitzat jo zuenea, lehen mailako jokalari aktiboa zela esan zuen, 30 urtetik beherakoa, eta horregatik mozorroarekin jokatu behar zuela. Fisikoan eta gorputzeko zenbait xehetasunetan oinarrituta (lepoko tatuajeak, adibidez), sare sozialen erabiltzaileek berehala sumatu zuten Nano Mesa zela, eta Ibai Llanosek teoria hori egiaztatu zuen, akats baten ondorioz, zuzeneko batean.

Kontua da Mesa talderik gabe dagoela joan den udan Cadizekin kontratua amaitu zuenetik, azken denboraldia Zaragozaren elastikoarekin jokatu ostean. Lehen Mailean Eibarren taldean izan zen 2016-17ko denboraldian, nahiz eta Bigarren Mailako taldeetan egin duen bere ibilbidearen zatirik handiena. ‘Kings League’-n egindako lana «tamalgarria» zela esan zuten ikusleek ia aho batez, baina ordurako ibili bazen trikimailua. Izan ere, ikusmina sortzea da gakoa.

'Kings League'-n presidenteen «batzordea». (KINGS LEAGUE)

«Ea nork ikusiko duen igandean Rayo-Betis edo Sevilla-Getafe bat ‘Kings League’-aren ordez», esan zuen taldeetako lehendakarietako batek Piquek ‘Enigma 69’ honen parte-hartzea iragarri zuenean. TVTOPeko datuen arabera, ‘Kings League’-eko bigarren jardunaldiak 558.000 ikusle izan zituen batez beste, eta 945.000 ikusle «urrezko minutu» batean. Datu ikusgarri horiei ñabardura bat jarri behar zaie Ligako edozein partidarekin alderatu aurretik: Interneten doan ikus daitekeen lehiaketa bat da, eta gaztelaniaz hitz egiten duten herrialde guztietan eskuragarri dago.

Ligako presidenteak berak, Javier Tebasek, ironiaz mintzo da ‘Kings League’-ek ekar lezakeen lehiari buruz. «Zirku» gisa gustatzen zaiola esan du, baina futbolaren industriarekin konparaezina dela erantsiz: «Futbola ezin dela ‘Pasapalabra’rekin alderatu, nahiz eta programarik ikusiena izan».

Oraingoz, zaila dirudi laugarren eta bosgarren kategoriako jokalariek, erretiratutako jokalariekin batera, futbol profesionala estutzea. Baina ‘Kings League’-ek erakuts diezaioke Tebasi, eta jende askori, batez ere gazteak futbolerako berreskuratu beharra dutela, zenbait aldagai direla-eta nabarmen aldentzen ari direlako. Audientziak demokratizatu eta garai berrietara egokitu beharko dira akaso.

eSports-en garrantzia

Paraleloki, eSports direlakoen (liga formatuen bidez garatzen diren bideojokoen) hazkundea begibistakoa da. Eta Pique eta Agüerorekin gertatu den bezala, zenbait futbolariren arreta bereganatu du. Euskal Herrian adibide nagusia Osasunako jokalari den Ruben Garciarena da, eSports-en Guasones taldearen zuzendari nagusia baita. Orain Jon Moncayola, hau ere jokalari gorritxoa, batu zaio proiektuari.

Bitartean, e-Sportsen hazkundea nabaria da eta zenbait futbolariren arreta ere piztu du (Ruben Garcia eta Moncayola kasu). FIFA jokuek, bestalde, 350 milioi ale saldu dituzte hiru hamarkadotan

 

Azken datuen arabera, gaur egun munduan 454 milioi ikusle dituzte kirol arloko bideojoko antolatu hauek. Estatu espainolak horien %4a biltzen ditu. Bertan, 2019. urtean 600 lagun aritzen ziren honetan profesional gisa, baina pandemiaren ostean kopuru hori biderkatu dela antzeman daiteke. 2020ko konfinamenduaren garaian kirol jarduna eten zenean telebista bidez eman ziren lehiaketa batzuk, ikusle asko bilduz eta s-Sports hauen zabalpena azkartuz.

FIFA bideojokoaren arrakasta du oinarri eSportsen garapenak. Azken hiru hamarkadotan 350 milioi ale saldu dira, formatu fisikoan edo digitalean, eta soberan da esatea gazte eta ez hain gazte diren askorentzat berdegunean jokatzen den futbola baina erakargarriagoa dela.