NAIZ

945.000 eurotan salgai den etxearen salmenta salatzeko mobilizazioa egin dute Saran

«Espekulaziorik ez, herriak bizi behar du» lemapean, ehundik gora herritar elkartu dira Saran etxe baten salmenta espekulatiboa salatzeko. Iaz 140.000 eurotan erosia, 945.000 eurotan salgai ezarria izan baita eraikina.

Sarako herriko plazan amaitu zen espekulazioaren kontra, urtarrilaren 21an, antolaturiko protesta ekimena. (Patxi BELTZAIZ)
Sarako herriko plazan amaitu zen espekulazioaren kontra, urtarrilaren 21an, antolaturiko protesta ekimena. (Patxi BELTZAIZ) (Patxi BELTZAIZ)

Urtarrilaren 21ean larunbatarekin, ehundik goiti lagun karrikara atera ziren Sarako herrian 945.000 eurotan salgai den etxearen salmenta salatzeko. Presioaren ondorioz, eraikinaren jabea manifestariekin bildu zen salneurria 720.000 eurora apaltzea onartzen zuela jakinarazteko. Alta, diru kopuru hori handiegia da elkarretaratzearen antolatzaileen ustez, etxea dagoen lurra duela urtebete 140.000 eurotan erosi baitzen eta eraikitzearen kostua ez baita 300.000 euro baino gehiagora arribatzen..

Battitt Laborde Sarako auzapezak egun batzuk aitzin Kazeta.eus atarian azaldu zuen etxe horren salmentaren bilakaera. «Hemen bizitzeko asmoz egiten zuten, baina, bistan dena, espekulazioan sartzeko asmoa zuten eta ez besterik».

Sarako herriko plazan amaitu zen mobilizazioan antolatzaileen izenean, Ellande Alfarok adierazi zuen etxe horren salmenta egoera orokorrago baten salaketa egiten hasteko abiapuntu gisa kokatu nahi zutela. Talde bat osatzeko asmoa dutela erran zuen, «Sara mailan egoera hau salatu, presioa ezarri eta konponbideak atzemateko».

Mobilizazio gero eta zabalagoa

Ekimen horren bidez Sara beste hainbat herritan suspertu den espekulazioaren kontrako mugimendura batu da. Hainbat auzi zabalik daude Ipar Euskal Herrian, delako etxebizitzaren prezioen emendaketa salatzeko delako laborantza lurra espekulazioaz babesteko.

Batzuk soilik aipatzearren, Kanbon hilabeteak daramate Marienia eremuko laborantza lurretan etxebizitza multzoa eraikitzeko egitasmoa salatzeko. Iragan abenduaren 17an etxebizitza horiek salgai dituen higizienen agentziak Angelun duen bulegoan sartu ziren hainbat ekintzaile, maketa lurraz estali zutela.

Egun batzuk lehenago, abenduaren 4an, Xiberoko Espekulazioaren Kontrako Kolektiboak 80 pertsona inguru elkartu eta etxe bat okupatu zuen sinbolikokin Etxebarren.

Finean, ELB sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak Arbonako laborantza lur saila salbuan emateko buru-belarri borrokan jarraitzen dute. Urte hondarrean Pariseraino eraman zuten kexa laborariek, balizko erosleengana bertaratuz.

Hori gutxi balitz molde berean, hau da Safer egituraren esku-hartzea ekiditea ahalbitzen duen lege zirrikitua baliatuz, beste salmenta bat oztopatu dute, hilabete honetan bertan, Bidarrain.